Jon Sarasuaren Hiztunpolisa liburu mamitsua da, patxadaz irakurtzekoa. Lasterkariak bagina, Sarasuarena maratoia litzateke, horrek dakarren arriskuarekin: azkar hasiz gero, itotzeko arrisku handia dago. Hobe, beraz, poliki-poliki abiatzen bagara, testuak lasai irakurriz eta maiz arnasa hartuz, atsedenaldiak primeran etorriko baitira gogoeta interesgarriei zukua ateratzeko.
Nire aleak azpimarratuak dituen ideietako bat euskal kantutegiari dago loturik. Idazlea Lapurdiko familiarekin mahaiaren inguruan elkartu, abesten hasi eta kantuak Euskal Herrian barna eginiko bidaiaz ohartu da, Aretxabaletan eta Itsasun berdintsu kantatzen baita, esaterako, “Aita Jainkoak egin banindu zeruetako giltzari…”.
Bidaia, jakina, oso aspaldikoa da, euskal eskola eta irratirik gabeko garaikoa, herriz herri eta ahoz aho egina. Aita Donostia, Azkue eta beste batzuen lan eskerga ahantzi gabe, noski, hura ere funtsezkoa izan baitugu otordu ondorengo melodietan, ñabardurak ñabardura, euskaldunak elkartzeko. “Mahaian jarri eta kantuak partekatuz xaramela gozoan egotea itzela da –dio idazleak–. Hori da kultura, hezurretaraino somatizatua”.
Ondorengo lerroetan, ordea, aldartea iluntzen digun doinua datorkigu. Hortxe duzue, Sarasuaren hitzetan: “Badut zalantza gure seme-alaben belaunaldian, hemendik hogei urtera edozein itsasuar eta edozein atxabaltar mahai batera biltzen badira, plazer hori konpartitu ahal izango duten. Baliteke, gure ikastola-eskola sistema nazionalak ez lortzea iraganeko zirkuitu kultural ezezagun haiek lortzen zutena”.
Idazlearen aburuz, kantutegiari etekin handia atera dakioke eskolan, adinez adin curriculumean ongi txertatuz gero. Sarasuaren proposamena gogoratu nuen lehengo egunean, gure koruan Adizan Gabriela lantzen ari ginelarik: doinu ederra, garai bateko gizartearen ispilu ona, euskara zoragarri bezain gozagarria. Eta zenbat horrelakoak, eskolarako altxor paregabea osa lezaketeenak.
Ados, beraz, Sarasuarekin. Kontua da proposamenak ez ote duen ezkutatzen etsipen moduko zerbait: eskolak har dezala kantutegia ezagutarazteko ardura ere, familiak ez baitu transmisioa ziurtatuko. Eta irakasleek bai? Aski da gure gaztetxoei beren afizio eta plazeren zerrendaz galdetzea erronkaren tamainaz ohartzeko.