argia.eus
INPRIMATU
Hogei talde nafarren abestiak eremu ez euskaldunean euskaraz bizi nahi duten familien alde

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko irailaren 03a
Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimeneko kideak diskoa aurkeztu zuten egunean.
Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimeneko kideak diskoa aurkeztu zuten egunean.Euskaraz Bizi eta Ikasi H.E.

Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimenak argitaratu duen CDak hogei abesti biltzen ditu. Garesko Tortotxiki fundazioaren laguntza izan dute eta musika talde bakoitzak bere alea jarri du. Leihotikan, Jaleo, Los goma, Hipotekaos eta Maria Morentin-en abestiak entzun daitezke, besteak beste. Ekarpena egin duten talde asko Nafarroako eremu ez euskaldunekoak dira.Taldeez gain hainbat norbanakok kolaboratu du diskoan, hala nola, Aitor Gorosabelek, Xabi Solanok eta Enrique Villareal “El Drogas”ek. CDan kantuak jasotzeaz harago, Euskararen Legeak Nafarroako erdialdean eta hegoaldean eragindako ondorioak jasaten dituzten protagonistek hitz egin dute: seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko Larragako familia batek egin beharreko aurrera-atzerak; Iturriagatik Lizarrara ikastera joaten diren sei haurren odisea; eta Tuterako ikastolako gazte batzuen gorabeherak. 5 eurotan jarri dute saltzen abesti bilduma.

Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimena duela urtebete inguru sortu zuten eremu ez euskalduneko hainbat herritarrek. Irakaskuntza publikoan ez dago euskaraz ikasterik eta inguru horretako gurasoek haurrak ikastoletara edo eremu mistoko eskola publikoetara eraman beste aukerarik ez dute. Euskaraz ikasi nahiagatik pairatu beharreko ikasleen eguneroko exodoa salatu nahi du ekimenak. Sortu zenetik, Tafallan manifestazioa eta Aste Santuan Bertsokleta antolatu dituzte.