Olio palmondoen artean egosi ote da Ebola izurri berria?

  •  Justu “Ebolaren mehatxua: sustraiak ekologian, adarrak geopolitikan” kronika Argiarekin harpidedunengana iristen zen egunetan zabaldu dira datu berriak indar handiagoz lotzen dutenak Ebola izurritearen sorrera eta hedatzea agro-industriaren nagusitzeak munduko landa eremuetan ekarri dituen aldaketa handiekin.

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak zabaldutako argazkiak erakusten du GKE horrek Gueckedou hirian daukan artatze zentroan nola zaintzen duten Ebolak kutsatutako gaixo bat. 'Environment and Planning' zientzia aldizkarian Ebola eta olio-palmondoaren a
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak zabaldutako argazkiak erakusten du GKE horrek Gueckedou hirian daukan artatze zentroan nola zaintzen duten Ebolak kutsatutako gaixo bat. 'Environment and Planning' zientzia aldizkarian Ebola eta olio-palmondoaren arteko lotura aztertu dutenek argazki eta guzti erakutsi dute nola dagoen antolatuta lurra hiri horren inguruetan: herrixka txikiak inguruan dauzkatela oihanak, palmondo alorrak eta eraitsi ondoren berritzen ari diren baso berriak. Gineako sabana motako paisaia hau esaten du Munduko Bankuak dela “munduko lur eremu erreserba handiena, oraingoz alferrik galtzen ari dena”. Afrika, Asia eta Amerikako beste eremu tropikal asko bezala, lur guztiok mundu mailako merkatuaren barruan sarturik garatzea da Munduko Bankuaren helburua, baserritarren eskuetatik kendu eta multinazionalek modu industrial zentralizatuan ustiatzea alegia.

Galdera batez bataiatu dute Environment and Planning zientzia aldizkarian sei adituk plazaratu duten ikerlana: “Did Ebola emerge in West Africa by a policy-driven phase change in agroecology? Ebola’s social context”. Alegia: Ebola sortu ote da Mendebaldeko Afrikan politikak gidatu duen agro-ekologiaren aldaketaren baitan? Ebola bere testuinguru sozialean aztertu nahi izan dute Europa eta AEBetako sei adituk urrian argitaratu txostenean.

Horietako batek, abereen eritasunetan berezitua den Richard Kock albaitari ingelesak, agiria laburbildurik aurkeztu zuen urriaren 28an The Conversation webgune akademikoan. Biharamunean The Ecologist gune famatuak plazaraturik ezagutu dugu Kocken idatzia: “Oil palm explosion driving West Africa's Ebola outbreak” (Palmondo olioaren boomak ekarri du Ebola izurria).

Izurriteak kontrol guztiei ihes egin eta hartu duen zabalera Mendebaldeko Afrikako herrialdeetako txirotasunari eta osasun azpiegituren hondamendiari zor zaie, dudarik gabe. Baina adituon ustez ez da kasualitatea Ebola oraingoan nondik abiatu den: Gineako Gueckedou eskualdean piztu zen lehenbiziko kasua. Eta honek indartzen du oliotarako palmondoen pista.

Gineako agintari berriek Britainia Handian sortu eta AEBetan egoitza duen Farm Land of Guinea
Limited konpainiari lehenbizi 9.000 hektarea eman zizkioten 99 urtetarako alokairuan, gero 98.000 hektarea gehiago eta orain 1,5 milioitan zer egin planifikatu eskatu diote. Mundu osoan Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak ezarri dituzten arau gabetze eta liberalizazio politikek derrigortzen duten bidea horixe da, bertako ekonomia eta zerbitzu publikoak pribatizatu eta nazioarteko kapitalari eskaintzea, trukean garapena ekarriko omen duen itxaropenez.

Aspalditik etorri da aldatzen Gineako eskualde honetako oihana. XX. mende osoan zuhaitzak eta laboreak uztartzen dituen nekazaritza intentsifikatuz joan da eta liberalizazio globalizatzailea hasiz geroztik askoz gehiago. Azken urteotan oliotarako palmondoen monolaboreek hartu duten indarrak bestelako abiadura bat ezarri die aldaketei.

Ginean estatuak kautxua eta palmondo olioaren produkzioa sustatzeko  aspaldi sortutako SOGUIPAH enpresak azken urteotan jauzi handia egin nahi izan du esportazioan. Orain Ebolak eraso egin duen zonaldea hankaz gora jarri du SOGUIPAHek, palmondo hibridoak landatu arazi, nekazarien erosketak bezala salmentak zentralizatu, baserritarrei lurrak prezio merkeetan erosi, beste askotan lur horiek desjabetu... Eskualdeko jende askok aspalditik lantzen zituzten arroz, kafe eta kautxu alorrak abandonaturi, askok Nzerekore hirira egin behar izan zuten ihes.

