Zenbakia du titulu Patxi Zubizarretaren nobela berriak: 50. Egileak adintsu horretan diren hiru artista jarri ditu Panticosara (Huesca) bidean, “Baso bat opari” errezitaldia tarteko. Bidaia bat, azalean, muinean bizialdi bat gordetzen duena, Zubizarretaren gogoetak, eta, menturaz, bidaide izan dituen lagunenak.
Asun Balzolak esan zigun behin, 50 urte ez dela nolanahiko adina, muga ere badela…
Lehengo batean barre egin zidan Maddalen Iriartek Azpimarra telesaioan, Osakidetzaren gutunak, analisienak, ondoeza eragin zidala esan nuelako. Bestalde, errepidean ere hortxe etengabe 50eko seinalea: galgatu! Garbi ikusi nuen 50 aitzakia ederra zela gauzak birplanteatzeko. Horra bainuetxeari egindako keinua bera ere. Eta, gainera, zenbakia da 50, hor ez da letrarik, eta gure lanei titulua jartzerakoan beti da lana. Azkenik, Gerardo Markuletak 14 itzuli zuen, Jean Echenozen nobela, eta nik ere hortik jotzea erabaki nuen. Txalapartako editoreari, Mikel Sotori, zalantzarik gabe egin nion izenburuaren proposamena, 50, eta pertsonaiek egiten duten emanaldiaren izena: Baso bat opari. 50 aitzakia da, baina hori baino gehiago ere bai: alde batetik, adinarekin batera datorren neke fisikoa; bestetik, neke psikikoa, nobela batek sekulako ahalegina eskatzen duelako. Batzuetan, atzean geratzen ari ote nintzen pentsatu izan dut.
Atzean?
Gauza izango ote nintzen lan mardul bati ekiteko. Pentsamendu zurrunbilo bat dabilkit hor, oso ondo adierazten ez dakidana, axola ere ez zaidana –nahiago dut aurrera egin–, baina hor bada zer edo zer. Nobela batek badu Herkulesen lanetatik zerbait.
50 kilometro orduko abiaduran…
Bai eta ez. Alde batetik, polikitasuna maite dut; bestetik, muga hausteko beharra sentitzen dut. Arauak zintzo errespetatzen erakutsi digute, estu hezi gaituzte, arau eta muga guztiak betetzera behartu. Eta tarteka planto egitea komenigarria da.
Gauzak birplanteatzeko aitzakiaz jardun duzu. “Gauzak”, bizitza da…
Bai, bizitza. Oso gogokoa dut Xuan Bello, inbidiagarria zait haren lana, baina era berean kontziente naiz literatura mota hori oso dela elitista. Emak Bakia filmean bezala, hitzen heriotzarekin gaixotzen garenok badakigu hori zer den. Xuan Bellok esaten zuen bitxia zela gertakariak, koloreak, aurpegiak, emozioak… koadernoan jasotzen dituenaren lana. Eta, benetan, bitxia da! Gaztetan esaten zidatena: “Lortu ezak lanpostu finkoa, eta, gero, idatzi ezak heure denbora librean!”. Sasoi batean, Kanbon irakasle jardun nuen, eta konturatu nintzen ezinezko zitzaidala etxera heldu eta idazten hastea: leher eginda heltzen nintzen Baiona Ttipira. Artean gazte, literatura sariren bat jaso, aurrera egin eta apustu ilusionagarria egin nuen: idazle izatea. Krisiarekin, hasi pleistozenoko erabaki haiek birplanteatzen!
Mila gai, eta bat gehiago, erabili dituzu. Besteak beste, idazlearen lanbidearen ingurukoak, bateko sari, besteko editore... Arrosak bezainbat, edo gehiago, arantzak kontatu dituzu.
Pozik nago argitaletxe konplizea aurkitu dudalako, gaur egun editore jendea nekez animatzen delako era honetako lanak argitaratzera. Alderantziz izan beharko luke. Teknikoki, ez da aparteko ezer liburua eta CDa argitaratzea, baina eguraldi gorria dugu… Bakardadezalea naiz, oso, baina, era berean, jendea behar dut, eta izugarri estimatzen dut konpainia. Konplizitatea, berriz –editoreari, testua irakurriko duten lagunei dagokienez–, hutsunea sentitzen dut. Bakardadea ez baita beti gustukoa.
Ba ote da inoiz idazleari hutsune hori beteko dion editorerik?
