Galdeketa airean

  • Badakizu marka guztiak hautsi dituen jendetza elkartu dela irailaren 11n Bartzelonan, baita zer eskatu duen ere: azaroaren 9an Kataluniaren independentziari baiezkoa ala ezezkoa eman nahi diola erreferendumean. Apika, interesatuko zaizu jakitea zer arnasten den Esteladen herrian gaia hain bero egoteko. Prozesua gertutik jarraitzen dutenen bidez azalduko dizugu.

Historiako handiena izan da aurtengo Diadan egin den
Historiako handiena izan da aurtengo Diadan egin den "V" formako mobilizazioa. Herritarren bultzadak eraman du Katalunia erreferendumaren ateetara, baina oraindik ez dago erabat argi azaroaren 9an zer pasako den.ANC
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bandera independentista lepoan lotu eta super heroiaren kapa bihurtu duen haur hori gelditu egin da Gran Vian, auskalo zeri begiratzeko. Aurrerago, emakume batekin eta beste haur batekin oinez segitzen zuen gizonak, posibleki ume distraituaren aita, atzera egin du. Daukan adina baino zaharragoa dirudi, bi eguneko bizar punta zuri batzuk, kopetako ileak izerdiz pegatuta –Bartzelonako hezetasun honek Mediterraneoko espeziekoak ere irakiten ditu–. Ez dago bi galderatan denbora galtzeko: besotik oratu dio eta “aneeeem” gogaitu batekin eraman du kexaka hasi den Estelada ibiltari txikia. Diadako ekitaldi nagusia amaitu da duela ordu erdi Glòries plazan. “V” letra erraldoia, Kataluniaren historiako manifestazio handiena, jendea, jendea, jendea eta jendea, pixkanaka dispertsatzen ari da Instagram filtroa jarri dioten arratsean.

Eguna luzea izan da. Balio izan du lagun zaharrak agurtzeko, edateko, kantatzeko, dantzatzeko, beste milaka pertsonarekin olatua egiteko. Eta nekatzeko. Mobilizazio politikoez ez dizute kontatzen hori: Bartzelonaren arteriak kolapsatu dituen flashmob erraldoi honek, adibidez, sakrifizio txiki batzuk eskatu dizkiola katalan arruntari.

Medikuek jai egunetarako aholkatzen dutena baino lehenago jaiki zaitez, hasi trasteak prestatzen, non dago bokadiloa biltzeko albal papera, berandu iritsiko gara, ikusiko; konbentzitu ezazu umea ezetz, gaur kamiseta horia jantzi behar duela eta ez Spidermanena; eta iritsi hirira, bilatu egokitu zaizun tartea eta, bitartean, ea ez garen galtzen, aizu, hemen al da? Eta orain? A, geldirik egon? Eguzki honekin? Ze ondo. Hau jende pila, la mare que el va parir.

Eguerditik ia arratseko zortzietaraino pasa duen tarte luzea aurreztuko diogu gure katalan sufrituari, bukaerara zuzenean joateko: etxera itzultzeko ordua iritsi da noizbait, eta bere pazientziak proba hau gainditu duela uste du, etxeko sofa jada ipurmasailetan sentitzen hasi da eta deskantsu santua gertu dagoenean, zer egingo mukizuak? Ilargira begira geratu. Ostres, zail jartzen dizute. Eskerrak hau azkenekoa izan den.

Ze… azkenekoa izan da, ezta? Honen ondoren azaroaren 9an kontsulta egingo dugu, ezta? Hori esan du manifestazioa deitu duen ANC erakundeko Carme Forcadellek agertoki nagusian. Berak eta beste askok. “Votarem” eta “guanyarem” hitzak entzun dituen aldi bakoitzean petakan zeraman pattarrari xurruta kendu izan balio, eguna balantzaka bukatuko zuen Diadari buruz informatzera etorri den kazetariren batek –beharrik, edateko jokoak ez politizatzeko gomendioa serio hartu du–.

