Poesia herriaren ahotik hartu zuela zioen Gabriel Arestik eta herriaren ezagutza bizilagunengandik jaso dutela esan ahal izango dute Orioko gaztetxoek, herriko curriculuma prestatzen ari baitira. Informazio bilketa amaituta, ikastetxeei dagokie orain aztertu eta ekarpenak egitea, tartean Kilometroak jaia prestatzen dabilen Orioko Ikastolari.
Aresti baino, Jorge Oteiza edo Benito Lertxundi herrikideak eta hauen lana izango dute erreferentziatzat oriotar gazteek, horiek baitira herriko ondare. Hain zuzen ere, egitasmo honen garapenean behin baino gehiagotan izan dute gogoan eskultore oriotarraren adierazpen hau: “Zerbait berria sortzen duenak arraunlari baten tankeran egiten du, aurrera egiten du baina bizkarka, atzera begira, iraganera. Atzera begira lantzen du bere bide berria”. Hezkuntzan egiten ari zirena aztertu eta eztabaidatzeak ekarri zuen Orioko Curriculumaren beharra, izan ere, 2010ean egindako O3ten.HSN jardunaldietatik ateratako ondorioak izan ziren herriko eragileen arteko harremanak bideratu eta Orioren izaera garatzeko herritik sortutako curriculum baten beharra. Honen helburua Euskal Curriculumari ekarpena egitea da.
Oteizaren esaldiak berak agerian uzten ditu oriotarren izaeran eragina izan duten ezaugarrietako batzuk: arrauna eta itsasoa. Curriculumari begira, Giza eta Gizarte Zientzien arloan aztertu eta txertatu dute Orio eta itsasoaren arteko harremana. “Orio, itsasertzean bizi den herria izanik, errioak, itsasoak, arrantzak, ontziolek, arraunak, baserriek… asko eman digute eta zer esanik ez bere itsas kulturak, sormenak, tradizioek, istorioek”, dio Orioko Curriculumeko Ikastolako ordezkari Eli Urdangarinek. Horregatik, herriaren ingurune fisikoaren oinarrizko ezaugarriak eta aniztasuna ezagutarazi nahi dizkiete ikasleei, baita itsasaldean egoteak eragindako aldaketa ekonomiko, sozial zein kulturalak ere. Herri ontzigilea izanik, Orioko txikienek ba al dakite, adibidez, duela hamarkada batzuk zergatik zeuden hainbeste itsasontzi portuan eta hain gutxi gaur egun?
Irakaspena baina, ez dute edozein modutara egin nahi eta oriotarren ezaugarriak zehazteko bilketa lanaren aurkezpena egin zutenean, ekainean, Gizarte Zientzietan emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde egin beharreko lana azpimarratu zuten. Besteen parean jartzeko nabarmendu egin behar direla azaldu zuten eta esne-banatzaileen, azoketan ibiltzen direnen eta saregileen irudiak gogorarazi zituzten.
Informazio bilketan beste bi alor ere bereizi dituzte: Natur eta Osasun Zientziak eta Musika Hezkuntza. Lehenengoari dagokionez, herriko biodibertsitatea; osasuna, higienea eta elikadura; biztanleriak ingurunean duen eragina eta garapen iraunkorrerako bidea aztertu nahi dituzte. Musikaren arloan, berriz, interesgarri deritzote oriotarrak batzen dituen hogei kanten zerrenda osatu, musikaren historia jakin eta dantzak ezagutzeari.
Curriculumaren alde lanean ari direnek badakite herriko haurrek nekez izango dutela arazorik euskaraz ikasi eta aritzeko, “euskararen arnasgune” baita Orio. Ondorioz, bestelako erronkak dituzte. Herriko hizkeraren aberastasuna mantendu nahi dute, garai bateko bizimoduak pixkanaka galtzen ari den hitz multzoa utzi baitzuen herrian, asko itsasoari eta ontzigintzari lotuak. Herriko literaturak ere lagunduko die horretan.
Orioko Curriculuma Sortzen taldekoek gazteenen jarreran eragin nahi dute eta garbi izan dute euskal hiztun kontzienteak sortu behar dituztela. “Euskal Herrira kalitatezko euskal hiztunak esportatu behar ditugu”, adierazi zuten herritarren aurrean egindako aurkezpenean.
Horrelako proiektuen aurrean izaten da edukien erabakia eta idazketa aditu talde baten esku uzteko aukera, baina Orion bertako “aditu” eta “aritu”ek egin dute lan. “Orioko Curriculuma osatzeko orduan herri eragileek zeresan handia dute. Herriaren izaera biltzen duen dokumentu pedagogiko batean herriko ikastetxeak parte garrantzitsua dira. Hezkuntza ikastetxearen eta herriaren arteko zerbait denaren kontzientzia piztu nahi dugu”, dio Urdangarinek.
