argia.eus
INPRIMATU
Dorothy Arzner
Urrezko Aroko emakume zuzendari bakarra
  • Dorothy Arzner zuzendariari eskaini dio aurten Zinemaldiak atzera begirako klasikoa. Aparteko aukera da zor historiko bat kitatzeko, Hollywooden urte loriatsuetan zuzendariaren aulkian esertzea lortu zuen emakume bakarrarekin.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko irailaren 18a
"The wild party" filmarekin hasiko da Donostian eskainiko zaion atzera-begirakoa.

Bera baino ez. Dorothy Arzner Hollywooden, 1930eko hamarkadan, Urrezko Aroaren erdi-erdian. Urte haietan hasi zen dena: aktoreen ahotsa aditu zuten ikusleek aretoetan, estudioak hasi ziren jende pilari lana ematen, hezur haragizko jendea mito bihurtu zen; eta biderkatu egin zen film kopurua. Argazkiak lanean harrapatu zuen, bozgorailua ahoan, kamera ondoan. Arzner, zuzendaria, postu hori gizonentzat erreserbatzen zuten garaian.

Idazmakinari sakatzen hasi zen estudioetan, film industriak lan egiten zuen kafetegiak baino hiru dolar gehiago ordaintzen zizkiolako astean. Testuetatik fotogramak moztera. Fotogramak moztetik, editatzera. Eta editatzetik, zuzentzera: 1974an egin zioten elkarrizketa batean esplikatu zuenez, Players-Lasky estudioa –gero Paramount bihurtuko zena– uzteko mehatxua egin ondoren eman zioten film bateko batuta. Emakume bat zuzendari: albistea egunkarietan atera zen.

Bide urratzailea

1929an estreinatutako The wild party filmarekin hasiko da Donostian eskainiko zaion atzera-begirakoa, baina lehenxeago egin zuen debuta, 1927ko Fashions for women mutuarekin. Esther Ralstonek jokatutako pertsonaia protagonista, Lola, emakume indartsu eta tarteka agresiboa da; zenbait kritikarik nabarmendu dutenez, zuzendariaren ondorengo ibilbide osoan agertu dira mota horretako pertsonaiak –Arznerrek antzekotasun horiek zalantzan jarri zituen, dena den–.

1928an zuzendu zuen lehenbiziko soinudun filma (Manhattan cocktail) eta halakorik egiten zuen lehen emakumea izan zen. Pertika-mikrofonoa berak asmatu zuela ere esaten da, filmetako ahotsak grabatzeko kainabera bati lotutako mikrofonoak erabili zituelako.

Beste hamabost urtez aritu zen film industrian eta bere eskuetatik pasa ziren garaiko izar nagusietako asko (Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O’Hara, Joan Crawford). Columbia ekoiztetxerako zuzendutako First comes courage (1943) izan zuen azken lana. Norvegian girotutako nazien kontrako erresistentziaz diharduen filma zaila izan zen errodatzen, beste gauza batzuen artean, Arzner bera gaixotu egin zelako, ia urtebetez geldirik eduki zuen pneumoniak hartuta. Zuzentzen hasteko behar izan zuen irmotasun berarekin hartu zuen erabakia: ez zuen pelikula gehiagorik egingo.

Genero-rolak hankaz gora

Eta ondoren isiltasuna. Denbora askoan Arznerren izena memoria kolektiboaren zoko batean gordeta geratu zen, 1960ko hamarkada iritsi eta mugimendu feministek haren obra berreskuratu zuten arte. Orduan jabetu ziren asko zein neurritaraino hartua zion aurrea zuzendariak bere garaiari. Film batzuen tematikari erreparatzea besterik ez dago: garaiko genero-rolak zalantzan jarri, emakumeek gizartean zeukaten paperaz gogoeta egin eta laneko sexu-jazarpena bezalako tematika garaikideak plazaratu zituen.

Publizitaterako lanak egin zituen gero, baita UCLA unibertsitatean zinemagintza eskolak eman ere –Francis Ford Coppolak berarekin ikasi zuen–. 1979. urtean hil zen, baina Hollywoodeko historian film gehien zuzendu dituen emakumea izaten jarraitzen du. Garaiak ez dira hainbeste aldatu.