argia.eus
INPRIMATU
Vatikanoaren jatorri paganoa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko azaroaren 05
San Pedro basilikaren kupula, Vatikanoko muinoaren buru. Vatikanoa Eliza Katolikoaren sinboloa eta bihotza da, baina jainkosa pagano baten izena du.
San Pedro basilikaren kupula, Vatikanoko muinoaren buru. Vatikanoa Eliza Katolikoaren sinboloa eta bihotza da, baina jainkosa pagano baten izena du.

Gerora Erroma izango zen hiri zaharraren inguruko muinoetako bat etruskoek erabili zuten, beste inork baino lehenago, hilerri gisa, K.a. VI. mende inguruan. Hildakoak hirietako harresietatik kanpo ehorzteko ohitura zuten, eta haien nekropolia Vatika azpimunduko jainkosak gordetzen omen zuen.

Mende batzuk geroago muinoaren hegian zirko bat eraiki zuten eta, kondairaren arabera, hantxe exekutatu zuten San Pedro. Horregatik, Konstantinok, Erromako lehen enperadore katolikoak, santutegi bat eraikiarazi zuen muinoaren oinean. Ordurako Muino Vatikanoa esaten zioten.

Eta haibat mende gehiago joan ziren aita santuaren jauregia eta San Pedroren omenezko basilika berria hantxe eraiki arte. Horrenbestez, eliza katolikoaren egoitza nagusiak jainkosa pagano baten izena du.