"Podemosek trantsizioan eman ez zen apurketa gauzatzen lagundu dezake"

  • Elgeta, 1972. Aralarreko idazkari nagusia da, VI. Biltzarraren ostean. Biltzarrean landu dituzten gaiek Kataluniako prozesu subiranozaleaz hitz egitera bideratu gaituzte: “Kataluniako prozesua eredugarria da, herritarrei eman behar zaie protagonismoa. Alderdiek eta erakundeek gizartearen eskaerei erantzun behar diete”. EAEko legebiltzarkidea da EH Bilduren izenean.  

“EH Bilduk indarrak metatzeko balio behar du, baina ez alderdien egitura soila izanez, ez du koalizio klasiko bat izan behar”.
“EH Bilduk indarrak metatzeko balio behar du, baina ez alderdien egitura soila izanez, ez du koalizio klasiko bat izan behar”.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Kataluniako prozesu subiranozalearen bidea ikusita, zer-nolako azterketa egiten duzu Euskal Herritik?

Gure ustez, euskal lurralde bakoitzak bere bidea eta prozesua egin behar du. Gizartean eta ezker abertzalean hiru errealitate politiko direla barneratua dugu, baina oraindik korapilo bat askatu gabe daukagu: Nafarroa, EAE eta Iparralde artikulatu eta garatu behar ditugu, betiere tokian tokiko herritarren arteko ekimen politikoa errespetatuz, nork bere bidea egiten duen bitartean. Aralarren VI. Biltzarreko ponentzian diakronismo hori aztertu da: alderdian, koalizioan eta gizartean korapiloa askatu gabe dagoela diogu. EH Bilduk areago findu eta askatu behar du gai hori. Dena den, EH Bilduk barneratua dauka errealitate bakoitzaren erritmoak kontuan hartu behar direla.   

EAEn soilik sezesio prozesu bat abiatzeko pausoa emango balitz, zein litzateke Aralarren jarrera?

Pauso hori ematea edo ez, gizarteak erabaki behar du, alderdiok gizartearen esanetara izan behar dugu. Kataluniako prozesua eredugarria da zentzu horretan. Demokrazian, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko herriari hitza eman behar zaio, demokrazia sakontzen da eta prozesuak herritarrak ahalduntzen ditu beraien etorkizuna erabaki dezaten.  Alderdiok ez dugu protagonistak izan behar, alderdiek eta erakundeek gizartearen eskaerei erantzun behar diete.

“EH Bilduk alderdiez haragoko egitura izan behar du”, esan ohi duzu. Zer esan nahi duzu horrekin zehazki?

Aralarren helburua ezker zabal eta anitza egituratzea izan da hasieratik. EH Bildu norabide horretan ulertzen dugu, EH Bildu Euskal Herriak behar duen tresna sendoa da. Indarrak metatzeko balio behar du, baina ez alderdiek osatutako egitura soila izanez, ez du koalizio klasiko bat izan behar. EH Bilduk irekia izan behar du koalizioaren organoetan herritarrek parte hartu dezaten, baita erabakiak guztion artean hartzeko ere. Aldaketa garaian bizi gara, gizartea politika egiteko beste era batzuk eskatzen ari da. Gizartea nekatua eta haserre dago politikarekin. Badakit orain denok hori esaten dugula, baina...

EH Bilduko alderdi guztiek horrela ikusten duzue? Denek egin duzue bide eskema horretara.

Ni ez naiz koalizioko beste alderdien bidea baloratzeko nor. Alderdi bakoitzak bere eboluzioa bizi du, eta errespetagarria da. Egokitzapenak guztiok egin behar izan ditugu ibilbidean. Orain funtsezkoa ezkerreko sentsibilitate abertzale ezberdinak elkarlanean aritzea da. Garrantzitsuena helburu horiek lortzeko elkarlanari eustea da, une politiko honek eskatzen duen mailan egoten jakitea. EH Bildu eta ezker abertzalea orobat gizarteak eskatzen duen ildoan erantzuten ari da.

Iraganeko ezberdintasunak gainditu al dituzue Sortuk eta Aralarrek?    

Ez guztiz, baina gero eta gutxiago dira. Ezberdintasunak egotea normala da. Ez bakarrik alderdien artean, alderdi barnean ere diferentziak daude. Ezberdintasuna ez da txarra, positiboa baizik. Diferentziek laguntzen dute gure gizarte zabala eta anitzaren ñabardurak doitzen eta gure artean barneratzen.

Aralarren txosten politikoan desobedientzia zibila landu duzue.  

