argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk eta EAJk ere Zumarragako erresonantzia unitate euskalduna eskatu dute
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko abenduaren 11

Zumarragako ospitalean erresonantzia unitate berria abian jartzekoa zen abenduaren 9an. Betiko urratsak egiten badira erresonantzien txostenak gaztelaniaz baino ez dira egongo, eta litekeena da langileak euskaldunak ez izatea. Aitor Montes medikuak euskarazko txostenak lortzeko abiatutako borroka legebiltzarrera heldu da.

Erresonantzia unitateak Osatek-ek kudeatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoak. Aitor Montes Aramaioko familia medikuak eskuetan duen informazioaren arabera, erakunde publiko horrek kudeatutako erresonantzien txosten guztiak gaztelaniaz egin dira. Osatek Areetan eta Areilzan (Bilbon), Galdakaon, Txagorritxun, Donostian eta Santiagon dago. Zumarragako unitatea ireki berri da eta Montesen ustez, errazagoa da lehendik dagoen egitura bat euskalduntzen hastea baino berria euskaraz abiatzea.

Horregatik, azken egunotan, UEMAk eta Mankomunitateko kide diren Goierri-Urola Garaiko eskualdeetako udalek zerbitzua euskaraz abiatzeko eskaera egin dute. UEMAko lehendakariak eta hainbat alkatek Osatek-eko zuzendari kudeatzaileari bidalitako gutunean Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuaren hitzak ekarri dituzte gogora: “Osakidetzara doazen herritarrei erosoena eta errazena zaien hizkuntzan komunikatzeko aukera ziurtatzea funtsezkoa da osagile-paziente eta familiaren arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko”. Goierrin eta Urola Garaian UEMAko kide diren hamar herri daude, alegia, biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak dira ondoko herrietan: Arama, Altzaga, Itsasondo, Zaldibi, Gaintza, Ezkio-Itsaso, Segura, Zerain, Azpeitia eta Beizama.

UEMAren eta UEMAtik kanpo dauden hainbat udalen eskaeraz gain, EH Bilduk eta EAJk legebiltzarrean Zumarrago unitate berriak herritarrak euskaraz artatzeko urratsak emateko eskaera egin dute. Erresonantzia unitatean lau motatako lanpostuak izango dira: erradiologoa, teknikaria, laguntzailea eta idazkaria. Lanpostuotan ez da derrigorrezkoa euskara jakitea, eta gehienez ere 5 puntu lortu ahal izango ditu euskara dakien hautagaiak.

Erresonantzia unitatea euskaraz abiatzeko aldarrikapena Aitor Montes Lasarte Aramaioko familia medikuak abiatu du. Mediku horrek, duela gutxi, Aramaion, Arrasateko Erradiologia Zerbitzuarekin batera, ekografiaren txostenak ele bitan izatea lortu zuen.