argia.eus
INPRIMATU
Umiliatuaren erantzuna
Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko azaroaren 13a

“Umiliatu nahi izan dute Katalunia”, zioen Javier Perez Royo espainiar katedratiko ezagunak Espainiako Gobernuak Azaroaren 9ko galdeketa bigarrengoz inpugnatu zuenean. Eta umiliatuen erantzuna halakoxea izan da: 2,25 milioi katalanek parte hartu du Konstituzio Auzitegiak debekatutako kontsultan. Debeku guztien gainetik. Baldintza horietan inor gutxik espero zuen hainbeste, ezta soberanismoak berak ere.

2012an CiU, ERC, ICV eta CUPek 2,1 milioi boto lortu zituzten (botoen %57), partehartzearen %67rekin. Azaroaren 9ko partehartze datu hauekin (ohiko hauteskundeetako erroldaren %43 gutxi gora-behera), parte-hartze handiko hauteskunde batzuetan (%70etik gora), alderdi independentistek %50etik gora lortuko lukete. Eta igandekoak berriz alarma gorria piztu du Madrilen, orain arte katalan independentisten lantegi eraginkorrenean.

Hainbat gora-beherekin baina blokean egin dute bide hau alderdi eta gizarte mugimendu soberanistek, Artur Mas lehendakariak gidatuta. Debekuaren ondoren zalantza handiak ziren Mas prozesua amaieraraino eramateko gai ote zen, baina izan da, eta nola gainera. Indartua atera da, bere alderdiari indar hori inoiz baino hobeto datorkionean. Baina ANCren eta ERCren markajeak hor dirau, hauteskunde aurreratuak eskatzen dituzte urtarril edo otsailerako eta haizeak Mas horretara bultzatzen du, lehen baino indartsuago gainera. Emaitza hauekin CiUren hausturak ere urrats bat gehiago eman du. Nola sinetsi apurketan, dena den, azken 30 urteetan hainbatean haria apurtzekotan egon eta harremana beti berpiztu denean?

Masek ez zuen aukerarik galdu A9ko gauean: “Elkarrekin goazenean gehiago eta hobe aurreratzen dugula, hori da mezua. Mezu garrantzitsua datozen aste eta hilabeteetarako”. Ordu batzuk lehenago CUPeko David Fernandezekin besarkada estuan lotu zen, zintzoa seguruenik, irudi aldetik primeran baliatua, aitak semeari ematen dion besarkada horietakoa, baina bestetik berak gidatutako blokearen batasunaren adierazgarri ere. Masek jarraitzen du posizioak irabazten. Ausartuko da?, esan da etengabe berari buruz, eta bai, oraingoz ausartzen ari da.

Mariano Rajoyri bidaliko dio orain egiazko erreferenduma egiteko eskaera, baina alde horretatik ibilbide gutxi aurreikusten da. Madrilek itxita jarraitzen du eta Masek ezin du orain erreferenduma baino gutxiago onartu, are gutxiago gertuko lehiakideek independentzia aldarrikatzeko eskatuko diotenean. Orain hauteskundeak aurreratzeko data erabaki beharko du Masek, bera sendotua atera da, baina bere gobernua negu gorrian sartzen da berriz, eta ez bakarrik ERCren sostengua galdu ondoren aurrekontuak luzatu beharko dituelako. Kataluniaren zor publikoa 62.000 milioi euro ingurukoa da –bere BPGaren %32– eta 2015erako ere 4.000 milioi euroko murrizketak egin beharko dituela iragarri da. Egoera horrek baimentzen al dio bakarrik jardutea? Ez dirudi.   

Ados, hauteskundeak, esan dezake Masek, baina zerrenda bateratuarekin, hots, CiU gehi ERCren zerrendak batuz. Eta ez dirudi Oriol Junquerasen alderdia jokaldirako prest dagoenik, berea lehen alderdia izan daitekeela aurreikusten denean eta gainera banatuta boto gehiago lor dezaketela uste duenean. Batera joatekotan Masek independentziari buruzko programa ausarta eta argia onartu beharko du. Akaso independentzia aldarrikapena ez, baina bai estatu independente bat egiten hasteko iragarpena: NBEri  iragarri estatu berriaren sorrera hasten dela, EBri, Espainiako Gobernuari... Eta hasi dirua kontrolatzen hasteko lehen urratsak emateari, esaterako erabat funtsezkoa den Kataluniako Zerga Agentzia sortzeari.

Eta Euskal Herrirako, ba al da mezurik? Bai, zalantza barik. Iñigo Urkullu lehendakariak galga gisa hainbestetan aipatzen duen moduan, bi prozesu desberdin dira, baina hark euskal soberanismoa ere hauspotzen du eta berriak ez diren oinarrizko bi ideia mahai gainean jarri ditu berriz: bat, soberanismoak behar du horretan sinesten duten tradizio politikoen elkarlana, lehenik gizarte zibilean eta ondoren alderdien esparruan; bi, ideia batean tinko sinesten denean, gehiengo zabalak irabazi eta aurrera egin daiteke. Eta sinesten da halakoetan hemen? Oraindik gutxi, baina gero eta gehiago”.