Desobedientzia zibila herri honen iragan berrian erabili da eta landu beharko dugu. Euskal Herrian desobedientziaren kultura dugu, baina azken urteetako egoera politiko zaila tarteko, desaktibatu zen. Guk desobedientzia gizarte zibila berraktibatu nahi dugu bidegabeak diren legeen kontra egiteko, lege horiek nagusitu ez daitezen. Desobedientzia tresna bezala berreskuratu behar dugu eta etorkizunari begira egokitu, Katalunian bezala.   

Alderdi nagusiek legalitatea errespetatu behar dela diote, legearen kontra desobedientziaz ekitea kontraesana dela leporatzen dizuete.  

Beraien tranpan erortzen ari dira. Legalitatea jartzen dute denaren gainetik, demokraziaren eta pertsonen eskubideen gainetik. Ordea, legeak –Espainiako Konstituzioa– pertsonen aurka bidegabeki erabiltzen direnean zilegitasun guztia galtzen dute. Legeak giza eskubideetan oinarritu behar dira, justizia izan behar dute helburu. Espainiako Estatua erregimen frankistaren oinordeko zuzena da, zilbor este hori moztu gabe dauka, bere hiztegian ez da erabakitzeko eskubidea onartzen. 

Podemos alderdia edota fenomeno politikoa nola baloratzen duzu?   

Podemosek herritarrengan ilusioa piztu du, jendeak politikarekiko duen gaitzustea gainditzen laguntzen ari da. Herritarrek euskarri bat behar zuten eta Estatuko politikan dagoen ustelkeria tarteko, herritarrak bereganatzen ari da. Podemos Estatuko bipartidismoa puskatzera dator eta trantsizioan eman ez zen apurketa gauzatzen lagundu dezake.  

EH Bildu prest al dago Podemos, Irabazi edo Equo bezalako alderdiekin udal eta foru hauteskundeetan aurre-akordioak egiteko? 

Nik ez dut arazorik ikusten, baldin eta helburuak eta programak konpartitzen baditugun. EH Bildu oso irekia dago proposamen guztietara, eta erakundeetan ere norabide horretan ari gara lanean.

Podemos batzarra eta politika horizontaltasunez lantzen ari da. Jarduera horretan aurrea hartuko ote dizuen kezkarik ez al duzue?     

Kezkarik? Batere ez. Aralarren hasieratik, Podemosen jarduera delakoa landu dugu. Gure politikan “kide batek boz bat dauka” lemak balio du. Gure funtzionamendua oso horizontala da eta EH Bildun ere funtzionamendu hori indarrean dago. Noski, badago zer hobetua, baina eboluzio hori ematen ari da.

Podemosek eta ezker abertzaleak zein neurrian egin dezakete bat herri honen subiranotasun xedeetan?

Podemosen helburuak ez ditugu ezagutzen, orain arte bereziki kastaren diskurtsora mugatu da. Podemosen sarrera politikan guztiz onuragarria izango da, baldin eta erabakitzeko eskubidearen onarpena aldarrikatzera badator. Hori da klabe nagusia.   

EH Bilduren legebiltzarkidea zara.  Zer esperientzia izan duzu bertako politikan? Ezker abertzalearen iraganeko tentsioek eragina izan al dute?  

Ni neu esperientzia oso aberasgarria bizitzen ari naiz. Aralar EH Bildu bezalako koalizioan egotea nahi nuen beti. Hasiera zaila izan zen, giza proiektu humano guztietan gertatzen den bezala. Eusko Legebiltzarrean ez genuen elkar ezagutzen eta taldea egokitzea kostatu zitzaigun. Baina arduren banaketa ongi egin zen, eta oso gustura ari naiz, giro ona daukagu.

Legebiltzarreko Bake ponentzia hizpide, non dago zailtasuna EAJrekin adostasunera iristeko?    

Bake ponentziaren sorrerak berak hipotekatu zuen bere etorkizuna.  Batetik, ezarritako baldintzen pean sortu zelako. Esaterako, zoru etikoaren inguruan jarri ziren edukiak ez dira egokiak. Bakea helburu baldin baduzu, baldintzarik gabe abiatu behar duzu. Elkarlana eta adostasunak beste era batera landu behar dira. Bestetik, EAJren beste akats bat PPri eta PSEri beto eskubidea ematea izan zen. Halaber, Bake ponentzia lau sentsibilitate nagusiei mugatzea akatsa da, bake lana ezin da mugatu Legebiltzarreko paretetara, askoz irekiago izan behar du.

