Jean Baptiste Duhalde (1674-1742) azkaindarra omentzen du Duhaldea landare izenak. Genero oso batek darama izen hori, hamahiru landarez osatua. Gehienak asiarrak, Iran eta Himalaia artekoak, eta bakar bat Afrika ekialdekoa. Afrikarra Duhaldea stuhlmannii da; bertakoek “uwutupwa”, “isasami” eta “ikusa” deitzen diote. Tanzaniako Umalila, Usambara eta Uluguru mendietan bizi da, 2.000 metro inguruko garaieran. Igokaria da, eta erleek gustukoa dute, baita tanzaniarrek ere, haren ezti mikatz antzekoa. Arrainak pozoitzeko ere erabiltzen dute landarea. Botanikariek zalantza handiak dituzte, asiarrekin batera, azkaindarraren izena merezi duen edo ez, baina oraingoz ez diote ohore hori kendu. “Stuhlmannii” abizena, beste landare eta animalia askok bezala, Franz Ludwig Stuhlmann naturalista alemanari zor dio, XIX. mendearen amaieran Afrikako biodibertsitatea ezagutzeko egindako espedizioetako emaitza aberatsaren omenez. Landare urria da, eta ez dakit sendabelar gisa erabiltzen ote duten. Asiako bere dozena ahizpa, bai, asko baliatzen dute. Adibidez, Duhaldea cuspidata Indian hezueria eta bronkitisa sendatzeko darabilte.
Himalaian ez, munduko beste muturreko mendietan, Andeetan, sendabelar ugari dute. Horietako askok, azkaindarrarena bezala, izen euskalduna dute: Aristeguieta. Bertakoentzat “asmachilca” denaren izen zientifikoa Aristeguieta gayana da. Inken kulturan, oraindik ere, bronkioak eta ahots hariak sendatu eta asma baretzen du. Mundu osoan ezaguna egiten ari da, eta eskea hanpatzen. 4.000 metrotik gora bizi da, oxigeno eskasiara egokituta; hori dela-eta sendatuko ote ditu arnas aparatuko arazoak?
Aristeguieta landare generoa Kolonbian, Ekuadorren, Perun eta Txilen bizi da. Bere izena Leandro Aristeguieta (1923-2012) dendrologo venezuelarrari zor dio. Ikaragarrizko lanak egin zituen landareen jakintza sakondu eta hedatzeko. Paisajista izan zen eta langintza horretan munduan ezagunenetakoa den Roberto Burle Marx brasildarrarekin batera aritu zen.
Duhaldea eta Aristeguieta generoak familia berekoak dira: Asteraceae. Familia berekoak, euskaldunak...