argia.eus
INPRIMATU
ARGIA Eguna
Kobazuloetakoa iragan urruna denean

Josu Landa 2014ko irailaren 24a

Behinolako 1980ko hamarkada hastapenean Argian ibili ginenok satorren edo saguzarren antzera ibili ote ginen susmoa daukat, gotorturik, isolaturik, erdi-itsu, kobazuloetan bizi bagina legez. Ezinbestean hala behar zuen, orduko euskaldun gehien-gehienek pentsatzen baitzuten euskara hutsezko prentsak ez zuela merezi, elebiduna deiturako prentsa zela etorkizuna. Kobazuloetan bezala bizi ginen, beraz, kafea edo mokadua hartzera kalera irteten ginen bakoitzean alferrik ari ginela zioten ahotsak nonahi entzuten genituen eta.

Handik gutxira Argia Eguna antolatzen hasi ginenean, kobazuloetatik ateratzen hasi ginela esan liteke, edo hala izan zedin saioa egin bederen. Ordura arte izan genituen sostengu bakan baina egoskor eta ezin ordainduzkoak –Beasain, Elgoibar, Deustu, Iruñea ditu gogoan nire oroimen kamutsak– sendotzeko eta biderkatzeko ahalegina izan zen. Urtean behin kalera ateratzen hasi ginen jendearen esanak zuzenean entzutera, aski urduri gutako batzuk.

Labur aldera, 1990a nahi nuke gogora ekarri, besteak beste Argia Egunek emandako bultzadari esker Euskaldunon Egunkaria abiatu zeneko urtea. Eztabaida luze bezain katramilatsua izan genuen orduan, ea egunkaria izanda Argiarekin jarraitzea merezi ote zuen. Ika-mika haren erresoluzioaren nondik norakoa begien bistakoa da, esku artean duzue froga. Ez dut uste gaur egun askok kuestionatuko dutenik duela ia hogeita bost urte hartutako erabaki haren zuzena. Beharrik, hementxe dirau Argiak, euskal prentsak garai batean ametsetan ere usteko ez zuen aniztasun panorama oparoaren parte.

Inon gutxi usaintzen diren gaiak eta planteamenduak irakur daitezke Argian egun. Eta asko da hori, baina bada besterik: astekariaren enpresa egitura erlatiboki txikiari esker, aspalditxotik kobazulo itxura izateari utzi zion Lasarte-Oriako egoitzatik –prentsa ekarpenez gain– jendartearen eta bere egituren antolatze horizontalago baterako aukera dago, eta aukera hori ederki baliatzen ari da oraingo lan taldea. Uste dut ez garela gutxi talde horretatik iristen zaizkigun ekarpen eta gogoetak arretaz jarraitzen ditugunak, gizon deituak izan edo emakume deituak izan. Eredu berri eta iraultzaileen premia inoiz baino gorriagoa dugunean, zer pentsatuaz gain, poza eta esperantza ematen dute horrelako tematzeek. Ea Usurbilen jendeak zer dioen.