"Ongi egokitutako kapitalistak gara euskaldunok"

  • Lan etnografiko guztiak ez dira iraganaz mintzo. Tania Arriaga kazetari iruindarrak nafar ekintzaile talde baten esperientzia aztertu du Renoko Euskal Ikerketa Zentroan egindako tesian.

Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Beti ari zara gauza berriak egiten. Zer da ikastarotik ikastarora, lan batetik bestera eramaten zaituena?

Nik uste dut momentuan jakin-mina pizten didanera jo izan dudala beti. Hala ere sentsazioa daukat beti aritu naizela gai beraren inguruan, baina ikuspuntu desberdinetatik: komunikazioa eta kultura. Doktoregoan teknologia berrien erronkei buruz aritu nintzen, Euskal Kultura graduondoa egin nuen, gidoigintza ere bai… Garai batean Euskaltzaindiaren arauak eta guzti erosten nituen! Komunikazioan gustatzen zaidana da istoriotxoak kontatzea. Istoriotxoegilea izan nahi nuke. Eta zientzia fikzioa ere ikaragarri gustatzen zait.  Elkartzean badituzu kultura, komunikazioa eta zientzia fikzioa, ateratzen dena komunikaziorako teknologia berrien arloa da, eta hori da orain gehien interesatzen zaidana.

Komunikabide askotxotan aritu izan zara.

Orio produkzioak etxearekin Mihiluze saioan aritu nintzen hasiera-hasieratik, bost urtez. Hori baino lehen Nafarroako zenbait herri komunikabide txikitan aritua nintzen: Esan-Erran, Beleixe eta Aralar irratietan eta baita kolaboratzaile Nabarra, Zazpika eta Artez aldizkarietan. Dena den, nire lehenbiziko lana ETBko teletestuan izan zen. Albisteak itzultzen nituen eta formatura egokitu. Etengabe. Egunean 50bat albiste, txurroak bezala. Nahiko freakya izan zen. Hasieran polita zen, baina iritsi zen momentua non ikusten nuen jada ez nintzela ezer ikasten ari. Aspertzen nintzenez, lan egin bitartean dokumentalak ikusten hasi nintzen. Australiakoak bereziki.

Eta teletestua utzirik Australiara?

Bai, horixe. Aurreko urtean irabazitakoa, langabezia saria eta dena hartu, eta hara joan nintzen bidaiatzera eta jendea ezagutzera. Sei hilabete eman nituen han paseoan. Uste dut nire bizitzan hartu dudan erabaki onena izan dela. Bai neure burua, bai nire herria kanpotik begiratzeko aukera izan zen bidaia hura.

Eta handik Seattle-ra (AEB)? Zer dela eta?

Amodioagatik. Australian ezagututako bikotekidearekin joan nintzen. Han izan nintzen unibertsitatean ingelesa ikasten buru-belarri eta amodio historia bukatu zenean etxera itzuli nintzen, bihotza hautsirik, berriz zerotik hasteko, beti bezala. Hainbat fabriketan eta irratitan aritu nintzen lanean eta ondoren etorri zen telebistarako jauzia. Nire lehen lana Ispiluen jauregian telefilmean izan zen, produkzio laguntzaile. Hor ikasi nuen nola egiten den film bat. Ondoren gidoigintza hasi nintzen ikasten. Dena dago Rubik kubo berean. Euskal Kantuen Gaua saioan aritu eta gero Mihiluzera pasa nintzen. Izugarrizko lana, baina oso polita. Lantaldea oso jatorra eta Kike Amonarriz eta Ilaski Serranorekin biziki gustura. Kike fenomeno bat da. Oso pertsona azkarra eta umila, badaki jendearekin bikain lan egiten… Nik izugarri maite dut. Aupa Kike!

Eta telebistatik Renorako aldaketa nola izan zen?

