Elkarri tiraka, azkeneraino

  • Abenduaren 20an jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Miribillan (Bilbo). Zortzi bertsolari igoko dira oholtzara, beste asko bidean geratu dira. Gorka Ostolaza Potxis, Miren Amuriza, Jone Uria, Iratxe Ibarra, Gorka Lazkano eta Onintza Enbeitarekin hitz egin dugu bertsolari bakoitzaren lanketaz.

'Josi' Bizkaiko Txapelketako azken aurreko finalaurrekoa, Urdulizen. (Arg: Bizkaiko Bertsozale Elkartea)
'Josi' Bizkaiko Txapelketako azken aurreko finalaurrekoa, Urdulizen. (Arg: Bizkaiko Bertsozale Elkartea)

Baldarrontzien tropela, horrela definitu du Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak bere entrenamendu taldea. Argi du: “Ez nituzke ezergatik aldatuko”. Beñat Ugartetxea, Iñaki Iturriotz eta Igor Meñikak osatzen dute taldea, nahiz eta, Eñaut Intxaurraga eta Juanjo Respaldiza ere gerturatzen zaizkien batzuetan. Nork bere lana du taldean Enbeitaren hitzetan, “batek gaiak jartzen ditu, besteak zer hobetu behar den esaten digu, eta besteok bertsotan egin, barre eta afaldu egiten dugu”.

Bi mikro artean bizi da Enbeita, “bi munduren artean” dio berak. Puntu bat Madrilen eta beste bat Muxikan, hala osatzen ditu bertsoak. Amaiurreko legebiltzarkideak uste du hobea dela oholtzako mikroa, parlamentukoa baino, “eta zer esanik ez entzulea”. Batek “txaloka” hartzen du, besteak “txistu” egiten dion bitartean. Modu xelebrea du muxikarrak txapelketa prestatzeko, han eta hemen denborarik ez, eta hegazkinean “lo” egiten du beti.

Gorka Lazkano durangarra eta Gorka Ostolaza markinarra elkarrekin “makina bat” aldiz trebatu dira txapelketetarako, baina oraingoan bakoitzak bere aldetik dihardu. Ostolaza hanka bat Lekeition eta bestea Santutxun duela ari da txapelketako ibilbidea marrazten. Lazkanok berriz, Durangon prestatzen du txapelketa azken bizpahiru urteetan, Unai Iturriagarekin, Igor Elorzarekin, Erika Lagomarekin eta Eneko Abasolo Abarkas-ekin batera.

Bertso eskolan, lagun artean edo familian, aniztasunik ez da falta txapelketa prestatzeko orduan. Miren Amuriza unibertsitateko garaiez oroitu da, Maddalen Arzallusekin batera arratsalde pasa “ederrak” egiten zituen Gasteizen bertsoaren “aitzakian”. Aurtengoan, Oihana Bartrarekin prestatu du txapelketa Bilbon: “Oihanarekin geratzen naizenean ondo pasatzen dut, ez da bertsotan egitea bakarrik, gauza asko daude horren atzean”.

Bertsotarako lagunak baditu ere, aholkuak aitak ematen dizkio: “Batzuetan entzun nahi ez ditudan gauzak esaten dizkit, baina denborarekin ohartzen naiz arrazoi duela”. Aurreko txapelketan esaterako “oldarkorrago” izateko aholkua eman zion.

Muxikarrak horrela definitzen du bertsolariaren bilakaera txapelketan: “Ume zarenean dena da erraza, dena doa berez. Nerabezaroan zure bidea aurkitu behar duzu eta tiro solteak botatzen dituzu hara eta hona. Gero eskarmentua dator, eta azkenik, heldua egiten zarenean zure bidea aurkitzen duzu. Txapelketan ere berdina gertatzen da”.

Txapelketa simulakroak

Lagunartean eta “giro onean” egiten dituzte txapelketetarako entrenamenduak. Ostolazak kontatu duenez, Markinako beste bertsolari batzuekin batera txapelketa simulakroa egin zuten Gaztetxean. Gogoratzen du lehen ere astean behin egiten zutela halako zerbait. Gai jartzailea, epaileak eta entzuleak aurrean zituztela, txapelketako ariketa guztiak egiten zituzten, “geure burua saioan kokatzeko balio du, eta kolpeak leuntzeko ere bai”.

