argia.eus
INPRIMATU
Justizia injustua bankuekin

Juan Mari Arregi 2014ko irailaren 03a

Egunkarietako lehen orrialdeetan irakurri ahal izan dugunez AEBetako Justizia Departamenduak 12.000 milioi euroko (16.650 milioi dolar) isuna jarri dio Bank of Americari, herrialde hartako aktibo gehien dituen bigarren bankuari. Subprime hipoteka famatuen krisia leherrarazi zuten bonoen kudeaketan iruzur egin zuen entitate horrek. Herrialde horretan finantza erakunde bati inoiz ezarri zaion isun handiena da, inork ez baitzuen hainbeste egin Mendebaldeko ekonomiaren krisirik handiena –1929ko hondamendiaz geroztik, behinik behin– ekarri zuen engainua puzteko. “Erabaki historiko hau egokia da, ikusirik delituaren tamaina eta eragindako kaltea”, azaldu zuen AEBetako fiskal nagusiak.

Eta hala ere, delitu hori onartuta ere, AEBetako justiziak ez du banku horretako exekutiborik zigortu. Beraz, fiskal nagusiak esan arren isuna egokia izan dela, ez da hala. Zer justizia da hori? Iruzurra bat-batean sortu zen bere kabuz? Pertsonek, zuzendariek, exekutiboek eta kontseilariek sortu zuten, edo behintzat beste alde batera begiratu zuten hartaz jabetzean. Iruzurrak arduradun batzuk ditu, izen eta abizenekin, administrazio kontseilutik hasita. Zein dira Mendebaldeko krisi handienetakoa sortu zuen gezur milioidun horren arduradunak? Zergatik AEBetako justiziak ez du prozesua muturreraino eramaten, arduradunak zuzenean zigortuz? Hori ez da justizia, injustizia itzela baizik.

Egia da Espainiako Estatuan justiziak ez dizkiela halako isunak jarri lehentasunezko partaidetzak eta beste produktu opakoak saldu zituztenei. Nahiko genuke AEBek egin bezala egitea. Baina ez hori bakarrik. Arduradunak judizialki zigortu eta kartzelara eraman behar dira. Horrela baino ez litzateke herritar orok ulertzen duen gisako justizia izango.