argia.eus
INPRIMATU
Jendarte solidario eta integratzailea sortu behar dugu

Juan Mari Arregi 2014ko urriaren 30a

Arabako PP hauteskundeei begirako kanpaina egiten ari da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DBE) eta bizirauteko sen primarioenak erabili nahi ditu horretarako: lehenengo ni eta gero “besteak”. Hala, xenofobiaren haztegi arriskutsua elikatzen ari da. Hamarkadak igaro dira sektore abertzaleek gure herrira iristen ziren immigranteak “maketoak” eta “korearrak” zirela esanez diskriminatzen zituztenetik. 60ko hamarkadan, eta bereziki ezker abertzalean, Euskal Herri Langilea hitza sortu zen, eta onartu zen herri honen parte zirela ez soilik berton jaiotakoak, baita Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutenak ere. Immigranteen integraziorako apustua izan zen.

Euskal abertzaletasuna gehien kritikatu duen horrek, alderdi popularrak, gutxiengo batek immigranteekiko duen ezinegona aprobetxatu nahi du orain, herritarren eta jendartearen kontra doan kanpaina xenofoboa abian jartzeko. Hala, amnesia kolektiboa zabaldu nahi du, jendeak ahaztu dezan zeinek sortu, sustatu eta baliatu duen milaka laguni eragiten ari den ekonomia krisia, edota zein diren sistemaren iruzurgile handienak: Rato, Blesa, Barcenas, Fabra eta abar. Horiek guztiak PPkoak dira, eta ez honen guztiaren benetako biktima diren immigranteak.

Euskal jendarteak Gasteizko Eskubide Sozialen Plataformaren lorratzari segi beharko lioke, sortu ahal izateko jendarte barneratzailea, kohezitzailea, anitza, diskriminaziorik gabea, eskubide unibertsalen jabe dena, solidarioa, bizigarria… Herri honek merezi duen jendarte eredua alegia. Eta eragile sozialek, erakundeek eta alderdi politikoek hauteskunde interesak albo batean utzi beharko lituzkete, bizikidetza sustatuko duten politika sozial eta integratzaileak arduraz garatzeko ordua baita.