argia.eus
INPRIMATU
Atenas-Oñati-Manaus
Jakoba Errekondo 2014ko azaroaren 05
'Iriartea deltoidea', sustraiak lurretik kanpora ateratzen dituen palmondoa.
'Iriartea deltoidea', sustraiak lurretik kanpora ateratzen dituen palmondoa.

Laster ikusiko ditudan itxaropena dut, ondo bidez, Manausen, Amazonasen. Neureak ez, baina elkarren senide diren bi ikustera noa. Bata, Atenasen bataiatua, 1860an. Oñatin bestea, 1798an. Lehen ere bai, baina bataiatu ondoren ere, Erdialdeko Amerika eta Amazonas artean bizi dira.

Sokrates famatuaren ohorez bataiatu zuten Socratea exorrhiza. “Exorrhiza” hitzak adierazten du lurretik kanpora ere sustraiak dituela, trikimako sustraiak. Palmondo bat da, eta oihanean, argia jaso nahi badu, aldameneko zuhaitzekin borrokatuz luza eta luza egin behar, eta lurrean sendo bermatzeko, enbor bakarretik sustraiak luzatuz, oinarria zabaltzen du. Costa Rican, “palmondo ibiltaria” deitzen diote. Oihaneko kaosean adarren bat edo zuhaitzen bat gainera erori eta makurtzen badu, lurra ukituko duen tokian sustrai berriak eman eta zaharrak galduko ditu, eta, hala, bizitoki berri batera mugitu da.  

Iriartea deltoidea da Oñatiko kasta duena. Bernardo Iriarte, 1735-1814, Kanarietan jaioa zen, baina bere aitona, Juan Iriarte Etxeberria, oñatiarra omen. Gure Bernardo Espainiako erregeen gobernuetan aritu zen, batean eta bestean (Parman negozio arduradun, Londresen eta Erroman enbaxadako idazkari, Estatu idazkari, “Consejo de Indias”-en idazkari...). Itxuraz, inguruan barra-barra ibiliko zuen diruaren zati bat ikerketarako bideratu zuen, eta mezenas lan horri zor dio geroztik landare genero batek bere izena izatea. Iriartea deltoidea ere palmondoa da, eta, Socratea-k bezala, ibiltari izaera ematen dioten trikimako sustraiak luzatzen ditu. Abizena, “deltoidea”, delta edo hiruki formako hostoek ematen diote.  

Hiruki ederra, bai, Atenas-Oñati-Manaus. Atenas, Atena jainkosaren habia. Oñati, amabirjina okupa batek bereganatua. Manaus, bertakoen hizkuntzan “jainkoen ama” esan nahi duena.

Ikusi: http://www.pond5.com/es/stock-footage/7906613/raices-zancos-cubiertos-de-musgo-de-la-palma-iriartea-deltoi.html