argia.eus
INPRIMATU
Merkatarien Europa
Juan Mari Arregi 2014ko azaroaren 27a

Europar Batasuna (EB) ez da herritarren eta herrien Europa, merkatarien Europa baizik, kapitalarena eta multinazionalena. Eta EB politikoki gidatzen dutenak euren esklabuak dira, lekaioak. Ez da lehen aldia tesi hau baieztatzen duten gertaerak ematen direla. Orain, beste eskandalu bat ezagutarazi da, izebergaren punta izan daitekeena: 340 finantza eta multinazional talde handik (Citigroup, JP Morgan, Volkswagen, Ikea, Pepsi, Vodafone, Apple...) akordio sekretuak dituzte sinatuta Luxenburgorekin, zergak saihesteko. Jean-Claude Juncker EBko presidentea, Luxenburgoko lehen ministro izan zen, eskandalu honek eztanda egin duen herrialdeko mandatari, alegia.

Korporazio horiek lortutako eskugain fiskalak milioi asko balio du, sinadura batzuek euren etekinen %1etik beherako zergak ordaintzen baitituzte Luxenburgon. Etekinen gaineko zergak ez dituzte zerbitzuak eta produktuak saltzen dituzten herrialdeetan ordaintzen, hau da, ez dituzte %30 inguruko zergak ordaintzen, eta herrialde horien (Frantziako eta Espainiako estatuak tartean, Euskal Herria barne) zerga-galera nabarmena da. Gobernuen murrizketa sozialak bezain nabarmena. EBko gainerako enpresek eta herritarrek aldiz, %25 eta %50eko zergak ordaindu behar izaten dituzte, hurrenez hurren.

Europako herriek eta herritarrek EBko gobernuak presionatu behar dituzte, gehiegikeria eta eskandalu horiek ahalbidetzen dituzten politikak errotik aldatzeko eta paradisu fiskalak ezabatzeko. Ez da erraza izango, europar politikak diseinatzen, kontrolatzen eta zuzentzen dituztenak finantza eta industria mandatari horiek baitira, herritarrek aukeratu ez badituzte ere. Herrien eta herritarren Europak aurrez aurre borrokatu beharko luke merkatarien Europaren kontra, multinazionalen eta kapitalaren kontra.