Bazter guztietako txokorik ederrena? Akaso hori pentsatu dute askok Kataluniako hiriburuaz, bazter guztietatik hurbiltzen ari baitzaizkie turistak azken urteotan. Guzti guztietatik. Itogarri bihurtzeraino. Bizilagunen gainetik pasatzeraino. Imajina portaletik atera orduko hankapean hartzen zaituela argazki kameraz armatutako ejertzito batek. Helburua, bakarra: Sagrada Familia konkistatzea. Park Güell berenganatzea. Souvenir dendak arpilatzea. Eta Lonely Planeteko top place guztietan posizioak hartzea.
Udan han egon bazara badakizu zer den; bestela, aski da Youtuben sartu eta Eduardo Chibásek zuzendutako Bye Bye Barcelona dokumentala ikustea. Hiriak jasaten duen turismo basatiari buruzko ordubeteko filma da eta perspektibarekin kontatzen du gaur egungo desastrea. 1992ko Joko Olinpikoekin hasi zen lasterketa: hamarkada haren hasieran 1,7 milioi turista izatetik, 2013an 8 milioi baino gehiagora pasa da. Eta kafe bat jokatuko nuke aurten kopuru hori gainditu egingo duela Europa osoarentzat modako leku bihurtu den Bartzelonak.
Baina hiria gainezka egiten hasi da, Barcelonetan uda honetan izan diren istiluek aurreratzen dute, ez dago prestatuta jendekada horietarako. Klaro, zenbaiten patrikak bai, eta hor hasten dira eztabaidak. Krisi ekonomikoak aitzakia ona eman die turistak zukutzen dituzten enpresei, beraien negozioarekin lotutako edozein jardueraren bandera defendatzeko. Bartzelonako agintarien arrapostua zera izan da, gutxi gorabehera: “Dirua dakar? Orduan aurrera”.
Aurrera, herritarrenak ziren kaleak turisten mesedetan galtzen –hain bartzelonarra den Ramblan, 10 pertsonatik 8 turistak dira gaur egun–; bertakoentzat ziren jatetxeak ixten, bisitan datozenen gustukoagoak diren fast-foodak zabaltzeko; hiriko inbertsio nagusiak kanpotarrentzat planifikatzen; eta, aurrera, ororen gainetik, espekulazio inmobiliarioarekin, jendea bizi den etxeetatik joan dadila “animatzen” duten hirigintza arauekin, mobbing kasuak ez aipatzearren, hotel eta ostatu berriak zabaltzea helburu.
Kontuak sustoa ematen du, jarduera ekonomiko “biguna” izan litekeen turismoaren aurpegi itsusiena erakusten duelako. Eta gain-esplotazio hori imitatzeko tentazioak antzematen dira paraje hauetan –Guggenheim efektuak eman zion abiatzeko tiroa fenomenoari eta geroztik hainbat kirol eta kultur ebentok elikatu dute–; beraz, gertakari katalan honi ere erreparatzea ez genuke debaldekoa. Tourist, remember, you’re in the Basque Country baino zerbait gehiago esaten hasteko ordua guri ere iritsiko zaigulako, akaso.