argia.eus
INPRIMATU
Ozono geruza, behar baino arinago ahantzarazi nahi den arazoa?
  • Iraileko lehen astean, hainbat telebista katetako albistegietan, aurten ozono geruzak ia kalterik jasan ez duela esateaz gain, ozonoaren krisia amaitzear zegoela adierazi zuten.

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko urriaren 01a
Azken bost urteetan Antartikan jasotako datuak ez dira izan hain txarrak, 
baina onak ere ez (argazkia: Jason Auch / CC-by).
Azken bost urteetan Antartikan jasotako datuak ez dira izan hain txarrak, baina onak ere ez (argazkia: Jason Auch / CC-by).

Entzundakoak asko harritu ninduen. Izan ere, ozono geruzaren unerik kritikoenak irailaren bigarren hamabostaldian izaten dira. Bestalde, urtebetez datu onak izateak baliorik gabe uzten du, besterik gabe, 30 urtean neurtutako datu-segida?

Orain arte NASAk publiko egindako iraileko datuetan ez da baieztatzen irail hasieran hainbat telebista katek azaldutakoa; are gehiago, iraileko datuak azken 30 urteotan neurtutako batez bestekoak baino txarragoak direla esan daiteke.

Joan den mendeko 80ko hamarkadan agerian geratu zen ozonoaren krisia: hainbat ikerlarik atzeman zuten Antartikan, negutik udaberrira igarotzean, ozono geruzak oso behera egiten zuela. Hurrengo urteetan baieztatu zen jaitsieraren erantzule nagusiak gizakiak emititutako klorofluorokarbonatuak (CFC) zirela. Zorionez berehala debekatu zituzten ehunka urteko iraupena duten CFCak, baina egia esan oso aurreikuspen katastrofistak zeuden hurrengo urteetarako. Mende honetako lehen hamarkadan, urtez urte Antartikan neurtutako datuak txarrak izan dira ere. Azken bost urteotakoak, egia, ez dira hain txarrak izan, baina onak ere ez.

Abuztu amaierako eta irail hasierako datuak erabili dituzte albistegietan ozonoaren galera iraganeko kontua dela esateko, baina ikuspuntu zientifikotik urte asko igaro beharko dira hori ziurtasunez baieztatzeko. Nork du interesa eta presa ozonoarena ahazteko, edota azken hamar urteotan Lurreko tenperaturak ez direla igo plazaratzeko? Badirudi batzuek bidea libre behar dutela garapen ekonomikoaren izenean edozer egiteko, orain arte Lurrari sortu dizkiogun arazoak ñimiñoak direla justifikatuz.