argia.eus
INPRIMATU
Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko urriaren 23a

Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako (2013-2016) iragarritako hamalau Plan Estrategikoetatik bat da Euskararen Agenda Estrategikoa. Legealdiaren ia erdira iritsi garenean, Legebiltzarrean aurkeztu dute. Hamahiru lan-ildo, 34 ekimen eta 168 ekintza zehaztuta daude. Ez da hutsetik egindako Agenda. Marko nagusia Euskara 21. Itun berritu baterantz dokumentua da. Dokumentu hark XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak jaso zituen. Beste oinarria, Euskararen Aholku Batzordeak 2012an egin eta onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana da.

Legebiltzarrean egindako aurkezpenean EH Bilduk eta PPk Euskararen Agenda Estrategikoa kritikatu zuten. EH Bilduren ustez, halako agenda bat legealdi hasieran aurkeztu behar zen, orain propaganda kutsua baitu. Xabier Isasi legebiltzarkideak adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritza ez da ari lortzen adostasunik hizkuntza politikaren gaian. PPko Iñaki Oiartzabalek ez du gustuko ez Agendaren norabidea, ez planteamendua, ezta bideratutako dirua ere.

PSE-EEren ahotik berriz, bi balorazio desberdin entzun dira epe motzean. Idoia Mendiak udan esan zuen diru gehiegi bideratzen zela euskara sustatzera. Legebiltzarreko aurkezpenean, aldiz, Jose Vicente Reyesek esan zuen, batetik, hizkuntza politikarako diru zakua aipagarria zela, eta bestetik, diru horren erabilera eraginkorrean jarri behar dela arreta.