Afaltzeko, Artur Masen agerraldi instituzional laburra: “Ezin zaio herri bati bozkatzea eragotzi, bozkatu nahi baldin badu”. Adierazpen batzuk irmoagoak dira, beste batzuk epelagoak, baina denek norabide bera seinalatzen dute. Independentziari buruzko kontsulta da iparra abezedario konpletoa egiteko moduan dagoen masa honentzat. Beste dena airean dago ordea. Mas “V”-a konbokatu dutenekin bildu da 11n bertan eta ez die argitu boto-ontziak aterako ote dituen. Mezu bikoitza Govern kataluniarrarena. Etxerakoa, lan egingo duela kontsultaren aldeko alderdien batasunari eusteko; Madrilera begirakoa, galdeketaren terminoak negoziatzeko eskatuko diola Rajoyri.

Hilaren 19an onartuko dute kontsulta legea Kataluniako Parlamentuan eta, ez itzali telebista, orain etorriko dira eszena dibertigarrienak.

Alderdien txapuzaz, independentzia

Sant Jaume plazatik gertu dago garaiari desafio egiten dion kastako kafetegia, marmolezko mahaiekin. Alkandora zuriz jantzitako kamareroak gomazko “L”-ak ahoskatzen ditu zer nahi dugun galdetzean. Han topatu dugu Enric Rimbau. Urte askoan El Temps astekarian –nolabait, Argiaren lehengusu kataluniarra– aritu da politikaz idazten eta pasioz bizi du prozesua. Nabari zaio, prestatuta geneukan galdetegia baino askoz ertz gehiago aipatu baititu lehen erantzunerako: bere ustez CiUk ez du erraz edukiko gaia bere interesen arabera bideratzen. Abuztuan askok apustu egiten zuten kikildu egingo zela, baina Diadako jendetzak gogor bultzatzen du, ez dago atzera bueltarik.

“Paradigma aldaketa gertatu da Kataluniako politikan, autonomismoa bazterrera desplazatu da eta independentismoa bihurtu da bizkarrezur. Ikusi dugu katalanismoa porrot egiten, bi aldiz errepikatu da gobernu tripartitoa [PSC-ERC-ICV] eta CiU saiatu zen haiek kontraesanean jartzen nazionalismoaren banderarekin; gero Estatutaren erreformarekin gertatu zen guztia… prozesu luzea izan da puntu honetara iritsi arte”.

“Porno hutsa izan zen”, gogoratu du Salvador Cot Nació Digital webguneko zuzendariak. Passeig de Gràciako erredakzioan, hizketan hasi da Estatutaren negoziazio garaiko traizio eta jukutria kolekzioaz. Madrilgo jatetxe garestietan jokatzen zen orduan Kataluniako marko politikoa, menua osorik jatea plateren izenak ikastea baino errazagoa den txoko erreserbatuetan. 1978tik erregimen zaharreko bi alderdi nagusiek, CiUk eta PSCk, oso berea izan dute estiloa: akordio pribatua eta tripakada lehenbizi, azalpen publikoak gero. Urteetan funtzionatu zuen, zergatik orain ez?

Ordurako sintoma askok diote herritarra enpo egiten hasia dela. Konfiantza galdu duela ordezkari politikoekin. Eta, konta dezagun haurrentzako ipuin baten gisan, bazen behin Arenys de Munt izeneko herri bat, independentzia erreferenduma antolatzeko prest. Itxuraz betidanik kausa horrekin bat egin dutenen autokontsumorako zerbait da, baina zarata ateratzen du. Segidan beste batzuk datoz herriz herri. Eta kontsulta bakoitza ez da galdeketa sinbolikoa bakarrik: inguruan antolatzen diren hitzaldiak dira, tertuliarako gai berria daukan jendea, inoiz mugitu ez ziren pertsonak bat egiten hastea. Prozesua nola disparatu zen laburbildu du Rimbauk: “Mobilizazioek alderdiak gainditu zituzten eta Diada bakoitzean klase politikoari bultzada berriak eman dizkiote”.