Erabakitzeko eskubidea onartzeko  bidean, nola baloratzen duzu EAJren politika Legebiltzarrean?

EAJk gehiegi begiratzen du Madrilera, tematuta dago akordio bat egiten akordiorik nahi ez duenarekin, euskal herritarron erabakitzeko eskubidea onartu nahi ez duenarekin. Madrilera hainbeste begiratu beharrean EAJk euskal gizarteari begiratu eta euskal alderdi eta gizarte eragileekin lanean hasi behar luke, bertatik geure bidea egiteko, Katalunian egin duten bezala.

Zerk trabatzen du hori egitea?    

Faktore ezberdinak....

Nork bere hegemonia lortu nahi izatea, akaso?

Batzuek hori diote, baita iragan politikoaren eragina ere, eta hauteskundeak sarritan tartekatzen direlako. Baina faktore horiek gainditzeko gai izan behar dugu Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea lortu aldera.

EAEko aurrekontuetan Jaurlaritzarekin akordioa lortzeko aukerarik bai?

Guk aurrekontuetan oso proposamen zehatza egin dugu. Esaterako, ez dugu 600 milioi euro gehiago eskatu, diru partida batzuk beste batzuen aldean lehenestea baizik, hala nola hezkuntza, osasun eta zerbitzu sozialetarako. 2015eko aurrekontuetan 968 milioi euroko zorra dago. Agian, zorra hobeto aztertu eta zer ordaindu eta zer ez erabaki beharko litzateke. Familien egoerak suspertzeko kontziliazio laguntzak %40 jaitsi dira, larrialdietakoak %33. Haur-eskola partzuergoarentzat lau miloi euro gutxiago daude. Jaurlaritzak, ordea, aurrekontuak diseinatu ditu murrizketak ezarriz. Aldiz, inbertsioetan, %68 AHTra joan da. Tren horrek ez dauka Iparraldearekin loturarik, ezta Espainiako Estatuarekin ere.

Andoni Ortuzarrek erantzun dizue zuen eskaerak Olentzerori igorri ohi zaizkion gutunen modukoak direla.

Oso adierazpen prepotenteak eta friboloak izan dira. Une honetan familien %45 pobreziaren ertzean daude. Familia horiek ez dute baliabiderik ezta gutun hori idazteko.  Aldiz, Kutxabank edo AHT kontrolatzen dituzten organismoek ez diote Olentzerori idazten, Sabin Etxera bidaltzen dute euren gutuna.

Josu Erkorekak EH Bilduren helburuak bere egin ditzakeela esan du orriotan, baina nola egin lortzeko galdetzean ez duzuela proposamenik.       

Hori ez da egia. Guk oso proposamen zehatzak egin dizkiegu.

Hala nola...   

EAEko aurrekontuetan, esan bezala. Estatus berriaren ponentzia eratzerakoan dokumentu bat helarazi genion EAJri, Euskal Bidea gure proposamenaren bidean.

Zein da gakoa kasu horretan?

Erabakitzeko eskubidearen onarpenaren ildoan politika egitea.

Gure Esku Dago ekimenean EAJko kideak ere ari dira.

Gure Esku Dago bitarteko garrantzitsua da erabakitzeko eskumena sustatu eta gauzatu ahal izateko. Bere lana berebizikoa da ahalik eta jende gehien biltzeko, abertzalea izan edo ez izan, eskumena demokrazia kontua baita. Hala ere, bidean bide, alderdien artean sor daitezkeen eragozpenak gainditzeko, herritarrek hartu behar dute protagonismoa, ondoren alderdiok erantzun bat eman dezagun. Aldeak alde, Katalunian Artur Masek erakutsi duen moduan. Bera gai izan da gizarteak eskatzen duenari erantzun bat emateko.

Urkullu ikusten duzu bide horretan?   

Horixe da gure nahia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita

Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]


2024-11-18 | Estitxu Eizagirre
EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatu ezean, ura kutsatzen jarraituko dute

Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]


2024-11-18 | Leire Ibar
Bederatzi lagun epaituko dituzte Bilbon astelehenetik aurrera, Voxen ekitaldi bat eteteagatik gorroto delitua egotzita

Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.


2024-11-18 | Leire Ibar
Ekainaren 7an manifestazioa antolatu du Gure Eskuk, ‘Herri Libre Bat-Euskal Herriak Erabaki!’ lelopean

"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]


Mobilizazio arrazistek porrot egin dute Donostian zein Gasteizen

Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Bestalde, Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek auzotik irten eta Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan... [+]


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


Eguneraketa berriak daude