Borborka ari da Nafarroako sumendiaren azpiko laba, duela bi aste Nafarroako egoerari buruzko eztabaidan Legebiltzarrean argi ikusi zen moduan. Barcina guztien aurka izan zen ikusitakoaren titulua. 2012ko ekainean PSN gobernutik kanporatu zuen unetik eguneroko ogia da eta legealdiaren amaiera ere gero eta aldapatsuago egingo zaio UPNko gobernuari.
Joan den astean Ezkerrak, PSNk eta Geroa Baik aurkeztu zuten Euskararen Legean aldaketa egiteko proposamena. Irailean Volkswageneko BEZarena eta Espainiako Ogasun Ministerioarekin izandako bilerak izan ziren. UPNk berak plazaratu zuen hezkuntzako liburuetan euskal doktrinatzea deitzen duena salatuz edo lehenago ETBren debekua. Atzerago begira, ika-miken zerrenda ia amaigabea da: CANeko desagerpena eta bileretako dietak, ospitaleko sukaldeetako pribatizazioa, Kontuen Ganberak ateratako txostenak, 80 kilometroko AHT (Iruñerria-Castejon) isolatua, Nafarroako Ubidearen inbertsio erraldoiak, Los Arcoseko lasterketa zirkuitua, oraindik ireki gabe dagoen Reyno Arena pabiloia (58 milioi euroko inbertsioa), San Ferminetako Museo proiektua, Nafarroako 45.000 langabetuak, Konstituzio Auzitegiak Legebiltzarreko legeei jarritako helegiteak…
Olatu horiek guztiak eta gehiago gainditu behar izan ditu Barcinak legealdian zehar, hainbatetan itolarrian. Laguntzarik ez etxetik kanpo eta etxe barruan ere estu. 2013ko martxoko UPNren kongresuan Barcina 76 botorekin gailendu zitzaion Alberto Catalan egungo Legebiltzarreko lehendakariari. Bitan geratu zen zatitua UPN eta oraindik ere horretan jarraitzen du. Miguel Sanz lehendakari ohiak argi gogorarazten dio labana txikiarekin zain dagoela: gogorragoa izan behar duzu Madrilgo helegiteekin; urrundu PPrengandik eta PSN erakarri; zaindu UGT eta CCOO… Lehia hor dago eta 2015eko udal hauteskundeen emaitzen ondoren, odolak batera edo bestera egingo du, batez ere emaitzak txarrak badira.
Azken hamarkadetan UPNren makulu izan den PSNren egoera ere oso estua da. Azken hiru hauteskundeetan oso emaitza urriak izan ditu: 51.000 boto 2011ko foru hauteskundeetan, 72.000 Espainiako orokorretan eta 31.000 europarretan. Urriaren 19an egindako primariak medio, PSNk dagoeneko hautatu du 2015eko bere hautagaia: sektore ofizialeko Maria Chivite senataria gailendu zitzaion sektore kritikoko Amanda Acedori, %58-%41. Chivite aterako da, halaber, PSNko idazkari nagusi alderdiak abenduan egingo duen kongresuan. Hil ala biziko egoeran da PSN.
Datorren maiatzeko hauteskunde giroa gero eta goriago da Nafarroako politikan eta alderdietako zerrendaburuen aurkezpena tantaka dator. Emakume izenak dira nagusi oraingoz. Yolanda Barcinak abuztu amaieran argitu zuen bera izango zela UPNko hautagaia. Uxue Barkos izango da Geroa Baikoa. Maria Chivite PSNkoa eta Adolfo Araiz EH Bildukoa.
PPko hautagaia Ana Beltran izango da seguruenik, baldin eta alderdia bakarrik aurkezten bada, eta hori ez dago batere argi. UPNren eta PPren arteko harremana ez da ona, baina batetik, PPren emaitza oso txarra izan daiteke bakarrik aurkeztuz gero eta, bestetik, gobernua galtzeko egiazko aukerarekin elkarrekin aurkeztea oso ondo neurtuko dute UPNn. Ez da erraza, ordea, jakitea egungo abagunean PPk botoak kenduko dizkion edo eman. Ezker Batuak eta Batzarrek osatzen duten Ezkerra koalizioak ez du oraindik argitu hautagaia nor izango den baina oso posible da 2011ko zerrendaburu Jose Miguel Nuinek errepikatzea. Podemosek ez du ofizialki erabaki aurkeztuko den ala ez, baina aurkeztuko da eta Fátima Frutosen izena entzun da zerrendaburu gisa joateko.
