argia.eus
INPRIMATU
Ikasturte berria, langarra zeruertzean

Jose Inazio Basterretxea 2014ko urriaren 01a

Abiatu da hezkuntza sistemaren ontziteria. Zein bere belaontzian, hor doaz haurtzaindegiak eta eskolak, institutuak eta lanbide-heziketako zentroak, unibertsitateak... pribatuak nahiz publikoak. LOMCE legearen haize kontrak haize kontra, eta auzapezen debekuak debeku, hor doaz, joan, denak India urrunetara.

Belak, ederrak. Besteekin batera, bere kolore eta lumarik ederrenak bistan, Euskal Herriko Unibertsitateak berak ere ekin dio bidaiari. EHUko errektoreak esana du ezen Europako trena hartu duela unibertsitate publikoak, beharrezko egokitzapenak egin direla eta irakaskuntza kooperatiboa eta dinamikoa ezarri dela graduetan eta graduondoetan.

Esana du ezen Bolognak ez duela ekarri unibertsitatearen ez pribatizazioa ezta merkantilizazioa ere. Esana, euskara desagertuko zela ziotenek itsasoan egiten zutela negar, planak bete egin baitira eta berriak diseinatzen hasita baitago unibertsitate publikoa.

Errektoreak dio ekainean amaitu zituztela EHUko ikasleek Europako Unibertsitate Eremura egokitutako lehen graduak, lehen promozioak. Eta ez gaizki. EHUk, gainera, bikaintasun-campusaren domina jasoa du... Haize unibertsalaren bila, hor doa, joan, EHU, oihalak eta banderak irekita.

Zurajea, ahula. Unibertsitateko agintarien esanak esan, ontziaren zurajeak arduratzen nau, zeren bainago ez dela nahikoa haize-oihal horiei guztiei eusteko. Bada kontu bat arduratzen nauena aspaldi. Eta da ikasleriaren komunikazio gaitasun eskasa. Komunikazio gaitasun linguistikoaz ari naiz. Batez ere, euskarazkoaz.

Letrak ikasten diren fakultate bateko irakaslea naiz, Kazetaritzan. Bada, bertako ikasleriaren euskara-gaitasunak ez du gora egin azken urteotan; aitzitik, irristaka doa itsaslabarretan behera.

Euskara herdoildua, trokelean egina, distirarik gabea, gramatika-akatsez betea... Ahulezia nabarmena du ontziak oinarrizkoak diren trebetasun komunikatiboetan. Nora eta zeri begira ari gara gure gazteak hezten?

Barkua zuzentzeko arduraren bat badu irakasleriak, alabaina zorabioak jota dago hura: estresaren mende, curriculuma loditzeaz arduraturik, eta burokraziak azpiraturik.

Haizeaz gizenduta, oihalak eta banderak helduko dira, heldu, India urrunetara; baina, merkantzia laster da galdua.

– Kapitain, ura sartzen ari da krosko pitzatutik.