"Iragana ukatzea etsaiaren jokoa egitea da"

  • “Entzun dut ene baitan mendiaren deia...”.

"Arrisku gutxiago da sasian, errealitatean baino"Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gure baitan ibai bilakatzen doan erreka omen kontzientzia politikoa.

Euskal nortasuna beti zaindua izan da etxean, baina ez diskurtso politikoen bidez, naturalki. Beti azpimarratu zaigu harro behar genuela gure nortasunaz, euskaldun izateaz, jendetasunez eta zintzotasunez ez genuela burua apaltzerik kanpotarren aitzinean, frantsesez aritzeak ez zituela gu baino hobeak egiten. Lema hori ez zen etxekoa bakarrik, herrian eta eskola irakasle zenbaiten ahotan maiz entzuten genuen. Arrunt giro euskaldunekoa zen Baigorri, baina kanpotarrak jiten hastearekin bat ohartu ziren batzuk euskal nortasunari buruzko arriskuez.  

Berantago, Baigorritik jalgirik, Uztaritzeko seminarioan harrapatu ninduen 1968ko mugimenduak. 15 urteko mukizua nintzen, baina hor hasi ginen biltzarrak, planteak eta manifestazioak egiten. Baionara joan ginen manifestatzera. Hori izan zen ene lehen manifestazioa. Apezentzat hori sekulako afruntua izaki, denak kanporatu gintuzten, baina iraultza egina zen. Espirituetan, jarreretan, dena aldatu zen, “aski da, guk ere badugu zerbait errateko” aldarrikatu zuen jendeak. Espiritu aldaketa horrek izigarriko eragina izan du nigan eta militante bilakatuko zen Iparraldeko bigarren abertzale belaunaldian.

Hala, berezko urratsa izan zen 1970eko hamarkada hastapenean IK sortzea?

Gure buruaren jabe izateko mugimendua indartzeko erakunde armatu sendoa beharrezkoa zen guretzat. Konbentzituak ginen eta sortu genuen. Enbatakoak sobera epelak iruditzen zitzaizkigun, ez zirela aski urrun joaten, hauteskundeetara mugatzen zirela. Garai hartan hauteskundeetara aurkeztea ez zen premiatsua guretzat, ez zegoen baldintza egokirik, emaitza kaskarrek mugimendua indartu beharrean ahuldu egiten zuten. Gure ustez, lan sakonagoa eta jarraikiagoa eraman behar zen gizartean, ideia abertzaleak hedatu eta errotzeko, eta behin kontzientziak pizturik joaten ahalko ginen bozetara. Hori bai, hastapenetik genekien borroka armatuaren ondorioak zein izaten ahal ziren. Bagenekien ekintzek errepresioa ekarriko zutela eta errepresioak emanen zizkigula arrazoiak ekintza gehiago egiteko. Ekintza, errepresioa, ekintza, errepresioa... Gizartea arazo batez ohartarazten duen kate bat sortzen da. Errepresioa borroka armatuaren estrategiaren parte da, nonbait. Horregatik, bide hori hautatzen duzunean badakizu izanen direla hilak, zaurituak, presoak, eta sasira sartu beharko duten militanteak. Hautua egitean onartzen dituzu ondorioak.  

Nolakoa da sasiko bizitza?

Militante batentzat sekulako abantaila da sasian izatea, eguneko 24 orenak dituzu borrokarako. Lana, familia, lagunak, ageriko militantzia... Oso zaila da erakundearen gordezkako lanak garatzea zu agerian izanik. Denbora arazo izigarriak pausatzen ditu, hautu deserosoak eginarazten, eta erretzeko arrisku handiagoa duzu. IKren sorreratik sasian sartu arte 8-9 urte pasa ditut hola, eta biziki pisu eta lanjerosa da. Brakatze [edo lapurreta] baten ondotik, polizia hurbil nuela ikusirik, sasian sartu nintzen eta bat-batean bizitza legaleko zeregin guztiak desagertu ziren. Klandestinitatean borroka baizik ez zaizu gelditzen, eta motibatua eta konbentzitua bazara, bete-betean murgiltzen zara. Sekulako askatasuna da zinez hautatu duzuna egitea. Gero, ez-idurian, arrisku gutxiago da sasian errealitatean baino. Zuk hautatzen dituzu zure ibilmoldeak, zure mugimenduak, eta poliziak ez du elementurik jakiteko non zaren, zure inguruarekin moztu duzunez ez daki nora joan behar duen zure xerka. Herritarren partetik laguntza eta azpiegitura aski bagenuen, eta arraina uretan bezala bizi ginen.

