BADUT LAGUN BAT argaltasunarekin tematuta dagoena, berearekin eta nirearekin. Medikuak pilula batzuk agindu dizkio eta, argaltzeko ez badira ere, jateko gogoa kentzen omen diote. Anitzetan bere piluletatik eskaini dit, argaldu nahian serio jarriz. Oraingoz, etorkizuna etorkizun, ezezkoa eman diot beti. Bitxia da lagunarena, zer pentsa eman dit frankotan, berari, paradoxikoki edo, gizenak gustatzen zaizkiolako oherako, batzuetan gizentasun larrikoak. Balirudike ez duela nirekin tentaziorik eduki nahi, baina horren atzean botere erlazio mota bat susmatzen dut.
* * *
JUANJO OLASAGARREK liburu batez hitz egin dit, non gizentasuna botereari kontra egiteko tresna bezala azaltzen baita. Finkatutako edertasun ereduaren kontra jotzen dute gizenek. Gizenak sexy agertzea probokaziotzat hartzen du gizarteak, ia erasotzat (Queer mugimenduetatik dator gero hurrengo urratsa. Gizontasuna bandera bihurtzea, alegia: gayetan bear, eta lesbianetan butchak). Gizenek osasuntsua izateko betebehar sozialaren aurka jotzen dute. Gizenek eritasun gehiago izaten dute, gehiago kostatzen zaizkio estatuari, ez dira hain produktiboak. “Ez da estetikagatik, osasunagatik baizik” bezalakoak gero eta sarriago entzuten dira argaltzeko aitzakian. Gizenek ematen duten nazka gizarte klasearen beldurrak noraino eraginda dagoen komeniko litzaiguke galdetzea.
* * *
LEHEN aipatu lagunak gizentasunarekin duen tema nik rol sexualarekin lotzen dut. Lehen esan bezala, gizonak gustatzen zaizkio, baina bere burua definitu beharko balu berak aktiboa dela aldarrikatuko luke. Askotan esan du. Esplizituki esan baino, pasiboez egiten dituen txistetxoetatik ondorioztatu ahal da. Modu hedakorrean da, izan ere, aktiboa. Gizonik heteronormatiboena izan daitekeen moduan. Eta pasiboekin eratzen duen erlazioa, menperatzailea, gizonik heteronormatiboenak emakumeekin daukanaren parekoa kausitzen dut nik. Heteronormatibotasunaren eskema binarioa eta inpositibo bera berritzen du, non “beste” bat behar dugun eraiki: ahulagoa eta menpekoa. Sexu edo genero rolen banaketa finkatu nahi izatean hala egiten dugu.
* * *
POBREAK gizenak dira. Telebistan gizon bat agertu da, negarrez ia, etxerik ez, lanik ez, jatekorik ez dituela esanez; kalean eta eskean ibili behar duela. Telebistaz alde honetara, iruzkinak ankerrak eta, txarragoa dena, okerrak dira: “Ba ez du ematen tipoak gose handirik pasa duenik”. Gizena da oso “emakumea”. Gizentasuna pobrea izateko gure gizartearen modua da. Jatetxe eredu guztiak hiperkalorikoak dira eta kapitalistenak eskaintzen du jateko merkeen.
Argaltzea eskala sozialean gora egiteko bitartekotzat (edo ordezkotzat) saltzen digute.
* * *
NIRE lagunak ez du irrika duena izan nahi. Eta desiratzen duen hura mespretxatzen du. Atzelaria ez du izan nahi, baina atzetik eman nahi du. Ez du gizen izan nahi, baina gizenengan finkatzen ditu begiak. Autogorroto mota gutxi gorabehera sofistikatua dela ulertu arte burua hautsi dut jarrera hori ulertu nahian.
* * *
ARTIKULU honen zirriborroa garbira pasatzean lagunaren izena desagerrarazi dut eta nor den identifikatzera eraman litzaketen aztarnak garbitu ditut. Zenbaitetan zalantzan gelditu naiz, neure letrari ezin atzemanda, “gizen” ala “gizon” idatzi ote dudan. Irakurleari bakarmena eskatzen diot noiz edo noiz trukatu baditut.