argia.eus
INPRIMATU
Astea eta jaia berdintze bidean
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2014ko abenduaren 11

Azaroak 29 egun ditu, larunbata da, egun handia Iruñean: San Zernin patroiaren festa. Hala ere, garai batean ez bezala, denda asko irekita daude: merkatari txiki ugarik irekitzea erabaki dute, azalera handiko merkataritza-guneen eta marka handien bultzadaren pean eta krisiak behartuta. Udal-merkatuek beraiek ateak ireki dituzte, eta haietan salmenta-postua dutenetatik gutxi batzuek bakarrik egin diote muzin irekitzeari. Zabaltzea erabaki dutenen xede nagusia ez da asko saltzea, baizik bezeroei atsegin ematea.

Dendariak ez dira, ordea, Iruñeko patroiaren festan lan egiten ari diren bakarrak: gure etxe ondoko etxabe batean, obretan ari dira eraikuntzako langile batzuk.

Hurrengo eguna ere festa da, igandea, baina gure etxe ondoko etxabean, osasuneko aseguru-etxe baten bulegoetan, obretan segitzen dute: gure kale beti zaratatsuan –non igartzen baitugu igandea dela ibilgailuen burrunbaren ordez kanpaien hotsa entzuten dugulako–, mailu pneumatiko baten durundak kolpatu dizkigu belarriak igande honetan.

Mailuaren zarataren eraginpean, jakin-mina piztu zait: zertan arituko dira halako igande batean Alemaniako Friburgo Breisgau hirian? Hura bisitatzean, iazko abuztuan, igandearekin, deigarria egin zitzaidan bertako isiltasuna, karrankarik gabeko giro barea, tranbiek, kanpaiek eta espaloien pareko erretenetako ur-jarioaren marmario leunek baino ez hautsia. Milaka bisitari ginen han, eta hiria goizean goiz hartua bagenuen ere, dendek itxita zirauten, ohiko salbuespenekin: jatetxe, taberna eta kafetegiak. Han ez omen du balioko gure artean igande eta festa egunetan dendak irekitzeko zenbaitek erabiltzen duten argudioa –oi, turistak, zer egingo dute koitaduek, gure kaleetako dendak itxita aurkituz gero?–.

Hemen, berriz, gero eta arruntagoa da festa-egunetan jai ez egitea garai batean festak gordetzea ohikoa zuten sektoreek. Ordutegien liberalizazioaren alde daudenek diote lanegunak eta festak berdinduta kontsumitzaileok irabazten dugula: noiznahi eta nonahi zernahi eros dezakegula. Esan gabe iradokitzen digute horrela zoriontsuago-edo biziko garela. Proposamen tranpatia iruditzen zait, eta ameskeria –baita erosketetan murgilduta pozik ibiltzen direnentzat ere–, are gehiago krisian murgilduta gauden honetan. Baina, batez ere, arriskugarria deritzot gure kontsumitzaile-apetak beste edozeren gainetik jartzeari: kontsumitzaile bezala zertxobait irabazita ere galtzaile ateratzen gara herritar gisara.