1982an bi jendarme erailak dira Baigorrin. Batallón Vasco Españolek hartzen du ekintza bere gain baina poliziak IKri egozten dio atentatua eta zure inguru osoa atxilotzen. Nola bizi da hori sasitik?

Aterpetzen gintuen jendearen bizitza intimoan beldurra ikusten nuen. Baigorriko atentatua gure aurka jotzeko baliatu zuten, eta batez ere, izua hezurretaraino sartzeko. Hor arte, baziren arrangurak, baina joko bat bezala zen. Lehen hilak direlarik, alta, jendea gogoetatzen hasten da: merezi du, ez du merezi. Kasu honetan gogorrena ez zen gertakaria bera, egin ziguten propaganda baizik. Nahi zuten bezala aurkeztu zituzten gauzak, berri-sail guztietan matraka eman ziguten, denetan erakusten zituzten polizia eta jendarmeak jendea bortizki atxilotzen, eta guk gure xokotik “ez gara gu izan!” oihukatzen bagenuen ere alfer-alferrik zen. Inork ez zigun kasu egiten, inguruko jendea ikaraz paralizatua zen, eta sasian denak hori barne-barnetik sentitzen du. Biziki garai gogorrak izan dira bai pertsonalki eta bai mugimenduarentzat. Baina denborak beldurra lainotzen du, konfiantza berriz jiten da, eta berriz partitzen zara oinarri sanoago baten gain. Hori bai, lehen dudan bazinen, orain badakizu etsaia nolakoa den, nola jokatzen duen eta zer indar duen.   

Zure sasi-denboran, hildakoak izan dira bi aldeetan, baina batez ere, zuenean. Zer harreman zenuen heriotzarekin?

Armak hartzen dituzun mementotik pentsamendu saihestezina da. Militanteak tirokatuta edo lehergailua eskuetan zapartuta erortzen ikusten dituzunean, badakizu zuri gertatzen ahal zaizula. Alabaina, bere ondorioak osoki onartuta borrokatzeko hautua egin nuen eta banekien tiroketa batean eraila izateko probabilitateen %90 nuela. Aski segur nintzen gertatuko zela, baina eginahalak egiten nituen gerta ez zedin, ahal bezain luzaz segitzeko borrokan, ahal bezain luzaz bizitzeko, eta lagunak ere ahal bezain luzaz bizirik iraunarazteko. Hartzen nuen arrisku oro ahal bezainbat kontrolatzen saiatzen nintzen, baina ezinezkoa da den-dena kontrolpean ukaitea. Horregatik, badakizu gertatzen ahal zaizula, baina aldi berean, egun guztian horretan pentsatzen ari bazara ez duzu deus egiten, ez zara bizi.

1988ko otsailaren 20an atxilotu zintuzten Bokalen. Zer pasa zitzaizun burutik?

Zepoan erori ginela. Arma hartu eta aterabide bat atzematea izan zen lehen erreakzioa, baina fite ohartu ginen ez zela sekulako sarraskia ez zen ihesbiderik. Beti kasu egin dugu sarraskiak saihestu eta ahalaz bizirik ateratzeko. Bizitzak segitzen dueno bada esperantza, bada borroka. “Aldi huntan haiek irabazi dute... baina aldi huntan bakarrik” pentsatuz pausatu nuen arma, eta istant hartatik lehenbailehen eskapatu behar nuela baizik ez dut izan gogoan. Lehenbailehen eskapatu borroka segitzeko.

Ez zizkizuten lanak erraztu. 25 hilabetez atxiki zintuzten bakarturik. Nola jasaten da hori?

Egun bat bestearen ondotik. Egun bat, beste egun bat... Hastapenean ez dakizu zenbat iraunen duen, mementoa bizi duzu. Burua arras ez galtzeko, espiritua okupatzeko, eta zure gorputza ahal bezainbat trenpuan atxikitzeko memento hori antolatzen duzu. Nahiz eta bakartasunetik eskapatzea kasik ezinezkoa dela jakin, etengabe ari zara aterabide posible bat kausitu nahian, horrek atxikitzen zaitu. Arazoa da bakartasunean emeki-emeki errealitatetik urruntzen zarela, oharkabean beti gauza bera egiten ari zarela, beti gauza bera pentsatzen, ito eta errealitatearekiko lotura oro galtzeraino. Burua galtzeko arrisku gorrian zaude eta ez zara ohartzen. Hori da tortura zuria. Nik ez dut erotzeko beldurrik ukan, ez bainaiz ohartu, baina memento batez ez nintzen biziki argi eta zuzen izanen. Pentsa, hastapenetik hori baizik ezagutu ez nuenez, presondegia bakartasuna zela uste nuen. Handik astero kartzelaz aldatzeko baldintzarekin atera nindutenean, askatasunari buruzko urrats bat iruditu zitzaidan. Patiora atera nintzen lehen egunean alimalekoa iruditu zitzaidan, zerua ikusten zen, jende andana zegoen, bide zuzenean 20 metro ibili nintekeen... Ikaragarrizko buruko minarekin sartu nintzen zeldara. Alabaina, fite ohartzen zara presondegi arruntak ere badituela bere mugak, bere arazoak.