Horregatik, herrian bertan dituzten informazio iturriak baliatu dituzte oriotarren nortasuna garatu duten elementuak bilatzeko. Karkara herri aldizkaria izan da ardatzetako bat eta aurkezpenean argi adierazi zuten herriko erreferentziazko altxor bat dela. Interneten eta Ahotsak proiektuaren elkarrizketetan ere material ugari aurkitu dute.
Baina herritarrenganako hurbiltasuna are handiagoa izan da horietako batzuekin zuzenean izandako solasaldiei esker. Maria Sagrario Miralles herritarrak, adibidez, bere amonak frankismo garaian Maria Maestra haur eskolan bizitako esperientzien ekarpena egin die Curriculumari eta oriotarrei. Patxi Oliden “Danbolin”-ek, berriz, musikaz, euskaraz, gerraz, perretxikoez eta abarrez hitz egin zuen. Eta azkenik, Martin Lizasoren hitzak jaso zituzten. Elkarrizketa hauek material osagarri gisa erabiliko dituzte.
Datu bilketan, esan bezala, herriko eragile ugariren laguntza izan dute Orioko Curriculuma Sortzen taldekoek. Iaz Ijitoen Akordioa sinatu zuten taldeetako kideak arduratu dira informazioa biltzeaz, eragileak eta herritarrak “subjektu aktibo” bihurtuz. Arlo guztietako eragileak dira: Udalekoak, kirol eta kultura esparruetakoak, ikastetxeetakoak, Etxeluze Gaztetxekoak, Txurrumuski aisialdi taldekoak, Herrio Natur Taldekoak, Harribil Dantza Taldekoak, Danbolin Musika Eskolakoak…
Edota Gaztetxeko, Saltxerak taldeko eta Esperientzia Eskolako ordezkariak, adibidez, gosari-tertulian batu ziren joan den martxoan, hezkidetza hizpide hartuta. Gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna ardatz, lan munduaz, belaunaldi ezberdinek jasotako heziketaz, festez, eta abarrez aritu ziren.
Guztien lanari esker, joan den ikasturtean amaitu zituzten informazio txostenak eta irailean ikastetxeen esku utzi dituzte (Orioko Herri Ikastola eta Zaragueta Herri Eskola), Urdangarinek azaldu duenez, “irakasleek irakurri eta beraien ekarpenak egiteko”. Aurtengo abendua izango dute horretarako epemuga eta “ondoren, prozesu parte-hartzailearekin jarraituz, besteak beste hitzaldiak, mahai-inguruak, kafe-tertuliak antolatuz eta material guztiari azken begirada emanik, egungo fasea amaituko da”. Orduan hasiko dira Orioko Curriculuma idazten.
Proiektu berriak oraindik ez du ikasgeletan martxan jartzeko data zehatzik, baina dagoeneko badakite Lehen eta Bigarren Hezkuntzan aplikatuko dutela, eta jarduera eta ekintza berezien bitartez lantzeko asmoa dute.
Hala ere, herriari buruzko ezagutzak indartzeko asmoa ikasgeletan sartu da pixkanaka azken ikasturteetan. “Ikastolaren egitekoa, ikasle, guraso eta irakasleengana iristen laguntzea izan da, antolatutako ekintzen berri emanez eta parte-hartzea bultzatuz”, azaldu du Orioko Curriculumeko Ikastolako ordezkariak. Esaterako, larunbat batean egindako ekintza ikastorduetan txertatu zuten azken ikasturtean: “Bi ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak ekintza baten protagonistak izan ziren: herriko zutabe batzuk margotu zituzten, Oriori buruzko ezagutzak irudikatuz”. Autopista azpiko zutabe grisek kolore urdin, berde eta horia dute ordutik, eta han daude baleak, herri inguruetako mendiak zein toponimiako hitzak.
Curriculuma ikasgeletan sartzean egitasmoa gauzatu egingo da, baina ez da amaituko, herriaren izaera eguneroko gertaerei lotuta egonda eguneraketak beharko dituelako. Horrela lortuko dute helburua: “Orioko ikasketak amaitzean, gazteek herriko tradizioetan, ohituretan, kontakizunetan, herri-abestietan, elkarbizitzan zein ingurumenarekin zuzeneko elkarrekintzan elikatutako ezagutza izatea”.
