argia.eus
INPRIMATU
24 orduz euskaraz Hernaniko kaxkoan
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko azaroaren 26a

Abenduaren 2rako egin dute deialdia herriko hainbat eragilek. Euskaraz ederki asko egiten dutenei, erdipurdi dabiltzanei eta ulertu baino egiten ez dutenei, norberak bere alea jar dezan eskatuko diete. Egun arrunt batekiko alderik izango den ere neurtuko dute.

Abenduaren 3a Nazioarteko Euskararen Eguna dela aitzakia hartuta, azaroaren 29an hasi eta abenduaren 3a arteko ekitaldiak antolatu dituzte Hernanin. Euskara ari du Hernanin lelopean, hizkuntzaren erabilera bultzatzeko asmoz, hainbat eragile bildu dira antolaketa lanetan: AEK, udal euskaltegiak, herriko ikastetxe guztiak, Dobera euskara elkartea, Banaiz Bagara, Berriaren lagunak eta Udala.

Antolatzaileek Kaxko auzo elkarteari eta Berriak Merkatari eta Ostalarien Elkarteari azaldu diete abenduaren 2ko asmoa eta haien laguntza eskatu. Harrera ona izan dute. 150 merkatari eta tabernarirekin banaka-banaka hitz egin dute euskara bultzatzeko prestatu duten ekitaldiaz. Herritarrei zein merkatariei gauza bera eskatuko zaie: norbanakoak bere neurrian euskaraz aritzeko ahalegina egitea. Honako egoerak planteatu dituzte: euskaraz primeran daki baina gaztelaniarako joera du; bada, euskaldunak eutsi diezaiola euskarari. Beste batzuetan euskaldunak ez du pazientziarik erdipurdi euskaraz ari denaren aurrean; abenduaren 2an, Hernaniko kaleetan, euskara ikasten ari dena anima dezala euskaraz jarraitzera. Euskaraz egiten ez duenak berriz, lagunari edo dendariari esan diezaioke ulertzeko gai dela eta mesedez euskaraz egiteko. Kalean, poteoan, dendan, jolasean… Hernaniko kaxkoan horretan saiatuko dira abenduaren 2an.

Boluntario talde batek hizkuntza erabilera horien neurketak egingo ditu eta bost eguneko ekintza sortaren bukaeran emaitzak jakinaraziko dituzte.