Baina zer da txapelketa, jokoa ala jolasa? Badu bietatik. Hitzekin jolasten dihardute, elkarrekin jokatzen duten bitartean. Sarri kritikatu da txapelketa, lehia kontuengatik. Enbeitak dio “txapelketaren aldekoa” dela bera; kentzen diona baino gehiago ematen diola bertsogintzari. Miren Amurizak ere ez du txapelketa jolas bat bezala hartzen, “jolas bat dela esango banu, gezurretan ariko nintzateke, txapelketa garrantzitsua da, nahiz eta ez den guztia, noski”.

“Garrantzitsua” da beraz txapelketa eta horregatik lantzen, fintzen eta prestatzen du bertsolari bakoitzak bere bertsokera oholtzara igo aurretik.

Doinuak aukeratu, errimak landu, gaurkotasun gaiak jorratu, etxeko lan ugari egiten ditu bertsolariak txapelketa garaian. Bitartean, bere plazetako jardunarekin jarraitzea da ohikoena, eta gehienen ustetan “ona” da hori “eskarmentua” irabazteko. “Neurria” hartzea da garrantzitsuena Iratxe Ibarrarentzat: “Prestatu bai, baina gehiegi gabe”.

Ikasturtea abiatzearekin batera ekin diote gehienek prestaketa lanei. Udaran herriz herri eta plazaz plaza hitzak dantzatu ostean, txapelketari begira jarri dira. Baina ba al du zerikusirik plazako jardunak txapelketakoarekin?

Jone Uriaren hitzetan ez da “inondik inora” alderagarria. Jarrera kontua da arrazoia, haren ustez, “bertso bazkari batean bertso txar batek ihes egitea errazagoa da txapelketa batean baino, txapelketan bertso txar batek atzera bidali zaitzake”. Dena den, uste du plazak balio duela “nork bere buruarekin konfiantza hartzeko eta zer mailatan zauden jakiteko”, horretan bat egiten dute gainerakoek ere.

Ostolazak bere burua zeharo bestela ikusten du plazan eta txapelketan: “Kosta egiten zait plazak txapelketarako prestakuntza moduan hartzea, agian bertsolari formalagoek errazago egingo dute, baina nire bertsokera asko aldatzen da egoeraren arabera”.

Gaietan ere badago aldea plazatik txapelketara. Enbeitak dio plazetan, normalean, gaiak “zehatzagoak” direla, batik bat, txapelketetan bakarkako ariketan jartzen diren gaiekin alderatuta. Hori denborarekin aldatu egin dela onartzen du. Gogoan du bere lehenengo txapelketan bakarkakorako jarri zioten gaia: “40 urte dauzkazu, eta herriko gazteena zara”. Orain aldiz badaki, “berriro deitu dizu” izan daitekeela gaia, eta horrek “ariketa mental handia” eskatzen duela uste du: “Istorio osoa hutsetik eraiki behar duzu”.

Gaiak orotarikoak dira, bai plazan, baita txapelketan ere, “Rajoyri, ebolari eta Kurdistani kantatu behar diezu, oso denbora gutxian”, azaldu du Enbeitak, eta haren ustez, horrek “gaurkotasunaren gaineko ezagutza handia” eskatzen du.

Mikroaren aurrean jarri eta ideien peskizan ibitzeko minutu gutxi batzuk baino ez ditu izaten bertsolariak. Horretako, Lazkanok dio garrantzitsua dela aurrez gai bakoitzaren gaineko “gogoeta” egitea, “mikroaren aurrean zauden unean gaiarekiko duzun iritzia zein den jakiteko”.

Plazako jardunak gero eta indar handiagoa du Euskal Herrian, baina txapelketak azken urteetan izan duen gorakada ukaezina da. “Ni ere han izan nintzen efektua” deitu dio Enbeitak. “Bruce Springsteen Bilbora etortzen denean gertatzen den fenomeno antzekoa gertatzen da txapelketarekin, batez ere, Euskal Herrikoarekin”, esan du. Batzuetan bere buruari galdetzen dio finala zer “produktu mota” bihurtu ote den, baina kanporaketa batean Mauleko pilotalekua goraino beteta ikusteak Barakaldon “moda kontuagatik” etorritako lau jasatea merezi duela uste du.

Ametsetan ere bertsotan

“Mikromundu bat sortzen da txapelketaren bueltan”. Hala uste du Ostolazak: “Txapelketa hurbildu ahala, gai bakar bihurtzen da”.

