argia.eus
INPRIMATU
Ume bilakatzeko elkartasunezko oparia
  • Pirritx, Porrotx eta Marimotots Garratz eta Mingotsekin Trebiñun::Aupa Argantzon ikastola!

    Bonberenea Ekintzak, 2014

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2014ko urriaren 08a

Ohikoa da gure Euskal Herrian elkartasuneko ekintza moduan abestiak idaztea edo kantuen bildumak osatzea. Ohikoa eta txalogarria, dudarik gabe. Baina oro har musikazale moduan gero eta gehiago eskertzen ditut horien artean ohikotik gutxienez zertxobait aldentzen diren proiektu eta emaitzak, bederen originaltasun eta freskotasun puntu bat erakusten dutenak. Eta azken aldian umeekin lotutako halako bi proiektuk piztu dute nire arreta. Bata, urte hasieran orriotara ekarri nuena, Bakarrik eta libre Imanol Urbietaren kantuetan oinarritutako lan aberatsa, baliabideetan eta parte-hartzean arranditsuagoa. Eta bestea, Mingots eta Garratzek konposatutako kantuekin, bi horiek, beste hainbat musikarik, gurasoek eta Pirritx, Porrotxek eta Marimototsek Argantzon Ikastolaren alde egindako diskoa.

Trebiñuko Ikastolaren aldeko ekimenak xumea dirudi oinarrian, herrikoia erabat eta esango nuke proiektua parte-hartzaileak batzen joan dela bidean,  asmoez eta gauzak egiteko moduaz kutsatuta. Agian horregatik, hain zaila izan ohi den oreka lortu du diskoak: batutako kantek berdin balio dute umeen zein helduen gozamenerako.

Pertsona askok eman dute onena disko honetan, baina ezin aipatu gabe utzi Mingots –Dut eta Kuraian aritutako Joseba Ponce– eta Garratz –Lisaböko kide Karlos Osinaga–. Biak ala biak arduratu dira umeei idatzitako kontakizunei musika jartzen, beraien ibilbidean jorratutako estiloetatik urrun, baina oso fresko, irudimentsu eta dotore. Alboan musikari fin jatorrak izan dituzte eta denetariko instrumentu eta gailuak –azken hauek etxean aurki daitezkeenak– erabili dituzte estilo eta aurreiritzien gainetik, umeak bailiran, salto egiteko. Eta garrantzitsuena, diskoak goitik behera ederto pasa dutela transmititzen du, umeentzat zein ume izan nahi dugun helduentzat funtsezkoa dena.

Txiribil sugandil tronboi eta hammondak irekitzen dute, Kusturicaren parera. Pirritx rapean aritu da, eta kantak, B52ren tankera hartu ahala, Nina Hagenen gisa egiten du eztanda. Irria-k Rolling Stones izan dezake abiapuntu, baina rocketik urrunduz gero eta dantzagarriago bilakatzen da. Asteburua soula da, groove handiarekin, nahiz eta tartean txirula zein Teleñeco-ak gehitu. Nire kabuz baita ere piezak Pistols-en antzeko introa badu ere, hammondarekin tenperatura hartu eta Buzzcocks maisuen gisako punk-popetik hurbil, hit bihurtzen da. Perkusioa eta txirula ezkontzea ezinezkotzat hartu arren, Jethro Tull ere melodikoa izan daitekeela egiaztatu dute Nahiago dut kantan. Mamia estandarragoa da, Hertzainak-en usainean, skaren zipriztinekin, jendearen belarrietan geldituko da. Laku hop borobilak soula, hip-hopa eta jazza garatuta, hildakoak ere dantzan jartzeko lehergaia da. Eta diskoa ixteko, folk eta pop-rock iragazgailutik pasatako Alavatik Arabara ezaguna.