Geratu diren baserritarrak proletario bilakatu dira, oliotarako palmondo hibridoen landareak beti konpainiarik erosi behar, produkzio guztia berari salduz. Eta elikagaiak sortzeko ez lurrik eta ez denborarik ez dutenez, eskualdean handitu da janari eskasia.

Garapen neoliberalaren xomorroa

200.000 biztanle dauzka Gueckedou hiriak eta bertan dago dokumentatuta Gineatik zabaldu den Ebolaren lehen kasua. Adituek, hala ere, uste dute beste Ebola mota batzuk gertatu direla inguruotan lehen ere, jendeen odoletan aurkitutako immunitate arrastoek erakusten dutenez. Gauza da Gueckedou ondoko herrixka guztiak gaur oliotarako palmondo alorrez inguratuta daudela. Eta palmondook maite dituzte Ebola gizakiari kutsatu dioten saguzarrek.

Saguzarrak esatea, Afrikako parajeotan, erraz eskuratzeko moduko okela esatea da. Oihanak gutxitzearekin batera urritu dira gainerako ehizakiak. Aldiz, palmondoak ugaritzearekin askoz eskurago daude orain saguzarrak. Gainera, fruituak biltzeko aroarekin batera hurbiltzen dira saguzar fruitu-jaleok Sahara azpiko aldetik.

Aurreko Ebola izurrietan ere, Kongokoan batik bat, aipatu zen saguzarren okelarekiko konexioa. Baina ez da saguzarrek gizakiari kutsatu dioten eritasun bakarra. Esate baterako, oliotarako palmondoak ugaritzearekin batera zabaldu zen Malasian Nipah birusa, saguzarrek fruituen gainean egindako pixarekin.

Baina ondo ulertu bedi, afera ez da saguzarra egitea errudun: ingurumenaren eta gizartearen aldaketa handiei lotuta dator izurritea. Epidemiologia aldetik hobeto ulertzeko, zientzialariok alderatu dute Ebolarekin gertatzen ari dena 1940 eta 1957 artean Britainia Handian poliomielitisarekin gertatu zenarekin. Bigarren mundu gerra bukatu arte polioa kokatzen bazen isolaturiko guneetan, autoen ugaritzeak herriok harremanetan jarri zituen bat batean: honek berak esplikatu dezake denbora laburrean kasu urri batzuk zirenak milioika bihurtzea.

Ginea eta Ebolaren kasuan, diote adituek, egituratze sozio-ekonomikoak –tartean nekazaritza monolaboreen ereduan murgildu izanak– kontrolik gabe askatu ahal izan ditu patogenoak bai ordura arte oreka ekologiko batean maila apalean atxikitako lekuetan eta are gehiago ordura arte eritasunarekin harremanik izan gabekoetan.

Oliotarako palmondoak daude agro-industriako korporazio erraldoiek munduan orokortu duten paradigma berriaren muinean. Iparraldeko herrialde aberatsek baliatzen dute bai jaki merkeetan erabiltzeko oliotzat, bai biodiesela ekoizteko. Aldiz, munduko eremu tropikalek nozitzen dute palmondo alorren zabaltzea: oihanak suntsitu, herri lurrak pribatizatu, lurrak atzerritarrei saldu...

Kronika honetan azaldu den hipotesiaren egileek ez dute ahaztu palmondoen testuinguru orokorrago hori. “Ebola Mendebaldeko Afrikan esplikatzeko atal gehiago badira, noski. Oihan gabetzea, garapenik eza, jendeen mugikortasuna, hiri erraldoietako txabolategiak, migrazioak, osasun sistema txarra... Horien guztien poderioz ez da garaiz ulertu isolatutako kasuek jokatu zezaketela sinergiaz Ebolari bidea errazteko ekologiazko baldintzak sortuz. Nazioarteak lokartuta bezala erantzun du, horrela izurriteari gogortzeko aukera emanez”.