Hala ere, ez da txapelketa garaian ametsetan bertsotan egiten duen horietakoa, edo hala uste du behintzat, ez baita egindako ametsez gogoratzen. Ibarrak, berriz, aitortzen du baietz, inoiz gertatu zaiola: “Gaztetxoa nintzenean gehiagotan gertatzen zitzaidan, eskolarteko finalaren bezperan, inoiz amestu dut oholtzara irten eta zuri gelditzen nintzela”.

Orokorrean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hasi denetik haien eguneroko bizitza ez da gehiegi aldatu. Jone Uriak esan du “oso aldaketa gutxi” nabaritzen dituela: “Besteen saioak entzutera joaten gara, denbora gehiago eskaintzen diozu bertsoari, baina ez errutina aldatzeko adina”. Antzeko iritzia du Ibarrak ere, egunerokoa ez aldatzen ahalegintzen da eta betiko legez kirola egiten, horrek txapelketa “lasaiago” hartzen laguntzen dio.

Lazkanoren kasuan aldiz, aldatu da eguneroko jarduna. “Batzuk bertsoetatik bakarrik bizi dira, baina ez da nire kasua”, bere bizimodua nolabait “eten” egin behar duela esan du txapelketa garaian, “bertsoari denbora eskaini ahal izateko”.

Presioak: kanpokoak eta barnekoak

Ba ahal dago presiorik txapelketan? Presioa egon badago, bai kanpokoa, baita barnekoa ere, hala baieztatu dute gehienek. Amurizak dio “lasai” aurkeztu dela  aurtengo txapelketara, aurreko urteekin alderatuta “kanpoko” presio gutxiago eduki duela esan du: “Azken txapelketetan beherakadatxo bat igarri dut, kanpoko presioagatik edo barrukoagatik. Aurten berriz, ez dut presio hori sumatu, ez da nirekiko aurreko urteetako itxaropenik egon eta hori lasaigarri izan da”.

Jone Uriak ez du presio handiegirik sentitzen, guztiek “aukera antzekoak” izango dituztela uste du. Dena den, bere buruari jartzen dion helburu nagusia, finalera sailkatzea da, “gero gerokoak”.

Nork bere helburuak ditu txapelketan: finalera sailkatzea, finalaurreko on bat egitea, txapela irabaztea. Eta horretarako prestatu dira, banaka zein taldeka. Denak ibili dira jostun lanetan Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, orratzak kantari jarri eta hitzak josten.

 


Azkenak
Ahetzek auzapez abertzalea izanen du: Ramuntxo Labat-Aramendi

EH Bai koalizioak babesturiko Ahetzen zerrenda gailendu da bozen bigarren itzulian, joan den igandean, botoen %44 erdietsirik.


Presidente kargua hartu du Madurok, eta González oposizio burua ez da Venezuelan agertu

Irailetik Venezuelatik alde eginda egon ondotik, eta azken asteotan Hego Ameriketan kanpaina kutsuko bira egin ostean, hauteskundeetara aurkeztu zen Edmundo Gonzálezek hitzemana zuen Caracas hiriburuan agertuko zela Nicolas Madurok kargua hartuko zuen egunean. Bere... [+]


2025-01-13 | Jon Torner Zabala
Euskal Selekzioa Orain osatu da, Frantzia edo Espainiako selekzioei uko egiten dioten pilotariak babestea helburu

Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste,... [+]


2025-01-13 | ARGIA
Asteartean hasiko da adin txikiko neska bati sexu erasoak egin zizkion Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]


2025-01-13 | Gerardo Luzuriaga
Euskadiko Selekzioa?

Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]


Entzumen eta hizkuntzako irakasleen gaur egungo egoera kezkagarria eta horren ondorioak

Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]


ANALISIA
Justizia klimatikoa

Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Garazi Zabaleta
Urteaga-Urkulegi baserria
Barazki, fruitu eta haragi, dibertsifikazioa ekoizpenaren oinarri

Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]


2025-01-13 | Jakoba Errekondo
Ezin usainik hartu

Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta memoriaren arteko zubia azkarrena ez bada, bizkorrenetakoa bai... [+]


Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste

Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo... [+]


Mundu berri onak

Gaizki erabilitako zorionak eta buklean errepikatutako urte berri on guztiak atzean utzita, berriz ere hasi da gurpila martxan –inoiz gelditu al da?– eta gu arnasa hartzen –edo horrelako zer edo zer–. Honetan ere artzaina izatea abantaila da, ardi-lanetan... [+]


2025-01-13 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Eguneraketa berriak daude