argia.eus
INPRIMATU
62. Zinemaldiko palmaresa
Ez daukagu galtzeko ezer, hori da pena
  • Donostiako Zinemaldiko 62. edizioaren palmaresak utzi duen zaporeak badauka zerikusirik aurreikuspenekin: parte-hartzaile guztiek daramatzate kopetan pintatuta espero dezaketenaren marra gorriak. Ez da gauza bera Sail Ofizialean eskubide osoz sartu zarela pentsatzea edo egotea bera garaipentzat hartzea.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko urriaren 01a
Magical girlek irabazi du 62. edizioko Urrezko Maskorra.
Magical girlek irabazi du 62. edizioko Urrezko Maskorra.

Bada lorpena: Loreak filmak historia idatzi du dagoeneko. Baina edizio honetatik txaloak baino zerbait gehiago eraman izan balitu, ondo mereziak izango ziren.

Zazpi sari nagusietatik lau Espainiako zinemarentzat izan dira. Nork esan du kontzesioa? Festibal hau marko batean kokatzen da, Espainiako industriarentzat garrantzitsua da. Eta horregatik segurata lokartuaren aurretik bezala pasatzen dira maisulan gisa ondo egindakoak izanagatik Berlin, Venezia edo Cannes hanka puntetan zeharkatuko zituzten ekoizpen batzuk.

Magical girl eta La isla mínimak ekarri dute berritasunik dena den, formalki baino, filmek duten irakurketa politikoan. Espainiako Trantsizioaren Kultura, gai batzuk sistematikoki baztertzen zituen narratiba gisa, amaitzen ari dela seinalatzen dute bi film horietan agertzen diren elementuek.

Euskal zinemak itxaron egin beharko du Zinemaldira espektatiba handiagoekin hurbiltzeko, agintariek hemen ikus-entzunezko industria sendo baten aldeko apustua egin arte, gero industria horrek festibalean zer edo zer irabazteko izan dezan. Momentuz, galtzeko deus ez edukitzearen lasaitasuna besterik ez dugu. Igualekoak dira zerbait irabazi behar duenaren urduritasunak.