argia.eus
INPRIMATU
Gizakiak eragindako leherketarik handiena

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko urriaren 29a

1961eko urriaren 30ean, Zembla Berria artxipelagoan, egungo Errusian, historiako eztanda nuklearrik handiena eragin zuten sobietarrek. Tsarraren Bonbak –hala esan zioten– proba-gunetik 4.000 metroko altueran egin zuen eztanda eta 50 megatoiko indarra askatu zuen, 1.400 aldiz Hiroshimako eta Nagasakiko bonbek batera askatutakoa. 100 kilometroko perimetroaren barruan harrapatutako guztiek 3. graduko erredurak izan zituzten gutxienez. Eta hori, bonbaren ahalmena erdian utzi arren. Izan ere, hasierako diseinuak 100 megatoira iristeko aukera ematen zuen, baina potentzia murriztea erabaki zuten “arrazoi ekologikoak” medio.