Erria Txikota. Herri arrantzale bateko esamoldea da, Orioko Curriculumean barneratzeko modukoa. Arrantzaleek itsasora joan aurretik txikota (itsasontzia kaira lotzen duen soka) askatzeko lehorrera egiten duten oihua da, aurtengo Kilometroak jaiari esker Euskal Herri osora zabaltzen ari dena.
Hori izan da, hain zuzen ere, aurtengo jaiaren helburuetako bat: urriaren 5ean jendea herrian hartzeaz gain Orioren nortasuna herriko mugez harago eramatea. Eta horrek isla izango du egunean bertan ere, Herri Ikastolako guneko eskaintza osoa herriko eragileek sortua izango delako. Ibilbidean zehar, gainera, herriko adineko pertsonek emandako informazioarekin eta argazki zaharrekin osatutako panelak jarriko dituzte, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaira gerturatzen direnek ibilbide osoa egin eta Oriori buruzko bitxikeriak ezagutu ditzaten.
Gaztetxoek ere izango dute zer egina, iaz Tolosan martxan jarritako Erronka abentura lehiaketa Orion ere egingo baitute. Izandako arrakasta medio, ikastolen aldeko jai guztietara zabaldu da lehiaketa, eta herriko gazteak dagoeneko murgildu dira abenturan, ikasturte honetan herrian ospatutako Erria Txikota Astearen barruan probaren bat egiteko aukera izan zuten-eta. Ekintzaren ikusgarritasuna aprobetxatuz, zirkuituak dituen bost gunetako lautan jokatuko dute lehia eta finala arratsaldean izango da autopista azpian, uretan.
Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.
Kilometroak Ibarran ospatu dute urriaren 2an, "Irribarra" lemapean. Aurtengoaren berezitasuna izan da eremuak ez dituztela adinka bereizi eta ez dela kontzertuen gune bakar bat izendatu, eta jolas zein kirol aukera zabala izan dela. Horrekin, festa giro... [+]
Ohiko guneak goitik behera aldatu ditu Kilometroak jaiaren aurtengo edizioak, hitzaldiak ere antolatu dituzte urriaren 2 honetarako eta ezusteko bat baino gehiago prestatu dute. “Jai parte-hartzaileagoa” izango da, “aldarrikapenari toki handiagoa emango... [+]
Infinitu irribarra egitasmoa aurkeztu dute aurtengo Kilometroak Ikastolen aldeko festaren berrikuntza gisa: irribarrez ateratako argazkiak webgunera igotzera animatu dituzte herritarrak, irribarreen mapa bat osatzeko. Ibarran ospatuko den jaiari atxikimendua emateaz gain,... [+]
Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu du gaur eguerdian (urriak 4) Kilometroetako lekukoa Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Zubimusu Ikastolako arduradunen eskuetatik. Gipuzkoako Ikastolen esku geratu da, beraz, 2021. urteko Kilometroak antolatzea... [+]
Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]
Ikastolen Elkartearen Kilometroak egitasmoak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu dute beka hau lehen aldiz. 3.000 euroko diru-saria jasoko du hautatua izango den ikerlariak. Apirilaren 2 arte dago aurkezteko epea.
Kilometroak 2020 festa nagusia urrian izango bada ere, ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat Kilometroak txikia jaia izango da, eta igandean egingo dute, eskualdea girotzen hasteko.
Urriaren 6an izan da Ikastolen Elkarteak Gipuzkoan antolatzen duen Kilometroak jaiaren azkena, bai behintzat orain arteko moduan. Hurrengo urtekoa, Amasa-Villabonakoa, txikiagoa izango da eta parte-hartzea sustatuko dute.
Aurtengo Kilometroak jaia antolatzen ari den Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan, bigarren ikasturtea du Birsortu proiektuak. 5 urteko haurren esperimentazioa eta imajinazioa bultzatzea du xede, baita bizikidetzaren parte diren konplizitatea, negoziaketa eta liskarrak lantzea... [+]
Antolatzaileak oso pozik agertu dira igandean Oñatin Kilometroak Jaiak eman duenarekin: "Egun biribila izan da, bikaina". Eta bertaratu diren guztiei eta eguna arrakastatsua izan zedin lan egin duten boluntario guztiei esker ona adierazi diete.
Ez zaio arrotza Kilometroen jaien prestaketa Oñatiko Txantxiku Ikastolari. 1989an egin zuten aurreneko aldiz, eta irailaren 24an bigarrenez hartuko du jaia herriak. Mende erdia bete du aurten ikastetxeak, eta berrikuntza pedagogikoaren zurrunbiloan iritsi da urtemugara.
Kilometroak'16 ospatuko dute igandean Bergaran, Aranzadi ikastolaren eskutik, Demasa lelopean. Gipuzkoako ikastolen jaialdiak 40. edizioa izango du aurtengoa.