argia.eus
INPRIMATU
Udaberriko bozak gogoan

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalá 2014ko irailaren 03a

“Laster, lanik gabe geldituko naiz, eta atez ate hasi beharko dut lan bila; beharbada, zuen egoitzan ere utziko dut curriculuma”. Horra hor orain dela gutxi UPNko ordezkari kritiko batek oposizioko kide bati txantxetan errandakoa; txantxetan bai, baina etsiak joa, gaur egun Yolanda Barcinarekin bat ez datozen UPNko kideen aldartearen erakusgarri. Jakin badakite ez dela inola ere une egokia Barcinarekin lehian aritzeko, Barcinak alderdia soka motzean lotua duelako eta, jakina, UPNren behialako une gozoak lekutan daudelako, ahaztu gabe inork ere ez duela eskuindarren porrotaren aurpegia izan nahi. Eta ongi pentsatzera, eman dezala aurpegia Barcinak berak datozen hauteskundeetan, nekez osatuko baitu gobernua gogoz saiatu arren eta lehen indarra izan arren, zeren, PSNrekin ere ez baita gehiengo osora iritsiko; egia erran, ez sozialistekin, ez PPrekin (hutsaren hurrengoa izateko kinkan baitago Nafarroan), ezta biekin ere. Horrelako burutazioak darabiltzate egunotan UPNko kritiko batzuek, eta are gehiago, haien itxaropen ttikia ere aitortzen dute: udaberriko porrot-haizearen ufadak berekin eraman ditzala Barcina eta haren itzala behin betiko Madril aldera.

Bitxia da, baina, nafar sozialista batzuek antzeko agertokia dute amets, hau da, Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren artean 26ra iristea edo, bertzela erranik, PSN deusetarako giltza ez izatea, hau da, sozialistek UPN eta alternatibaren artean berriro hautatu behar ez izatea. Hortaz, hurrengo aldian bertze batzuek gobernua osatzen badute, “gu oposizioan gelditu eta nafar alderdia berregiten hasiko gara”, sozialista baten ahotan. Izan ere, jakin badakite, berriz ere halako atakan egotera, zer aginduko dieten Madrildik, eta hasieran espantuka eta gaizki erranka aritu arren, azkenean burua makurtu eta Madrilgo agindua zintzo-zintzo beteko dute. Itxura hutsa. Oroitu, bertzenaz, non dagoen gaur egun Roberto Jimenez, otsaileko afera hartan bereak eta asto beltzarenak erran ondoren: non eta PSOEren exekutiba berrituan, etorkinen saileko arduradun. Ez da sari makala. Harez geroztik, ez dabil ahobero. Kontua da inor geldituko ote zaien nafar alderdian. Horra, beraz, etsipena gero eta zabalduagoa erregimenaren barnean; orain, benetako oposizioaren aldia da. Zortzi hilabete doi dituzte proposamen sendoak plazaratzeko. Geroak erranen.