Richard Kockek idatzi duenez, merkatu globala aldatu eta korporazio multinazionalei zergak barkatu ahala, baserritar txikiek hautu latza dute: edo dena utzita alde egin edo konpetitzen ahalegindu. Basoa da horrelakoetan lehen biktimetakoa. Testuinguru horretan piztu eta zabaldu denean Ebola, oztopo gutxi aurkitu ditu orain arte, garapen neoliberalaren estrategiak nola konpondu ez dakien seinale.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ebola
2021-02-22 | ARGIA
COVID-19az gain, Ebola agerraldiak atzeman dituzte Afrikan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginean atzemandako bi ebola agerraldiek aurrera egin dute. Nazio Batuen Erakundearen Osasun Agentzia birusa zergatik agertu den ikertzen ari da. OMEk gogorarazi du COVID-19a ez dela... [+]


Kongoko Errepublika Demokratikoa laguntzeko deia nazioarteari, ebolaren egoera larria dela eta

Ebola Gomara (Kongoko Errepublika Demokratikoa) iritsi da, Ruandatik 20 kilometrora dagoen hirira. Mugatik hain gertu dagoen hiri batera iritsi denez, Munduko Osasun Erakundeak nazioarteko intereseko larrialdi gisa sailkatu du egoera.


Salome Karwah
Ebolaren aurkako borrokaren sinbolo bihurtu zen emakumea hil egin da, medikuek laguntza ukatu ondoren

Salome Karwah liberiarrak ebola gainditzea lortu zuen 2014an. Otsailaren 22an hil egin zen, erditu ostean. Bere senideek salatu dutenez, medikuek ez zuten artatu nahi izan. Ebolaren inguruko estigmaz eta emakumeek Afrikako zenbait herrialdetan izurriteaz geroztik jasaten duten... [+]


2016-01-20 | Jon Torner Zabala
Davos 2016
Zer gai izango dute hizpide agintari politikoek eta enpresariek?

Robotak, terrorismoa, migrazioak edota desoreka sozialak izango dituzte hizpide Davoseko (Suitza) eski estazioan bildu diren agintari politikoek, enpresariek eta Leonardo DiCaprio bezalako hainbat pertsona famatuk. Urtarrilaren 23ra bitartean egingo den Munduko Ekonomia Foroak... [+]


2015-11-18 | ARGIA
Bye bye ebola!

Ebola gaitza gainditu dutela ospatzeko Sierra Leonan grabatu duten bideoa Beranduegiren blogean.


“Ebolatik ihesi Europarako bidea hartu nuen”

Gazte batek Afrikatik Europara bidean pasa dituen esperientzien kontakizuna jaso du Al Jazeera komunikabide arabiarraren erreportaje batek. 


Gaztelu batean bilduko da G7a protestaz inguratuta

Babariako alpeetako Elmau gazteluan bilduko dira G7ko buruzagiak ekainaren 7 eta 8an.


Ebola izurritea beherantz

Osasunaren Mundu Erakundeak urtarrilaren 21ean adierazitakoaren arabera, Afrikan astero ebolaz kutsatzen direnen kopurua erdira etorri da abuztuko eta iraileko datuekin alderatuta. Bidean ia 9.000 pertsona hil dira, eta milaka asko ebolak jota edo ahulduta geratu... [+]


Ebolaz kutsatuta egon daitekeen euskal herritar bat espainiaratu dute

Malin, Mugarik Gabeko Medikuen boluntario gisa ebola duten gaixoak artatzen ari zen mediku nafarra Madrilera eraman dute badaezpada berrogeialdian jartzeko, nahiz eta, momentuz ez duen gaitza izateko seinalerik.


Ebolaren mehatxua: sustraiak ekologian, adarrak geopolitikan

Urriaren 17ra arte 9.693 jende kutsatu eta horietatik 4.811 hil ostean, kutsatutako pertsonen kopurua hilabetero bikoizten duen Ebola izurritea bilakatu da munduko arazo nagusietakoa, etsai berri eta ezezagunak mehatxaturik sentitu direlako Europa eta Ipar Amerika. Barne... [+]


Ebola: Hanburgon ‘betiko tratamenduek’ sendatu duten gaixoaren ikasgaia

Ebolaren kontrako txertoa aurkitzea omen da, esaten digute osasun arduradun nagusiek, gaixotasunari atea ixteko gakoa. Aldiz, tratamendu “aringarriekin” lortu dute Hanburgoko Eppendorfen bizirik ateratzea Sierra Leonetik bertara abioiz arrapaladan eramandako 36... [+]


Kuba ebolaren aurkako borroka gidatzen, Mendebaldeak bere mugei begiratzen dien bitartean

165 osasun langile kubatar iritsi dira joan den astean Sierra Leonara, 461 pertsonako taldearen lehen txanda. Bitartean, herrialde aberatsek segurtasuna eta birusa beraien mugetan ez hedatzea dute jomugan.


Eguneraketa berriak daude