Iragan Europako hauteskundeetan partehartzea %46koa izan zen, baina lehenengoz ikusi zen PSN gabeko oposizioak irabaz ditzakeela hauteskundeak eta gobernu akordioa lortu. Horretarako emaitzek eman behar dute lehenik eta ondoren EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Podemos ados jarri beharko lirateke. Eta bada galdera handi bat hemen: nor ote lehendakarigai kasu horretan Adolfo Araiz edo Uxue Barkos? Askok iritzi diote Araizek boto gehiago lortuta ere Barkosek kontsentsua biltzeko erraztasun handiagoa lukeela. Barkosek tiradizo handia du Nafarroan, bereziki Iruñerrian, baina boto kopuru aldetik orain arteko inkestek Araizi ematen diote lehentasuna. EH Bilduk ezker abertzaleko kide historiko bat hautatu du. Bere garaian jada Araizek ba zuen irudi zabala eta serioa, eta irudi hori sendotu egin du tafallarrak, are gehiago azken urte luzeak Sakanako mankomunitatean kudeatzaile lanean aritu denetik.
Estatu osoan moduan, Podemos indar handiz dator Nafarroan ere (20.000 boto Europako hauteskundeetan) eta bada hirugarren postua ematen dion inkestarik, UPN eta EH Bilduren ostean. Hala balitz, Podemos norengandik legoke gertuago gobernua osatzeko, EH Bildutik edo Geroa Baitik? Teorian EH Bildutik, baina zer esango du Podemosek Madrilen hilabete batzuetara Espainiako hauteskunde orokorrak direnean? Kinieletatik baztertzen bada ere, hor izango da PSN, eta gobernurik osatzekotan, errazago egingo luke UPNrekin oposizioarekin baino. Urte erdi falta da oraindik hauteskundeetarako eta botoek jarriko dute bakoitza bere tokian, hori izango da erabakigarriena oposizioa edo gobernua nola eratuko den zehazterakoan.
Emaitzez gain, Madrilek iragarria du hurrengo gobernuan izango denak jasango duen zama astuna: Ogasun Ministerioak 1.513 milioi euro eskatzen dizkio Nafarroako Gobernuari –Barcinaren arabera 825– Volkswageneko BEZa dela eta. Aurtengo Nafarroako aurrenkontua 3.837 milioi eurokoa da; 2015erako aurreikuspena 3.417 milioi eurokoa (hirugarren urtez luzatua izango da). Nafarroako zor publikoa 3.500 milioikoa da eta egunero 320.000 euro ordainduko du 2015ean honen interesa. Madrilek dagoeneko ekin dio beldurraren estrategiari eta BEZaren gaiarekin argi adierazi dio balizko gobernu alternatiboari gainera datorkiona. Edozein kasutan, etorkizuna ez da samurra, baina aldaketarako haizea inoiz baino indartsuagoa da Nafarroan. Kale bultzada eta botoak behar dira orain eta, aritmetikak ematen badu, ondoren asmatu egin behar.
Ezkerrak, PSNk eta Geroa Baik Euskararen Legea aldatzeko proposamena egin dute Nafarroako Legebiltzarrean. Legearen 26. artikulua aldatuko da eta, funtsean, Nafarroako eremu ez euskaldunean euskarazko irakaskuntzari ateak irekiko zaizkio, baldin eta ikasle kopuru zehatz batek hala eskatzen badu. Lege aldetik honek eremu ez euskalduneko egoera eremu mistoaren egoera berdinean utziko luke, hau da, gutxieneko eskaria baldin badago, euskarazko lerro bat irekitzen da. Eremu euskaldunean gobernuak berak eskaini behar du hasieratik euskarazko eskaintza. Bildu eta Aralar-Nabai-ren ustez legeak ez du zonifikazioa hausten eta horregatik ez dute proposamena sinatu, baina lege aldaketa aurrera ateratzea ahalbidetuko dute.
