Aurpegia pikorrez betetako mutil koxkorra da Elliot. Hamazazpi urte baino ez ditu. Irribarretsu egiten dio keinua kamerari, eta hatz erakuslea darama paparreko YES txapara. Harro dago: pasa den irailaren 18ko Eskoziako erreferendumean bozkatu zuen bere bizitzan lehenbizikoz. Bera, eta bere ingurukoak, Yes Generation gisara izan dira ezagunak, galdeketa aurretik, eta gerora. Agerikoa da zergatia: baiezkoaren alde bozkatu dute Ellioten adin bueltakoek, nabarmen. %71k, zehatzago.
Horrek baino, alderantzizkoak bete ditu egunkaritako orriak. Badakizue, irabazlea beti irabazle. Eta osatu dute profila mundu erdiko egunkariek: 65 urtetik gorako emakumeek eman ei diote garaipena unionismoari. Haiei eskerrak. Kontserbadoreak dira, eta libraren etorkizunarekin zalantzatiak. Ez dute dudarik egin kanpaina martxan jarri zenetik, ezezkoaren alde egingo zutela. Belaunaldi baterako konpondu dute auzia, diotenez. Hain dira anbiguoak belaunaldiak.
Independentistek, belaunaldiaren kontu beragatik, arnas apurra hartu dute. Porrotarekin erabat ez itotzeko bezain beste, bederen. Eta konfiantza jarri dute herrialdeko gaztetxoengan, hurrengoan bai, hurrengoan irabaziko dutela sinesteko. Soziologian jarri dute itxaropena, datorrenari begira. Hala sinetsi dute. Hala sinetsi dut nik ere.
Kontua da noiz arte izango den YES belaunaldia YES. Zenbat urte beharko dituen, alegia, Maybe izaten hasteko, eta azkenean, NO izaten bukatzeko. Gizakiok adinarekin tenteldu eta konformatzeko izan ohi dugun joera horregatik diot. Kotizazio urteekin batera kontserbadorismo dosiak banatzen dituen jendarte horregatik. Oraingo gazteak, bihar ez baitira gazte izango. Belaunaldien zain ematen dugu denbora, etorriko direnen zain, biharko egunerako ezin prestatuago daudenak. Bitartean, gure jendarte zaharkitu honetan, kontuak kontu, zaharrak dira beti gehiago, pikordunak baino. Zahar, emakume eta kontserbadore.
Agian horregatik galdetu du Jim Sillars SNPko kideak ea zer den belaunaldi bati itxarotearen kontu hori, independentzia oraintxe bertan agendan dagoenean. Agian horregatik utzi beharko genioke guk, hemen eta han, gazteria etorkizuna dela esateari, behingoz oraina dela esaten hasteko.