Ziklo hura bukatutzat eman nuen eta handik gutxira ahizpak bidali zidan Renoko Euskal Ikasketen Zentrorako beka baten informazioa. Baldintza guztiak betetzen nituela ikusita, proiektu bat aurkeztu nuen, onartu egin ninduten eta hara joan nintzen. Hasiera batean burmuinen ihesaz hitz egitea pentsatu nuen, baina lau urtez aritu behar banuen zerbaitean buru-belarri, nahiago nuen ikuspegi positibotik abiatzea. Zerbait berritzailea, eraldatzailea. Eta orduan topatu nuen hemen Iruñean halako talde arraroa, egia esanda, sare sozialetan oso sartuta zegoena, oso trebeak komunikazioaren teknologietan eta Estatu Batuetan aditutako diskurtsoa erabiltzen zutenak: #NASF taldea. Haren ikerketa antropologikoa da orain irakurriko dudan tesiaren mamia.

Zer da zehazki #NASF?

Ekintzaile nafarren talde bat, sorreran San Frantziskorekin harremana izan zutenak. Hortik izena. Talde aski berezia da. Bertan badira politikariak, kazetariak, enpresariak, ekintzaileak… Zantzu askorengatik, aldaketa bat zetorrela sumatu zuten 2008an. Enpresak beheraka hasten zirela ikusi zuten eta, modu berean, Nafarroako Gobernuak prestatutako Moderna plana ez zela ongi egokitzen egoera horri aurre egiteko. Gainera plan hori oso baztertzailea zen sortzetik eta kanpoan uzten zituen baita normalean UPNk aldamenean izaten zituenak ere, hau da, PP edo CDN alderdiko jendea, esate baterako. Santiago Cervera taldean dago eta Pablo Zalba PPko eurodiputatuarekin ere harremana dute. #NASFeko partaideak oso formakuntza handiko profesionalak dira. 2010erako, adibidez, talde honetako zenbait kidek gai hauen inguruko masterrak eginak zituzten jada. Gainera ongi kokatuta daude gizartean eta lehen mailako informazioa dute. Argi ikusten dute teknologia berriei etekina ateratzen ikasi behar dela lehenbailehen. Ongi erabiltzen jakitea ez da nahikoa. Hori oinarrizko kontua da. Bere garaian inprentak mundua aldatu zuen bezala, modu berean internetek izugarrizko aldaketak eragin ditu gugan, gure ekonomian, ikasteko moduan, gure harremanetan…

Kezka hauek bultzatuta, hamasei ekintzaile San Frantziskora joan ziren hango esperientziak eta giroa ezagutzera. Hango negozio berritzaileen inguruko narratiba, gauzak egiteko daukaten eredua ezagutu nahi zuten, hemen ekimen berri bat abiarazteko asmoz. Oso ideia ausarta da. Bisita asko egin zituzten Silicon Valleyn: Facebook, Twitter, Stanford University… eta garrantzitsuena: Ideo. Diseinu enpresa bat da. Eraldaketarako estrategiak diseinatzen dituzte. Hori gauzatzeko eredu bat dute, Human Centered Design. Finean, metodo bat da, gauzak aurrera eramateko lantalde txikietan oinarritua. Maiz elkartzen dira enpresako kideak eta langileek bat egiten badute proiektuarekin, aurrera, bestela baztertzen da. Badute eredu bat, antza, oso dinamikoa eta organikoa eta hemen, nolabait, hori abian jarri nahi izan zuten, deus kobratu gabe. Horretarako “super astearteak” eta “super ostiralak” antolatzen dituzte, beste ekimen batzuen artean. Saio horietan aukera ematen diote edonori dituen negozio ideiak, proiektuak eta abar aurkezteko.

Krisiak ere ez du gehiegi lagunduko…

Moderna planak badu SODENA, Nafarroaren Garapenerako Sozietatea, eta horrek dirua du. Europatik eskuratu zuen kreditu handi bat eta hori ez du mugitu. Jende asko ari da ahaleginetan egoera berrietara egokitzeko eta gainera dirua bada, baina Gobernutik dena da trabak jartzea, dena zigilu eta bermeak eskatzea.

