argia.eus
INPRIMATU
Enplegu ezegonkorra eta babes sozialik eza
Juan Mari Arregi 2014ko abenduaren 11

Espainiako Gobernuak, baita Gasteiz eta Iruñekoek ere, oso baikor baloratu dituzte azaroko enpleguaren sorrera datuak. Baina objektibotasunez eta zehatz-mehatz aztertzen baditugu, ez dira etxafuegoak botatzeko modukoak. Sortutako enpleguak kalitate baxua du, ezegonkorra da, behin-behinekoa eta ordu gutxi batzuetarako baino ez diren kontratuak biltzen ditu batez ere. Langabetuek gero eta babes sozial gutxiago daukate, eta beti gertatu izan den bezala, emakumeak eta gazteak dira paroa gehien jasaten dutenak. Espainiako Estatuan Gizarte Segurantzara izena emandakoak 5.232 gehiago dira eta 14.668 langabetu gutxiago daude, 4,5 milioi osotara. Espainiako Estatuan kotizatzen dutenen azaroko gorakadak gizonei baino ez die eragin ordea (7.165 gehiago), emakumeak kaltetuta atera dira (1.932 gutxiago).

Hego Euskal Herriaren kasuan, 1.606 pertsonatan gutxitu da langabezia; 216.235 lagun daude lanik gabe. Lan kontratuen kopuruak baina, goitik oso behera egin du: 24.743 kontratu gutxiago sinatu dira. Kontratazio mugagabea %31,73 jaitsi da. Hala, 2008ko urtarrila eta azaroa artean 91.702 kontratu mugagabe sinatu ziren; aurten berriz, epe berean 62.600 baino ez dira izan. 2014an sinatutako kontratuen ia %94 ezegonkorrak dira. Langabetuentzako babes sozialik ezak 119.560 pertsonari eragiten dio, hau da, lanik gabe daudenen %54,88ri. Horrek esan nahi du milaka lagun horiek ez dutela inolako prestazio ekonomikorik jasotzen. Langabezian dauden lautik bakarrak baino ez du jasotzen ordaindutakoaren araberako prestazio bat.

Testuinguru hori ikusita, beharrezkoa da gobernuek kalitatezko enpleguaren sorrera sustatzea eta emakumeen eta gazteen artean enplegua indartzea. Era berean, epe luzean langabezian daudenentzako politika sozial eta zerbitzu publikoetan inbertitu behar da. Ustelkeria, iruzurra eta paradisu fiskalak ezabatuko lituzketen politika irmoek inbertsio hori egiten lagunduko lukete.