Eta urte batzuk lehenagoko Paueko kartzelatik IK-ko bi preso askatu zenituztela gogoan, ihesaren xomorroak hor segitzen du...

Esperantza hori banuen. Entsegu bat baino gehiago egin ditugu. Proiektu batzuk aski aitzinatuak genituen, baina azken mementoan beti gertatu da zerbait gure asmoa galarazi duena. Nahigabe gogorra da hori, etsipen beltzean sartzen zaitu, aldiro berriz hutsetik hasi behar, beste nonbait, beste baldintza batzuekin... Eta denbora pasatzen da. Ene betiereko kondenak esaten zuen gutxieneko 15 urteko segurtasun epea bete dudan egunera arte saiatu naiz kartzelatik ihes egiten. 15 urte beterik soilik erran diot ene buruari ideia hori ahanzteko, Euskal Herrian eta IKren baitan egoera aldatua zen, eta ni sasian izatea hain beharrezkoa ez izateaz gain legez ateratzeko manera bazen. Horrek eraman ninduen buru-belarri baldintzapeko askatasunaren borrokan murgiltzera, lau urte berantago, presondegia gibelean utzi arte.

Baigorrira itzuli aitzin bost urtez egon behar izan duzu Besiers-Biterrin. Nola ikasten da berriz bizitzen hemeretzi urtez preso egon ondoren?

Presondegian bizia ez da gelditzen. Kanpoko munduarekin moztua zara, baina euskal presoek bisita anitz ditugu, gutunak, badugu konektatuta atxikitzen gaituen lotura azkar bat. Ez zara arras ohartzen aldaketez, baina entzunak dituzu, kontatzen dizutenari esker irudikatuak. Badakizu ez dela lehen bezala izanen, espiritu, ikusmolde eta joerak aldatu direla. Internet, mugikorrak… 1988tik 2007ra sekulako aldaketak izan dira, badakizu aldaketak izan direla eta badakizu zure burua prestatu beharko duzula horiek barneratu eta menperatzeko. Prestatzen zara, baina ez zara inoiz arras prest. Kartzelatik ateratzea herri arrotz batean sartzea bezala da. Bitxikeria da jende anitz ezagutzen duzula herri arrotz horretan, baina jende horiek aldatu dira adinarekin, biziarekin, eta hastapenean zu ohartzen ez bazara ere, zu ere ez zara lehengoa. Banekien denbora beharko nuela, eta Biterriko pasaia behartu horrengatik edo horri esker emeki-emeki sartu naiz errealitate berrian. Orain, badira bi urte pasa Baigorrin naizela, etxean, anaiarekin lanean, eta baldintzapeko askatasuna otsailean bururatu zitzaidan.

2007tik hona anitz aldatu da Euskal Herriko panorama politikoa.

Ni preso nintzela, Lizarra-Garaziz geroztik, mahai gainean zegoen borroka armatua uztearen eztabaida. IK-k 2000. urtean erabaki zuen borroka armatua utzi eta estrategiaz aldatzea. Orduan, hauteskundeetako plataforma zen AB, eta Iparraldeko ezker abertzaleko indar ezberdinak bilduko zituen mugimendu politiko zabal baten alde egin genuen apustu. Indarrak metatzeko ezinbestekoa zen borroka armatua uztea. Horregatik eman genuen urratsa. Borroka armatuak eman zezakeena eman zuela iruditzen zitzaigun, emaitza baikorrak izan zituela, egoera aldatu zuela eta aldatzen segitzeko tresna berriak eman zizkigula, hori baliatzeko tenorea zela. Borrokatzeko garaitik eraikitzeko garaira pasa ginen. ETAkoek ere antzeko debatea zuten. Arazoa da, ene ustez, ez dutela jakin aski fite atzematen borroka armatutik ateratzeko manera. Zerbait erdietsita, Madrilekin negoziatuta, itxi nahi zuten borroka armatuaren aroa. Entseatu, entseatu eta entseatu, urteak pasa dira, eta konfiantza pitzatu da, sinesgarritasuna eta eraginkortasuna galdu, eta gero eta zailagoa zen presoen auzia bederen konpontzea. Aspalditik naiz estrategia aldaketaren aldekoa, eta etorri denean, begi onez hartu dut. Berantegi etorri dela? Agian, baina etorri da, eta ongi etorria. Horiek hala, estrategia aldaketa aitzina eramaten kostatzen dela ikusten ari gara. Presoak bidean utziak izan dira, dilindan. Banaka-banaka atera behar badira noiz aterako dira azkenak, hogei urteren buruan? Hori onartzeko prest gaude? Horretan ezin da amore eman, amnistia bat behar da. Estrategia aldaketak ez du erran nahi dena uzten dela, borrokak beste gisa batez segitzen duela baizik.

