argia.eus
INPRIMATU
Uribe arraioa
Jakoba Errekondo 2014ko azaroaren 20a
Joaquín Antonio Uribe Lorategi Botanikoa, Medellínen. Uribetar hori ote da Hego Amerikan landare espezie askoren abizena 'uribei' izatearen arrazoia?
Joaquín Antonio Uribe Lorategi Botanikoa, Medellínen. Uribetar hori ote da Hego Amerikan landare espezie askoren abizena 'uribei' izatearen arrazoia?

Leandro Aristeguieta (1923-2012) botanikaria bere herrian, Venezuelan, ez zen haltzaren azken erroa. Unibertsitatea sustatu, eskola eta lorategi botanikoak sortu, Sociedad Botánica de Venezuela hauspotu... makina lan egin zuen bertako landarediaren ezagutzaren alde. Berari esker, ehunka landare berri ezagutzen ditugu; tartean, Espeletia, Coespeletia eta Espeletiopsis generoetako asko.

Haren abizena, laudoriotan, izen darama landare genero oso batek. Aristeguieta genero horrek 22 espezie biltzen ditu. Horietako bat Aristeguieta uribei da. Landare hori ezagutu nuenean, zera bururatu zitzaidan: “Landare euskaldunik bada, horixe izango dek ba Aristeguieta uribei”. Aristeguieta badakit nondik datorren, baina uribei hori? Zein uribetar arraiori ohore egingo ote dio? Eta hara ustekabea, Uribei abizena daraman landare mordoa dago Hego Amerikan. Zutik irakurtzen ari bazara eseri, hauek denek daramate Uribei abizena: Paragynoxys, Ida, Sudamerlycaste, Salvia, Clidemia, Espeletia, Machaerium, Stelia, Sobralia, Berberis, Lepanthes, Epipendrum, Calliandra, Aphelandra, Croton, Matalea, Dicliptera, Monochaetum eta Heteropterys. Gehiago ere izango dira, seguru. Honi buruzko zerbait gehiago topatzeko peskizan, hor non aurkitu dudan genero bat ere baduela delako Uribe honek: Uribea. Eta genero horretako landare bakarra Uribea tamarindoides da. Kolonbian eta Costa Rican bizi den zuhaitza: zura lantzen zaila baina ona ematen duen zuhaitz handia, 40 metro arte hazten dena. Ikusgarria izan behar du, aldameneko zuhaitzetatik bereizteko lore arrosa-ubelezko zapela janzten duenean.

Uribe delako horren arrastorik ez, ordea! Eta niri jakin-mina berotzen. Pentsatu dut inguru horretako Lorategi Botaniko guztietara informazio eske idaztea dela zuzenena. Eta, hara, ezustekoa: Medellíngo Lorategi Botanikoak Joaquín Antonio Uribe izena du. Beste guztiak alde batera utzi eta idatzi diet lotura honen arrazoia gizon hori izan daitekeen-edo galdezka. Erantzunik bada, jakingo duzue. Ditxosozko Uribe hau! Hego Amerikan euskal izena daraman landare mordoa ezagutzeko kakoa bera izango den usaina aditzen dut. Ikuskizun dago.