argia.eus
INPRIMATU
Nafarrak
Jakoba Errekondo 2014ko azaroaren 26a
José Celestino Mutis (1732-1808), landare genero berri bati Espeletia izena jarri zion botanikaria.
José Celestino Mutis (1732-1808), landare genero berri bati Espeletia izena jarri zion botanikaria.

Maria Concepción Ezpeletaren semeak, Francisco Javier Girónek, Espainiako Guardia Zibila sortu zuen 1844an. Beraren aitona, Maria Concepciónen aita, José Manuel Ezpeleta Galdeano (Iruñea 1739-1823) izan zen, Kubako gobernadore (1785-1789), Nueva Granadako –egungo Kolonbia– erregeorde (1789-1797), Kataluniako Kapitain Jeneral (1808) eta Nafarroako erregeorde (1814-1820). Kolonbian, besteak beste, botanika bidaldiak sustatu zituen. Tartean, José Celestino Mutisen espedizio sonatua (Pedro Ursua arizkundarrak 1549an han sortutako Pamplona hirian bizi izan zen Mutis).

30 urte luzatu zen bidaldia, baina lurralde haien aberastasun ikaragarriaz jabetzeko bidea garbitu zuen. Landare eta animalia ugari izendatu zituzten. Lan horretan, landare genero berri bati Espeletia izena jarri zion Mutisek, bere mezenasaren oroigarri. Genero horren ahaide gisa, Cuatrecasas i Arumí botanikari gironarrak, lehengo mendean, Coespeletia eta Espeletiopsis generoak izendatu zituen.

Ameriketako botanikan nabarmena da izen euskaldunen emana. Espeletia, Coespeletia eta Espeletiopsis horiez gain, hor daude lehendik ere aipatuak ditugun Uribea, Aristeguieta, Echeverria eta Lardizabala ere. Emana, ordea, ez da hor bukatzen... Txilen, adibidez, landare mordoxkak du euskal deituraren bat.

Larrea generoa, bost espezie biltzen dituena. Zientziak eta arteak bultzatu zituen Juan Antonio Hernandez de Larrea elizgizonaren omenez.

Lastarriaea, Txileren alde Jose Victorino Lastarria (1817-1889) diputatu iraultzaile eta idazleak egindako lana oroitarazteko.

Ercilla, bermeotarren seme Alonso Ertzilla Zuñiga poetaren omenez, Txileko historiako poema epiko handienatzat duten La Araucana idatzi zuelako.

Luzuriagaceae familia eta Luzuriaga generoa, Areatzako Ignacio M. Ruiz de Luzuriaga (1763-1822) doktore kirurgialari eta botanikazalearen goresle.

Silvestre Ochagavia Errazuriz (1820-1883), Justizia, Kultura eta Instrukzio Publiko ministroa izandakoaren gorazarrezko Ochagavia generoa.

Urmenetea generoak gogora dakar José Tomás Urmeneta Garcia (1808-1878) filantropoa. Rodulfo Amandus Philippi botanikariak jarri zion izena; bera zuzendari zen museoari dohaintza handi bat egin zion, eta ordainetan nonbait.