Ez dut uste. Susmoa dut, gainera, batzuetan gezurretan ari zaizkiola artistari. Entzun nahi dituenak esaten dizkiotela, eta entzun nahi ez dituenak ezkutatu. Nik, aldiz, norberaren diplomazia gorabehera, horixe nahiko nuke, benetako elkarrizketa, komunikazioa izan. Baina gero eta zailagoa da, oso sakabanatuta bizi gara, hau eta hura egin beharrean, eta nik hemen eta orain egon nahiko nuke, elkarrizketa honetan, eta ez ordubete barru egin behar ditudan mandatu edo deietan. Uste dut gizarte honetan ibilian gabiltzala, egonean egonda ere. Argitaletxeetan gorabehera handiak izan dira. Nik Alberdaniaren babesa izan dut, ilusioa, proiektua… baina gaur egun ez dago. Ezagutu ditudan euskal editoreak betikoak izan dira, beti egon dira hor. Durangoko Azokara joan besterik ez dago: beti-betiko aurpegiak. Madrilen eta Bartzelonan ez dut horrelakorik ezagutu, han bata bestearen ondoren erori dira editoreak: Espainian argitaratzen hasi nintzenetik, eta ezagutu nituenen artean, bakarrak jarraitzen du! Editore irmoak, sendoak, jakintsuak zirenak ere, erori egin dira, oso modu itsusian ere! Euskal Herrian hor gabiltza, nahiz eta kili-kolo, eta bakoitzak bere astoari arre egiten diola. Mimo falta sumatzen dut, hori bai.
Irakurleak usteko du zahartzen ari garela…
Eta egia da! Kar, kar… Laster joan behar dut analisiekin!
Gazteak bere bidea egingo duela, editore zahar nahiz berriak ondoan…
Bai, bai… Uste dut denboraren poderioz gero eta gehiago estimatzen ditugula inguruko gauza txikiak, pertsona horiek, maite gaituztenak, maite ditugunak… Dramatismorik gabe ari naiz. Artistak lantuka hasten garenean, akabo! Zenbat lantu, zenbat rapsoda!
50, hala ere, ez dator lantu jotzen…
Ez nuke nahi, behintzat. Gozatzen jarraitu nahi dut, nahiz eta batzuetan kosta egiten zaidan. Idazteko erabakia hartu zuen gazte hura nahi dut nire barruan, lana ilusioz aurkeztuko duena argitaletxe honetan edo hartan, saiatuko dena, asmatuko ez duena… Horixe nahi nuke.
Jose Enrike Urrutia Capeauren lehen liburuak Kadrila alegera festan da du izenburu… Zure liburu honetako koadrilak ere badu hortik, alegeratik, erotik, festatik…
Une alegera eta ero horiek elkartu egiten gaituzte. Gero datoz urrutiramendu fisiko, estetiko, ideologikoak, baina bitartean beti gaude hor. Eta nahikoa dugu elkar ikusi halako gau edo solas hartaz gogoratzeko, esan behar ez genituenak esan genituen momentuaz… Horrek biltzen gaitu. Zentzu horretan, artista jendea hain da… hain gara patetikoak, hain humanoak, hain egokiak protagonista bihurtzeko! Batzuetan harrokeriatan ibiltzen bagara ere, maila sakonetan ibiltzen ere badakigu.
Hiru lagun, hiru artista –idazlea, pianista, eskulturagilea–, Panticosara (Huesca, Espainia) bidean, emanaldi bat aitzakia. Laugarren pertsonaia bat –margolaria–, hila, guztiz presente nobelan. Zer mezu janzten du azal horrek?
Bistan da bidaia bera ere ez dela helburu. Bestela, Ipar Amerika edo Maroko exotikoagoak nituzke. Panticosara joatea, alde horretatik, ez da batere exotikoa. Batzuetan, Euskal Herriko leku askotan baino askoz euskara gehiago entzuten da Pirinioetan! Hiru lagunek furgonetan egiten dute bidaia hori, eta furgoneta espazio itxia da, eta Panticosa bera ere, Pirinioen handitasunaren erdian, espazio txiki eta itxia da. Oso ederra, baina bildua. Horrek oso giro egokia eskaintzen zidan aitorpenak egiteko: bidaia beti da komunikatzeko aitzakia. Irudipena dut nire asmoa, lan honetan, bilana egitea zela. Bilana, Iparraldean esaten duten moduan. “Hauxe duzue nire bizitza orain artekoa, hauxe nire ispilutxoa, nire adinkideena”. Nire bizitza pausan jarri, gogoeta egin eta birplanteatu: hemendik aurrera zer. “Laguna joan zitzaigun baina ez genuen omenaldirik ere egin. Gehiagotan elkartu behar dugu”.
