argia.eus
INPRIMATU
Bidaiariak

Itxaro Borda 2014ko irailaren 24a

Uda honetan Iratxe Gutierrezen luma pean Sinead O’Connorren ohorezko artikulua irakurri nuen. Ez nintzen beraz bakarra, irlandarraren ahotsaren xarmak eta indarrak liluratua zebilena. Bakarrik ez izateak sosegatu ninduen. Eta gaur, hemen nago, I am here, Dublineko hotel zahar bateko gelan I’m Not Bossy, I’m The Boss albuma entzuten: boza, musika, testuak. She is the best(e).

Bidaiaz abiatzean nortasunez eta senez aldatzen gabiltza. Ez gara exiliatuak, are gutxiago ihesean dabiltzanak. Hiriko plazetan ausatu gaitezke eguzkitan, sorterriko traumak ahantziz. Egoerak ankerra dirudi horrela hotzean. Kontuan edukitzekoa da ordea, bai Irlandak, bai Euskal Herriak, bai Kataluniak, bai eta Eskoziak demagun, gerla ondoko bake apurra merezi dutela Thank you for loving me hauteman arau.

Aitormenaren ildoa urratu dezadala: Sinead O’Connor handiak nire bizitzako urrats garrantzitsuenak bere soinuez azpatu zizkidan, Parisetiko itzulera trenean This is to mother you, Mauletik Baionaratzean Emma’s song, eta jada etxe-alda egin berri dudala Kisses like mine.