Ikuspegi sinbolikotik urrats oso handia da Euskararen Legeari aldaketa hori egitea eta potentzialitate handikoa, funtsean euskal hezkuntzari ateak zabaltzen dizkiolako Nafarroa osoan. Praktikoki nola eragingo duen ikusi behar orain, legearen garapena Gobernuaren esku geratuko baita. Pentsa liteke datozen urteetan UPNren gobernu batek garatu behar badu, emaitza ez dela oso oparoa izango. Nafarroan aldaketa eman eta bestelako gobernu batek egingo balu, garapen handiagoa izango luke, zalantzarik gabe, atea zabaltzea giltzarri baita, baina askoz garrantzitsuagoa da gero bidea egitea.
Gobernu berri batek zonifikazioa bera hautsi beharko luke, horrela hizkuntza eskubideen mailaketa desagerraraziz. Ez ekonomian, ez eskubide sozialetan, ez osasunean, ingurumenean… inongo esparrutan ez da Nafarroa zatika banatzen eskubideei dagokienez. Zergatik hizkuntzan? Bestelakoa da legearen garapena eta hizkuntza politikak tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera garatzea, baina lehen, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak sortzea?
Iruñerritik beherako lurraldeetan, oro har, urria da euskararen presentzia eta hainbat gunetan euskararen aurkakoa ere bai, inkesta soziolinguistikoek behin eta berriz agertu duten legez. Urtetik urtera, baina, kontrako jarrera gero eta murritzagoa da (%69tik %46ra 1991tik gaurdaino) eta aldekotasuna gero eta handiagoa. Bada lanik, beraz, mamuak uxatu eta euskara mehatxu baino altxor gisa erakusteko.
Nahiz eta egin beharreko aldaketa handiaren lehen zirrikitua besterik ez den, norabide egokian doa eta lege aldaketa gauzatzen denean aukera oso garrantzitsua irekiko zaie Nafarroako euskaltzale eta euskaldun askori. Basamortuan egarri larri dabilenari ur botila eskaintzea da.
Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima. Horien artean, hitzez hitz “motibazio politikoko biktima gisa” aitortzen ditu Patxi Erdozain, Eneko Compains,... [+]
Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]
Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.
Contigo-Zurekinek proposatutako idatzian azaltzen da Europako eta Hego Amerikako merkatari erakunde nagusien arteko hitzarmen berriak muga-zergen deuseztatzea ekarriko lukeela, bertako ekoizleak, txikiak bereziki, kaltetuz. UPNk, EH Bilduk, PPk eta Voxek mozioaren alde bozkatu... [+]
PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk herri ekimen legegilea aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, gutxieneko soldata propio baten alde. Lanbide arteko akordio bat lortzeko ekimen bateratuak ere iragarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi... [+]
Arazo mentalak dituztenen kopurua haziz doa, oraindik ere estigma sozial handia dute atzean eta, horri aurre egiteko, buruko nahasmenduren bat dutenak lan mundura bideratzen saiatzen da Elkarkide, Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Lan horretan jarraitzeko laguntza eskatu du.
Irakasle hau egokitzen zaielarik, 6-9 urteko haurrengan beldurra, amesgaiztoak, antsietatea, negarra… orokortzen direla salatu dute Atarrabiako Atargi ikastetxeko gurasoek. Urtetako arazoa konpontzen ez dela-eta, haren klaseei planto egitea erabaki dute. Guraso elkarteko... [+]
"Erorien Monumentuaz sozialistekin akordioa lortu izan ez balitz, eraikinak bere horretan jarraituko luke aurrerantzean ere eta hori zen guk onartzen ez genuen aukera bakarra”. Hala dio Joseba Asironek. Entzun elkarrizketa osorik hemen sakatuta.
Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]
Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.