Bizitza, heriotza, sexua, maitasuna eta harremanak, Euskal Herria, gatazka... nahi beste gai, sei kapitulutan, kapitulu bakoitza lauzpabost ataletan banaturik, lerro konstante bat bakoitzak: zure irakurketak, lagunen arteko bizipen, gorabehera eta oroitzapenak, Baso bat opari errezitaldia beti amaieran…
Mikel Sotok “artefaktua” esango lioke. Jakin dudanez, itsasontzi edo petrolio-ontzi handiak zahartzen direnean, lehorrera eraman eta desmuntatzen hasten dira. Gizakiaren neurriko piezetan txikitzen omen dute, brankatik eta txopatik hasita, aldi berean. Milioi bat pieza inguru osatzen omen dituzte, eta urtea behar izaten omen dute. Ontzia zenbat eta desmuntatuago, orduan eta munstrotsuagoa eskeletoa. Azkenean, pieza handiak kendu eta liburu baten neurriko pusketa geratzen omen da: arima omen du izena, eta langileak hari begira geratzen dira, isilean, otoitzean bezala. Nik ere, halatsu, handik eta hemendik kendu eta kendu jardun dut, arima utzi arte: liburu hauxe da arima, biluzia, mozorrotua, irrikatua… Eta jibaroen buruen antzekoa da diskoa, are erreduzituago.
Liburuan, Euskal Herria, eta gatazka, eta Ortega Lara eta Delclaux, eta Guardia Zibila… Ez zaizkigu gai arrotzak.
Ezin dut ahaztu Buesa eta Diez hil zituzten eguna. Etxetik entzun genuen danbatekoa: haurra jaio berria, amaren bularretik titia hartzen, eta danba! Etxetik pare bat kilometrora izango zen, baina, hala ere! Eta Ordizian bertan ere, zenbat atentatu, zenbat sufrimendu alde guztietatik. Eta Guardia Zibila, Ordiziako plazan, asanbladan… Ilusio handiz bizi genuena, min handia bihurtu zaigu. Batzuentzat besteentzat baino handiagoa. Hartu dugun arindua –hiru urte ETAk armak utzi zituenetik–, ez dugula behar bezala ospatu uste dut, ez garela poza behar bezala esplizitatzen ari. Orain protagonistak kataluniarrak dira! Uste dut gure Herria ere pausa egoeran dagoela, definitu beharrean, birplanteatu beharrean. Uste dut, gure egoeratik, gauzak ondo egiteko aukera ederra dugula, nahiz eta oso errea, oso kirastua dagoen. Proiektu ilusionagarri eta bateragarria egiteko garaia da. Beharbada ez gara jabetzen une historiko honen garrantziaz. Mendian gora igo, non bizi garen ikusi, eta “honek merezi dik!” esaten dut. Joan zirenengatik eta maite ditugun haiengatik besterik ez bada ere, Herri honek merezi du, bizitzak merezi du!
Arrotz eta estrainio, berriz, erlijioari buruzko gogoeta, “agendan” ez dagoenean ere!
Milan Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina datorkit gogora… Bide batez, hura itzultzeko deialdira aurkeztu nintzen, nahiz eta ez nuen irabazi; baina oso gustura itzuli izango nukeen. Zenbat deskalabru norberaren curriculum intimoan! Kunderak Izatearen arintasun jasanezina, eta gaur, aldiz, “Sexuaren arintasun eramanezina” –edo eramangarria, ez dakit–, esan beharko genuke. Guk, hasteko, kontrako muturra bizi izan genuen. Erlijioa, berriz, hortxe gelditu da: arima, izatea… Beldurra ere ematen du aipatzeak. Gazte jendeak: “Zertaz ari da hau, ordea!”. Baina beti-betiko galderak dira, beti egingo ditugun galderak. Aro aldaketa bizi dugu, eta bat egiten dut nik baieztapen horrekin. Elizak ere bestelako diskurtso bat eskaini behar du, bestelako teologia bat, eta literaturak ere bai!
“Literaturak ere bai”…
Bai. Literatura beste teologia mota bat da: munduari begiratzeko modua, zeruari begiratzekoa, paradisua, protagonistak jainko ttikiak izatea… Susmoa dut diskurtso berri baten zain gaudela denok, diskurtso zaharra errepikatzen ari garela… Elizaren kasuan, garbi dago. Eta literaturaren kasuan ere bai.
