argia.eus
INPRIMATU
Philae espazio moduluaren jauziak Tchuri kometan
Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko azaroaren 26a

Azaroaren 12an, Europako Espazio Agentziak (ESA) bidalitako Rosetta zundaren Philae moduluak lur hartu zuen 67P kometan. Kometa horrek Churyumov-Gerasimenko du beste izena, eta Tchuri ere esaten zaio.

Ikustekoak izan ziren ESAko teknikarien algarak eta besarkadak Philae-ren lurrartzea iragartzean, ez baitzen txantxetako lana izan 50 milioi kilometrora dagoen harri puskan zunda kokatzea. Egunak igarota, xehetasun gehiago jaso genuen lurrartzearen uneaz eta bertan gertatutakoaz. Antza, Philae-k kalkulatutako lekuan pausatu zen, segundoko 50 zentimetroko abiadura zuela, baina motelgailuek ez zuten lurrartzearen talka arindu, eta ontziak kilometro bateko jauzia egin zuen. Berriro lurra hartu eta beste jauzitxo bat egin zuen, eta hirugarren saiakeran, azkenik, kometa gainean gelditu zen. Jauzien zergatia kometaren grabitate txikia da. Philae-k ia 100 kilogramoko pisua du Lurrean, baina gramo batekoa besterik ez kometan.

Gertatutakoaren ondorioz, Philae-ren kokapena ez da espero zena. Modulua itzal eremu batean pausatu zenez, bateriak kargatu ezinik zegoen lerro hauek idazteko unean. Bolada baterako isilik geratu da, beraz, eguzkiaren izpien zain.