Nola begiratzen dituzte Gobernutik ekintzaile hauek?

Begi bazterrez. Sortzen ari den elite bateko kideak dira eta ezin da esan ez dietenik kasurik egiten. Bada nolabaiteko feedbacka, izan ere SODENAk egin izan ditu gauza batzuk haiekin.

Egun hemen oso eredu zaharkituak ditugu?

Ez naiz ausarten ikertu gabe zehazki esatera, baina haiek pentsatzen dute dena oso geldoa dela, instituzioen eta ekintzaileen artean ez dagoela komunikaziorik eta dena ikaragarri luzatzen dela proiektu berri bat abian jartzerakoan. #NASFen aurkeztu diren proiektu gehienak plataforma digitalak dira eta merkatu hori oso-oso dinamikoa da. Oso azkarra.

Kapitalismoari buelta berri bat ematean datza haien proposamena, beraz. Bat egiten duzu horrekin?

Euskal Herria kapitalismoan bizi izan da Europan zabaltzen hasi zenetik. Horregatik egokitzen gara horren ongi. Ongi egokitutako kapitalistak gara euskaldunok. Ez dut uste erabakitzekoa denik kapitalismotik kanpo edo barruan jarraitzea, abiadura kontua dela iruditzen zait. Erabaki behar dugu zenbateko abiadura nahi eta ahal dugun, aurrera egiteko behar diren erremintak eta trebakuntzak geureganatzeko. Badakit hau Euskal Herrian esatea oso gogorra dela. “Kapitalismoa erre” irakurri dut horma batean honako bidean. Ongi, baina aldi berean kontuan hartu behar dugu erretzen den marihuana transgenikoa dela, adibidez. Gizarte osoa sistema kapitalistatik ateratzea oso zaila da, ezinezkoa ez esateagatik.

Ni ere desazkundearen alde nago. Eta horregatik, hain zuzen ere, iruditzen zait teknologiek laguntzen ahal digutela gauzak beste modu batez egiten. Ez daude kontrajarriak. Gainera kontsumoa ez da soilik gauzak erostea, kultura ere kontsumitzen da, informazioa, artea, pentsamendua… Salto hori egin behar da lehenbailehen eta Nafarroan hauek horretaz ohartu dira besteak baino azkarrago.

Zentzu horretan Espainian egotea oztopoa da?

Nire ustez bai. Orain, adibidez, Europako laguntzak eta egiturazko fondoak eskuratzeko erabiltzen den metodoa da RISD (Regional Intelligence Smart Development), hau da, eskualdeetako garapen adimentsua. Hor diotena da herrialdeak lotu beharko liratekeela haien gisako herrialdeekin guztiek elkar laguntzeko. Adibidez guretzat, Euskal Herriarentzat, interesgarria izanen zen Pirinioez haraindiko lotura bat Akitaniarekin eta Katalunia aldera segituz, herrialde hauek berrikuntzan Espainia eta Frantziako hegoaldearekin alderatuta, askoz ere aurreratuagoak daudelako. Ekonomiari lotutako harremanak izanen ziren. Liga honetan zure mailan daudenekin jokatzea bezalakoa litzateke.  

Beraz Nafarroa denbora galtzen ari da?

Tesiaren lehen atalean Moderna estrategiaren ikerketa kasik periodistikoa egin dut, zer den jakiteko: fundazio pribatu bat da, hemengo estrategia guztia kudeatzen ari dena 2030 urtera arte. Izugarrizko egituratan sartuta gaude, ezer gutxi jakin gabe. Kazetariok normalean ez dugu aukerarik horren azterketa luze eta sakona egiteko, eta nik lan honetan bai izan dut.  Nafarroako irudi erreala ikusteko parada izan dudala esan dezaket.

Eta zein da sentsazio nagusia? Txiringitismoa?

