argia.eus
INPRIMATU
Nor zen Alessandro di Mariano di Vanni Filipepi?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko urriaren 01

Sandro Botticelli (1445-1510) margolari florentziar ezagunaren benetako izena da Alessandro di Mariano di Vanni Filipepi. “Sandro” izenaren laburdura da eta abizena, aldiz, jatorri zehatzik gabeko ezizena da. Batzuek uste dute anaiarengandik zetorkiola goitizena; anaia zaharrena nahiko gizena zuen margolariak eta “botticella” (upel) esaten omen zioten, hasieran anaia gizenari soilik, geroago familia guztiari. Beste bertsioak ere anaiarekin du zerikusia. Gaztetan, Sandro haren urregintza tailerrean aritu zen lanean, eta bertan jorratutako ofizioak eman omen zion izengoitia: “battigello” hitzak irabiatzaile esan nahi du.