argia.eus
INPRIMATU
Amiantoaren auzia Italian
"Lotsagarria da!"
  • Amiantoarekin aberastu zen enpresariaren kontrako zigor historikoa baliogabetu du Erromako kasazio-auzitegiak

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko azaroaren 26a

Stephan Schmidheiny enpresari milioidunari ezarritako kartzela zigorra eta biktimentzako kalte-ordainak baliogabetu ditu auzitegiak, delituak preskribitu egin duela esanez.

Minbizia sortzen zuela jakinda ere, Eternit enpresak erruz produzitu zuen amiantoa, eta bere jabe Schmidheiny suitzarra horri esker aberastu zen kontzienteki. Munduko Osasun Erakundearen arabera 125 milioi lagunek egin dute lan edo bizi izan dira amiantoaren arriskupean eta urtean 100.000 inguru hiltzen dira. Horietako milaka batzuk Italiako Casale Monferrato komuna txikikoak dira. Bertako biktimen salaketa  urrun iritsi da: Turingo auzitegiak 18 urtera zigortu zuen handikia.

Baina inoiz lan-osasun eta ingurumen delituengatik izan den auzibide handienak boterearen horma topatu zuen parez pare hilaren 19an: “Hau lotsagarria da!” oihukatu zuten auzitegiko salan zeuden biktimek; ez zen espero halako erabakirik.

Boterea hariak mugitzen

Amiantoaren gaian aditua den Jexux Uzkudun epaiketan izan da. Bere esanetan susmoak daude botere-indarrek aldez aurretik hariak mugitu dituztela epaian eragiteko: “Horren erakusle da Italiako Estatuak berak –fiskalaren bidez– zigorra bertan behera uzteko eskatu izana”.

Biktimen abokatuek nahi dute borondatezko homizidiogatik bederen zigortzea Schmidheiny. Baina auzia berriz hasi beharko litzateke eta azken 15 urteak besterik ez lituzke hartuko. Hori baino lehenago hildakoek, jada ez dute justiziarik izango.