Txiringitismo mingarria, gainera, dirua egon badagoelako.

Zer ondorio atera dituzu pertsonalki ikerlan sakon honetatik?

Jakin-mina oso ona dela. Nahi ala ez, sistema batean bizi garela eta bai alde bai kontra, edo erdiko bidea hartzeko, gure errealitatea ezagutu behar dugula eta horretarako irakurri, hizkuntzak ikasi, asko jakin behar dela. Horretaz gain, nire kapitulu kutunenean aztertu dut zer nolako indarra duten hitzek. Errepikatzen diren esaldiek zer boterea duten. Irudika dezakeguna baino hamaika bider handiagoa.

Bestalde, polita izan da niretzat aurreiritziak gainditu eta normalki egonen ez nintzatekeen jendearekin elkartzea, entzutea eta haiengandik ikastea. Elkarrekin hitz egiteagatik ez da deus galtzen. Gainera Nafarroak jada ez du ia zer galdu, hondoa jota dago eta!

AEBetara itzuliko zara azaroan tesiaren aurkezpena egitera. Gustura izan zara han lau urte hauetan, ezta?

Bai. Han aniztasuna dago eta jendeak bere kulturen ezaugarriak partekatzen ditu besteekin. AEBen oso zalea naiz eta gainera oso ongi tratatu naute beti.

Eta ondoren?

Ez dakit bizitzak zer ekarriko didan. Beka batekin egon naiz lau urte Renon. Diru publikoa zen eta asko ikasi dut metodoetan eta alor askotan. Orain sentitzen dut gizarteari hori guztia eskaini beharko niokeela.

Nortasun agiria

Tania Arriaga (Iruñea, 1972ko abuztuaren 28an). Txantrea auzoan hazia. Kazetaritza ikasi zuen EHUn. Master, graduondo eta ikastaro anitz egin ditu, “nik uste dut merkatuan dauden guztiak” dio irriz. Mihiluze telebista saioan aritu zen lanean bost urtez eta baita Nafarroako hainbat euskal irratitan ere. Gidoigilea eta film labur baten zuzendaria ere bada, La espinita. Azken lau urteotan Renon aritu da azaroaren hasieran aurkeztuko duen tesia egiten. #NASF ekintzaile nafarren esperientzia izan da aztergaia, edo Nafarroa zaharrera Amerikako Estatu Batuetako lan molde berrien eredua ekartzeko saiakera. Irailaren hasieraz geroztik, arratsaldez ikerlari eta goizez bi urteko haurtxoen irakaslea da Seaskako ikastola batean.
 

Disfuntzional

“Zure herria kanpotik begiratzen duzunean ohartzen zara noraino bizi izan garen giro disfuntzional batean: dena zen polizia, manifestazioak, atentatuak… Hemendik ateratzen zinenean pentsatzen zenuen, ‘baina zer egiten dute hemen larunbat arratsaldetan?’”.
 

#NASF

“Talde honetako kideek Nafarroa aurrera eramateko asmoa dute gaur egungo kapitalismo motara azkar egokituz. Merkatariak dira, kapitalistak. Ez da mugimendu antisistema, kontrakoa baizik. Aniztasuna indartu nahi dute, eskema zurrunak apurtuz”.
 

OFF THE RECORD
Mendillorrin

Tania Arriagarekin Mendillorrin gelditu gara. Iruñeko mendixka honetan egin zituzten 1895ean hirirako lehen ur biltegiak. Gaur egun Iruñerriko Mankomunitateak kudeatutako parke, lorategi eta erakusketa toki polita dena, aspaldidanik izan da iruindarrentzako pasealeku eta behatoki ederra. Hara joaten zen askotan Tania txikitan familiarekin meriendatzera, eta ni neu ere berdin, arratsalde pasa eta bidean pinu-zizak hartzera. Han elkartu gara, patata tortillarekin, iraganaz eta etorkizunaz hitz egiteko.


Azkenak
2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Eguneraketa berriak daude