Hala nola?

Ez da gehiago borroka armatua erabiltzen indar harremana probokatzeko. Orain, euskal gizarteari dagokio lehentasuna eta pisua hartzea indar harreman hori gauzatzeko. Horretarako, mugimenduak gizarteari buruz itzuli behar du. Batzuetan iduri du egungo estrategiaren motorra iragana ukatzea dela, eta ez, estrategia aldaketa iragana baloratzea da, borrokak eman dituen emaitza eta tresnen baliatzea beste estrategia bat zutik emateko. Madril eta Parisek ez dute deus laxatuko indar-harremanik gabe. Horregatik, iragana ukatzea etsaiaren jokoa egitea da.

Nortasun agiria

Filipe Bidart (1953, Baigorri). Ikastolako irakasle eta hedapen lanetan aritua, Iparretarrak (IK) erakunde armatuaren sortzaile eta buruzagietako bat izan zen. Sasian urte batzuk emanik, 1988an atxilotu zuten Bokalen, eta bizi osoko zigorrera bi aldiz kondenaturik, 2007an utzi zuen kartzela baldintzapeko askatasunean. Joan den otsailetik frantses justiziarekiko zorrak kitaturik, Baigorrin bizi da egun.    

Azken hitza
Erabakitzeko eskubidea

“Erabakitzeko eskubidea onartu eta errespetatzeak Euskal Herria badela eta bere geroa erabaki dezakeela erran nahiko luke. Hori irabaztea %90a irabaztea litzateke. Eskozia eta Kataluniari so loriatzen gara, baina ez da berehalako. Borrokatu beharko da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iparretarrak
2021-12-14 | Beñat Espil
Gora Allande gudaria!

Nihau bürüari izigarriko desafio bat ezarri diot: Allande Sokarros, ekialdeko Etxebartar seme eta Iparreko anaiaren bizia, horrialde bakar batean llabürbiltzea... Desafio izigarria Allanderen bizia ez beita izan lasaiezko ibai lüze bat. Bena halerik ere... [+]


2021-12-10 | Axier Lopez
Allande Sokarros kazetari eta militante euskaltzalea hil da

Allande Sokarros kazetari, itzultzaile eta militante zuberotarra zendu da 64 urterekin. Kazetaritzan urte luzez aritu da, ARGIAn eta beste hainbat hedabidetan.


2021-07-21 | Mikel Asurmendi
Manex Pagola: «Frantzian demokrazia oso ttipia da, Filipe Bidart auzia lekuko»
«Carlos Garaikoetxea dimentsio handiko politikaria izan da, Euskal Herriak bere balioa gehiago baliatu izan balu, naski, ez ginateke egungo atakan» diosku Manex Pagolak. Gure solaskidea Euskal Herrian gaindi dabil goizdanik politikaren karietarat: «Nahiago nuke denbora... [+]

2021-07-20 | Mikel Asurmendi
Ttotte Etxebeste: «Kudeaketa politikoaren garaia iritsia zaigu abertzaleoi»
Iparraldeko mugimendu abertzalea erabat, eta jendartea oro har, Filipe Bidart preso baigorriarraren askapena exijitzen ari da etengabe. Frantziako auzitegiek alta, bi aldiz -urrian eta abenduan- errefuxatu dute eskaera. Eskaera otsailaren 1ean izanen da berriz aztertua.


[+]


2021-07-20 | Mikel Asurmendi
LEONGO AFERA
LEONGO TIROKETAREN AUZIA EDO LAU MILITANTEEN OHOREA
Leongo afera gertakari ilun gisara pasako da gure herriaren historiara maleruski. Egun hauetan Parisko asiseetako gortetan Euskal Herriaren alde borrokaturiko hiru militanteen kemena eta ohorea dago auzian. Popo Larre desagertuarekiko gorazarre duina, bestalde.