Dirudunek ere badute beren prozesua

“Jende hau guztia ez da kabitzen Madrilgo jatetxe batean”, dio Cotek, Esteladaz lehertzear dagoen 12ko egunkari baten portada seinalatuz. Herritarren dinamikatik abiatzeak –eta ez buruzagi politikoetatik– daukan abantaila hori da: “ANC ez dago negoziatzera behartuta, ez du ezer paktatu beharrik alderdiek egin ohi duten moduan”. Eta milaka lagun kalera ateratzeko gaitasuna dauka, partiduek, pelikularen zati honetara iritsita, inoiz lortuko ez zuten sinesgarritasunez.

Valentziako korrespontsalak deitu diolako solasaldia eten dugu une batez. Berriz gaian bete-betean sartu denean, elite ekonomiko katalanen ahuleziaz hitz egin du: “Prozesu honek erakusten du ez dutela eragiteko gaitasunik. Bestela, geldiaraztea lortuko zuten. Eskuratuko zuten Madrilen eskaintzaren bat, kontzertu ekonomikoaren antzeko zerbait, adibidez. Eta horrek prozesua etengo zuen belaunaldi baterako”.

Eskaparatea hutsik ikusteaz aspertuta, klase agintariak erabaki du ez geratzea Moncloak noiz irekiko zain. “Baliabiderik gabe gelditu direlako mugitu dira hemengo eliteak independentismorantz”. Baina adi, eliteez hitz egitean zertaz ari garen zehaztea beharrezko iruditzen baitzaio Rimbauri: “Ez da gauza bera enpresa handi bat, botere guneetatik gertu dagoena eta statu quoa bizibide duena; edo lantalde bat daukan enpresario txikia. Txiki eta ertain horien artean hazi da asko independentismoa”.

Eta besteak zer? Diru handien planetan ere ari dira gauzak gertatzen Cotek dioenez: Eskoziak erreferendumean “yes” esatea benetako aukeratzat jo duten inkestek, huts-hutsean, Espainiaren zorra hamar bat puntu jaistea eragin dute Diadaren astean. “Hango prozesuaren hasieran, Londresek bermea eman zuen: Eskozia joaten bada ere, daukaten zor osoa ordainduko dute. Wall Streeteko marrazoek ez dute uste, ordea, Espainia gai denik beste hainbeste egiteko Katalunia gabe”.

Beraz, eta motzean esateko: merkatuetan ahul dago Espainiaren zorra. “Bezeroei hura saldu eta Italiakoa erosteko gomendatu diela esan zuen burtsako aditu batek Bloombergen eta Wall Street Journalen”. Diadako jendetza ikusita, trajea pagatu ezin duen toreroaren kontura egin dezaketen negozioarekin hortzak izerditan hasi zaizkie zenbaitzuei. Eskoziaren baiezkoak elementu berriak sar ditzake jokoan, Espainiako edo Kataluniako agenteetatik harago.

Politika zaharraren parametroetan oraindik

“Nire ikuspuntua oso minoritarioa da”, ohartarazi digu Guillem Martínezek, Born ondoan dagoen Casa Delfíneko terrazan eseri eta berehala. Badakigu. Diadaren biharamuna da –hitzaren zentzu guztietan–, eta Port Aventura Secessionista bihurtuta ikusi berri dugu Bartzelonako erdigunea. Jakinaren gainean gaude, halaber, gauza indepe honek asko sukartzen dituela gure irakurleak, eta horregatik, “ice bucket challenge” batekin bukatuko dugu erreportajea.

Ironiaz zerbait badakien kazetari eta idazle honek uste du Kataluniako prozesua hain dela handia, bere esanahiari ihes egiten diola: erregimen baten amaiera da eta aldi berean haren defentsa, dena da kontraesankorra. “Katalunia profesionalentzako herrialdea da. Esan nahi dut, profesionala izan behar duzula hau ulertzeko, oso arraroa da”. Eta hortik abiatzen da saltsa guztia, bere ustez: “Espainiako Gobernuak ez zuen ulertu CiUk oraingoan ere betikoa eskatzen zuela. Gauzatxo batzuk negoziatu, besterik ez; horretarako dramak eszenifikatuz, noski, eta drama horientzako soluziotxoak. Apustua serioa zela pentsatu da eta ondorio katastrofikoak izango ditu, bai Espainiarentzat, bai CiUrentzat. Posible da bukaeran biak desagertzea”.