Hasteko, literaturari dagokionez, hortxe ageri dira liburuan zure zenbait apostolu: Daniel Kehlman, Arnold Bennet, Rosa Montero…
Baina nire apostoluak oso galduta bizi dira, ni bezain galduta! Hortik ezin argi handirik etorri!
Eta Kundera itzultzeko aukera izan ez bazenuen ere, zeure gustuko hainbat autoreren pasarteak ekarri dituzu euskarara 50 honetan…
Hori bai! Eskaintza sentimental bat ere egiten diot liburu honetara hurbiltzen den irakurleari: “Hauexek dira nire gustuko irakurgaiak. Ea zuk ere gozatzen duzun, nire moldaketatxoarekin”. Baina, behintzat, erreferentzia batzuk eman, liburu batzuk, egile zenbait, zeren, nire benetako lana, benetako plazera, idaztearekin batera, irakurtzea baita. Oraintxe, Italo Calvinoren El barón rampante-rekin nabil, eta Orixeren Santa Kruz apaiza aspaldikoarekin ere bai. Eta orain, 50 honen aurkezpenetan handik hona eta hemendik hara nabilela, Orixerena irakurtzeko tartea hartu dut, haren estiloa, haren musika…
Kritikari burutsuen diagnostikoaren zain, idaztea koxka bat, bi, hiru, estutu duzula dio zenbait irakurlek. Jabetu zara horretaz?
Ez naiz horretaz kontziente. Gogoan dut Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuak gordetzen duen estiloa sekulako txundidura izan zela niretzat. Irakurlea honetaz eta hartaz izan liteke kontziente, ni, aldiz, bila nabil, eta uste dut halaxe behar duela izan. Warinka tenislariak ezker besoan tatuatua daraman Becketten esaldia bezala: “Egin huts, egin huts berriro, baina egin hobeto huts”. Horrek animatzen nau. Neure prozesuan, mugarriago ikusten dut Joan: sendagile gaixoaren ipuina, idazketaren gozamena… 50 honetan ez dut hainbeste gozatu; are, sufritu ere egin dut, abanikoa asko zabaldu dudalako, jende asko inplikatu nuelako, eta, azkenean, idaztera nekatuta iristen nintzelako. Zorionez, ez naiz horretaz kontziente, eta hobeto! Bila jarraitu nahi dut, horrek motibatzen nau, hurrengo testuak.
Bila…
Esana diot Joserra Senperenari. Hartu Mandarin dotore diskoa –lan ederra!–, eta gogoa ematen dit orain arteko kontrako bidea egitea: alegia, hartu doinua, eta hark zerk pizten duen nigan idaztea, presarik gabe, liburu baten premiarik gabe, denbora galtzeko sentsazioa izan, Bitoriano Gandiagak Denbora galdu alde idatzi zuen bezala. Liburu zoragarria, patologia baten ondorio! Denok gaude gutxi-asko gaixorik, eta gure Herri hau zer esanik ez.
Hitz egidazu zure kadrila alegeraz, lehenago ere bidelagun izanak dituzun horiez. Liburuarekin batera dakarzun Baso bat opari CDak ezinago nabarmen ageri du zuen konplizitatea.…
Benetan konplize ditut. Joserra Senperena, beti prest lanerako, eta beti zirraragarria haren lana! Maddi [Oihenart], gauza bera. Nobelan ere, hil ondorenerako zein musika nahi genukeen baino gehiago, zein musikarekin hil nahi dugun galdetzen da. Lehengo batean galdetu zidaten, ea nik neuk ere pentsatua nuen. Eta ezetz. Baina baditut batzuk, Maite ditut, maite, edo Ikusiko dira berriz… aldiro emozionatzen nauten kantuak dira. Askotan jartzen ditut. Jakina, etxean Van Morrison jartzeko esaten didate, eta gustura jartzen dut hura ere, zalea naiz eta. Baita Maddi Oihenartek ere. Lehengo konplizeak dira. Berria, izatekotan, Mintxo Cemillan da: haren lana ikusten nuen Gasteizen, tabernan, zineman, monje komentu bateko sabaian lanean oraindik orain… Polifazetikoa, asko gustatzen zait haren lana. Horixe nobedade. Martin Tejeriaren ahotsa “Sendagile gaixoa”-renean. Liluratuta ni! Orgasmo estetiko paregabea. Une ttipien oparia. Joserra, Maddi, Mintxo… Eta Oihane Igerabide, Rafa Berrio, edo Antton Valverde! Sekula ez zitzaidan bururatuko! Proposatu, eta baiezkoa! Valverderen apaltasuna! n
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.