2021-07-19 | Eider Rodriguez
Filipe Bidart: «25 hilabete horietako laburpen baten azalpenera mugatu naiz»
Liburuaren nondik norakoak?
2000. urtean, Seaskako lizeoan, Etxepare ikastetxean, Elorri ene alabaren ikasgelan bakartasunari buruzko idatziak aztertzen ari zirelarik literaturan, ene lekukotasuna galdein zautaten. Idatzi labur bat nahi zuten, «bi hitzez», baina abiatu eta... [+]

2021-07-19 | Ixabel Etxeberria
«Zaila da Iparretarrak-ek jada biribildua duen autonomia proiektuaz eztabaidatzea»
Mixel Berger arkitekto EBko militanteari elkarrizketa
«Zaila da Iparretarrak-ek jada biribildua duen autonomia proiektuaz eztabaidatzea»
MIXEL BERGER
A lgeriako gerlaren ondotik Euskal Herrira etorria, arkitektoa da lanbidez. Politikagintzan egin du, baina, bide... [+]



2021-07-19 | Ixabel Etxeberria
«Kadira dut askatasunaren prezioa, beste batzuentzat garestiagoa da»
Ttotte Etxebeste, euskal preso politiko ohiari elkarrizketa
«Kadira dut askatasunaren prezioa, beste batzuentzat garestiagoa da»
Ttotte Etxebeste, euskal preso politiko ohia
Polizia frantses batek 1988ko otsailaren 19an atxilotzeko unean bizkarrean jotako tiro baten... [+]



2021-07-19 | Ixabel Etxeberria
«Borrokaren ildoa bateratzeko urratsak zehaztu behar dira»
Iparretarrak erakundearen bozeramaileekin elkarrizketa
«Borrokaren ildoa bateratzeko urratsak zehaztu behar dira»
Apirilaren 10eko prentsaurrekoa baino lehenago mintzatu zitzaigun Iparretarrak:
Borrokan hogei urte egin berri dituela eta, Iparretarrak erakundearen... [+]



2021-07-19 | Mikel Asurmendi
LANDETAKO TIROKETA: AUZI ILUNA ARGITU NAHIAN
Leoneko (Landak) tiroketari buruzko gertaera ulertu aldera, komeni da auzi honetan inkulpatuak diren hiru militanteen erakundeaz hainbat zehaztapen egitea. IK-i buruzkoak, hots. IK 1973an sortu zen. Filipe Bidart izan zen klandestinitatera pasa zen lehen militantea: 1980an. Urte... [+]

2021-07-12 | Mikel Asurmendi
Eneko Bidegain
«Autonomiaren bidea hartu dute IK gogor kritikatu zutenek»
Baiona, 1975. Kazetaria. Ekaitza astekarian hasi zen kolaboratzaile lanetan eta Euskaldunon Egunkarian zaildu egunerokoaren zereginean. Berria egunkarian dihardu gaur egun. Idazlea da, halaber. Besteak beste, Anbroxio eta Mahatsaren begia eleberriak eman ditu argitara. Oraindik... [+]

2020-06-15 | Mikel Asurmendi
Baigorriko parrokian Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrea

Jean Batiste Bidart Kuxkurrio, 2020ko ekainaren 8an zendu zen Baigorrin, 93 urte zituelarik. Ekainaren 11n, Baigorriko parrokian, Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrearekin amaitu zen ekitaldia.


Gaurko egunez, Iparretarrak-eko Maddi Hegi eta Gabi Mouescak Pau-eko espetxetik ihes egin zuten

Gaurko egunez, 1986ko abenduaren 13an, larunbata zen, Iparretarrak erakunde armatuko militante Maddi Hegi eta Gabi Mouescak Pau-eko espetxetik ihes egin zuten. Espetxe aldaketa bat irudikatuz, hainbat ekintzaileren plana ongi atera eta espetxeko ate nagusitik atera ziren.


2018-08-07 | ARGIA
Duela 35 urte desagertu zen Popo Larre jendarmeekiko tiroketa batean

Gaur bezalako egun batez duela 35 urte, 1983ko abuztuaren 7an, desgertu zen Jean-Louis Larre, Popo ezizenez ezaguna, Landetako Leon herrian Frantziako poliziarekin izandako tiroketa baten ostean eta inoiz ez da haren berri gehiago izan. Haren adiskide eta burkideek uste dute... [+]


Eguneraketa berriak daude