argia.eus
INPRIMATU
Eztiak gozatu zituen Historiaurrea eta Antzinaroa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko azaroaren 26a

Bicorpeko Armiarmaren haitzuloko (Valentzia) pintura batean gizakiak eztia biltzen agertzen dira, erleak inguruan biraka dabiltzala. Horregatik dakigu Historiaurrean gizakiek jakiak eztiz gozatzen zituztela, Neolitora arte erlezaintza garatu ez zen arren. Antzinaroan ere, Mendebaldean behintzat, eztia zen gozagarri nagusia, beste bide batzuk ezagutzen baziren ere. Alexander Handiaren almirante batek Indian ikusi zuen lehenengoz azukre kanabera: “Bada kanabera mota bat eztia erlerik gabe sortzen duena” idatzi zuen. Haren berri izanagatik, kanabera azukrea ez zen Erdi Arora arte nagusitu, eta Aro Modernoan hasi zen hedatzen erremolatxa azukrearen ekoizpena.