argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazioa eta instituzioak

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko irailaren 10a

Mobilizazioaren unea da orain Katalunian, gero gerokoak. Diadak erakutsiko du gizarte katalan soberanistaren indarra, orain arte prozesu independentistaren akuilurik garrantzitsuena. Alde horretatik arrakasta segurtatua dago, batez ere azken lauzpabost urteetako kalearen eremua soberanista delako erabat. Unionismo espainiarra erabat marjinala da kalean eta ateratzen den bakoitzean, honek bere helburu bateratzaile edo menderatzailearen irudia kaskartu besterik ez du egiten.

Datorren astean esparru instituzionalaren txanda izango da eta Kataluniako Legebiltzarrak azaroaren 9ko kontsulta babesteko   Kontsulta legea onartuko du hilaren 18 edo 19an, 135 parlamentaritik 107ren babesarekin. PSCk azaroaren 9ko kontsulta babesten ez badu ere, Kontsulta Legea bai. PP (19 eserleku) eta Ciutadans (9) aurka dira. Ordurako ezaguna izango da Eskozian gertatutakoa. Han independentistek irabaziz gero, hauspoa itzela izango da.

Iraileko azken hamabostaldian Generalitateak ofizialki deituko du azaroaren 9ko kontsulta eta, berehala, Espainiako Gobernuak inpugnatuko du, legezkoa den ala ez esatea Auzitegi Konstituzionalaren esku utziz. Honek azkar ebatzi beharko du, eta denak adierazten du Kontsulta Legea legez kanpo utziko duela.

Laugarren urratsa, obeditu ala ez erabaki beharra. Gaitza dirudi kontsulta egitea baldintza horietan eta ez bakarrik CDC eta Masen ausardia kontuengatik, mugimendu soberanistari, fase honetan,  kontsulta Espainia atzerrian deslegitimatzeko tresna gisa erabiltzea komeni zaiolako baizik. Independentziarako giroa asko elikatu  behar du oraindik eta horretarako, orain arte bezala, elikatzaile garrantzitsuena Espainiaren ezetza da. Ez da oraindik desobedientzia instituzionalaren unea iritsi eta batek daki helduko den ere ez. Goiz da halakoez jarduteko, besteak beste, Espainia ez delako bakarrik debekura mugatuko eta eskaintzaren bat ere egingo duelako. Edonola, komeni da Xavier Sala i Martí ekonomialari katalanaren hausnarketa aintzat hartzea: ezin da sarri desobeditu, behin izan behar da eta ondo hautatua, bestela Espainiak instituzio autonomo gabe uzten bazaitu, nork aldarrikatuko du gero independentzia?

Gero eta indar handiagoa hartzen ari den hipotesiari jarraika, beraz, hauteskunde autonomikoak aurreratzeko unea litzateke; eta hemen bai, CDCk erabaki beharko du ERCrekin batera osatutako zerrendan independentziarako eskaintza argia egin ala ez. Dirudienez, hori izango da une giltzarrietakoa eta CDCk bere etorkizuna du jokoan, zeresanik ez Pujol auziaren ondoren.

Bitartean, kontsultaz haragoko bizitzak aurrera darrai eta Generalitateko ekonomia sailburu Andreu Mas-Colell aho txikiarekin esaten ari da urte bukaeran kaudimen arazoak izango dituela. Gaur egun, zein instituziok ez, ezta? Egia, baina gatazka instituzionaleko giroan, Espainiak bapo baliatuko du egoera hau Masen Gobernua estutzeko eta herritarren artean beldurra barreiatzeko. Espainia ez da ia erantzuten hasi, baina hasiko da, bai azenarioarekin eta baita egurrarekin ere.

Eskozian baietza hasi da irabazten inkestetan. Zalantzan direnen botoekin irabazi edo galduko dute independentistek azken orduan eta, dirudienez, justu-justu. Edinburgon ez da ikusi herritarren mobilizazio erraldoirik, prozesu independentistaren motorra SNPren gobernua izan da. Eta honen helduleku garrantzitsuenak, kontserbadore ingelesei kontrajarriz, ongizate gizartea, ikuspegi soziala eta ekonomiaren neurri bateko kontrol publikoa. Irabaztekotan oinarri horiekin irabaziko du Salmondek. Euskal lurretan aktore baino so-egile garen une zehatz honetan, prozesu arrakastatsuagoetatik ikasteko aukera bikaina da.