Propaganda gisa deskribatu du Convergènciaren eta ERCren arteko paktua, ikuskizuna, bi gobernuren arteko talkarekin herritarrak entretenitzea, murrizketa demokratiko bortitzak egiten dituzten bitartean. “Azaroaren 9an erreferendumik egiten ez denean, ez baita egingo –Espainiako Gobernuak arrazoi erabat antidemokratikoengatik uko egiten diolako eta Generalitateak ez daukalako interes berezirik–, beste propaganda operazio bat asmatu beharko dute”.

Martínezek nagusiki “politika zaharraren” elementuak ikusten ditu abian den prozesuan. “Eta politika berria agertuko da, erabakitzeko eskubidearen bidez, baina baita beste eskubide askoren bitartez ere. Eta ez dago hau kudeatzen ari direnen aldetik inolako interesik, CUP aparte utzita, horrelako iraultza demokratikoa izan dadin. Lurraldetasunaren kudeaketa bakarrik da alderdientzat, hau da, azken 30 urteetako kultura espainiarrean onartu den eztabaidagai bakarra. Nik uste ez direla konturatu ere egin markoa apurtu egin dela”.

Jaume I metro geltokitik gertu Martínez agurtu, kaskoak belarrietan sartu eta kiosko batera hurbildu gara, mobilizazio historikoaz informatzeaz gain, irailaren 12ko El Punt Avuin Joseba Sarrionandiari elkarrizketa egin diotelako –irakurgai ona izan daiteke bueltako bidaiarako–. “Quedem el 9-N” dio letra larriz azalean. Bi hilabete baino gutxiago galdeketaren egunerako. Denbora dilatatu egingo da tarte horretan, erabakiak azkartu, zirt edo zart, minutu bakoitzak garrantzia daukan fasean sartu da Katalunia. MP3aren random aukerak ere ulertu du egoera, eta auzi honen galdera fundamentala gogora ekarri du The Clashen eskutik: “Joan behar nuke ala geratu? Joaten banaiz istilua izango da eta geratzen banaiz problema bikoitza”.

David Fernandez (CUPeko parlamentaria) "Zoritxarrez hau ez da Eskozia"

Zerbaiten bukaera izan da Diada hau ala zerbaiten hasiera?

Ziklo bat bukatzen dela begi bistakoa da. Orain gatazka fase batean sartuko gara erakundeen artean, baita arlo juridikoan ere. Zoritxarrez hau ez Eskozia eta ez da izango. Espainiako Estatuak uko egin dio konponbideari, beraz bide kataluniarra, zoritxarrez, bide eskoziarraren aldean diferentea izango da. Presio soziala eta ehundura asoziatiboaren eragina garrantzitsuak izango dira oraindik.

Baina, goia jo al du mobilizazioak?

Gizarte bat hainbeste mobilizatzen denean leher eginda buka dezake, egia da. Zerbait gertatzeko momentua da, zerbait ukigarria; baina era berean, “ez dago atsedenik nekatuentzat”, hemengo idazle batek zioenez. Kataluniako mugimenduak ez dauka Europan parekorik gaur egun eta oso dinamikoa da, oso soziala. Behetik gora egin da prozesua.

CiUk atzera egingo duela zirudien abuztuan. Zuek desobeditu eta azaroaren 9an hautestontziak ateratzearen alde zaudete.

Eztabaida ez da Espainiako Estatuak zer egingo duen, hori argi dago: kontsulta debekatuko du. Garrantzitsuena da nola erantzungo diogun herri gisa. Guk argi daukagu desobedientzia zibilaren aldeko apustua. Subjektu politiko burujabea bagara, lehenbiziko burujabetza ekintza hautestontziak jartzea da Kataluniako gizarteari obedituz –aukeratu behar badugu tribunal bati ala herriari obeditu, guk herria aukeratzen dugu–. Ikusi beharko da zein irtenbide amankomun bilatzen dugun, argi baitago CiUk buruan daukan eszenarioa ordezko-hauteskundeak direla, hau da, plebiszitarioak.

Zein da CUPek lehenesten duen bidea?

Zilegitasun demokratiko handiena erreferendumak ematen dizu. Gure eskema da, lehenbizi erreferenduma eta bi baiezkoek irabazten badute, prozesu  konstituziogilea. Eta ondoren negoziazio fase bat, nazioarteko eskematan.

Eta hurrengo fasea behar bezala landuta dago?

Eztabaidak asko egin du aurrera: jendea planteatzen ari da nolako eskola publikoa nahi duen, nolako osasungintza, lan harremanak, ondare natural eta artistikoa nola babestu… Hori da prozesuaren alderdirik interesgarriena nire ustez, eredu berri baten oinarriak jar daitezkeelako. 1978an batzuk jarri ziren, iruzur hutsa, eta orain beste batzuk jarriko ditugu demokrazia berrasmatzeko.  
 

Marta Rovira (ERCko idazkari nagusia) "Erreferendumaren bila joan behar dugu bururaino"

Abuztua nola joan den ikusita, galdeketaren alde zaudeten alderdien kontsentsua apurtzeko arriskurik ba al dago?

Ez da kontu berria, CiUrekin egonkortasun parlamentariorako paktua sinatu genuenetik zailtasun handiak izan ditugu. Logikoa dela uste dut, bi alderdiak oso diferenteak garelako. Batzuetan ezinezkoa izan den arren, kontsentsuak lortzeko lan handia egin dugu, elkarrekin eutsi diogu, ulertzen dugulako gainetik dagoela kataluniarrek bozkatu ahal izatea.

Desadostasunak badira, beraz.

Bai, baina konbentzituta nago gaindituko ditugula. Akordioa oraindik indarrean dago eta hori da garrantzitsuena.

Masen gobernuak hauteskunde plebiszitarioak deitzeko keinua egingo balu, zer?

Uste dugu gobernuak ezin duela horrelako keinurik egin bere kabuz. Hitz egin beharko genuke aurretik. Gure mandatu demokratikoa zein den argi dugu eta ez da herritarrek hauteskundeetan bozkatzea, gure herrialdearen etorkizuna erabakitzea baizik; eta hori lortzeko modu bakarra erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea da. Horren bila joan behar dugu amaierara arte, fisikoki hautestontziak eskuetatik kentzen dizkiguten arte.

“B plan” gisa ez duzue buruan CiUrekin batera aurkeztuko zinateketen hautagaitza bateratu bat?

Ez dugu “B planez” hitz egiten, horiei buruz espekulatzen denean abiapuntuko hipotesia zera baita: ez dela kontsultarik izango. Galdeketarik nahi ez dutenei lana erraztea da. Momentuz zarata asko entzun dugu gai horrekin, baina guk oraindik ez dugu kontsultarik deitu, ez digu inork debekatu, eta kontsulta indarrean dago.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatuko balu, CiU ez legoke legea hausteko prest ordea. ERCk presionatuko lioke?

Konbentzituta gaude marko legal batean gaudela eta bozkatzeko aukera ematen digula. Kontsulta legea egin dugu eta haren abiapuntua Estatutean dago, baita Espainiako Konstituzioan ere. Azken buruan, printzipio batean sustraituta dago: printzipio demokratikoa. Eta hori unibertsala da. Beraz, ziur gaude ez gabiltzala legetik kanpo, baita Konstituzionala erabiliko duela Espainiako Estatuak epai politiko bat  emateko, ez juridikoa. Ez dugu ulertzen zergatik gelditu beharko genukeen.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


Jesús Rodríguez. Tsunami Democràtic auzia
“Zergatik erori da orain auzi osoa, akatsa egin eta hiru urtera?”

Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


‘La Directa’ babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: “Kazetaritza ez da terrorismoa”

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere “terrorismoagatik” inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


Eguneraketa berriak daude