argia.eus
INPRIMATU
Erabakitzen duen herria herriagoa da

Aitor Agirrezabal 2014ko irailaren 03a

Hilabete erdia, 15 egun besterik ez, eta Eskoziak berebiziko erabakia hartzeko eguna izango du. Ez daukat ideiarik egun horretan eman daitekeen emaitzaren inguruan. Eta esango nuke inork ez duela batere argi. Kontrakoa dioenak...

Mila aldiz erantzun diot galdera berari: “Zer gertatuko da?”. “Ez dakit”. Erantzun argia. Inkestak bi norabide desberdinetan mugitzen dira, bi bide ezberdinetik datozen moduan. Alde batetik, hedabide unionista guztiek alde zabala ematen diote ezezko bozari, nahiz eta baiezkoa gerturatu eta gerturatu dabilen. Bestetik, Radical Independence Canpaignek burututako Mass Canvass edo atez ateko galdeketetan, aldea nabarmena da independentziaren alde. Azkenik, Panelbasek egindakoak ezezkoaren alde agertzen dira oraindik ere, baina oso alde txikiarekin. Hauek izan litezke azken emaitzara gehien gerturatzen direnak, eta alde batera edo bestera izan, alde txikia izango dela eginen nuke apustu.

Baiezkoaren aldeko gorakadak bi pizgarri izan ditu azken aldian. Lehena, iragan abuztuaren 5ean Alex Salmond premier eskoziarrak eta kanpaina unionistako burua den Alistair Darlingek burututako telebista debatea (hilak 25ean, bigarren bat izan da, BBCko kameren aurrean). Azkena, abuztuan bertan piztu den debatea, Osasun Zerbitzu Nazionalaren (NHS) inguruko eztabaida eta ezezkoaren garaipenak osasun zerbitzu publikoen galera ekar dezakeela.

Ezetza gailendu liteke? Noski. Hori diote inkesta gehienek. Eta baiezkoa? Noski. Aurrerapauso handiak eman dituzte eta inkestetan agertzen ez den jende asko joanen da irailaren 18an bere boza ematera.

Hala ere, ideia garbi bat atera daiteke. Ateratzen dena aterata, independentziak bere bidea jarraituko du. Boz batekin edo bestearekin independentziaren bidea ez da irailean amaituko. Galdeketak jende berri asko erakarri du politikara eta bere herria eraikitzeko lanetara, eta masa horrek, 2014an ez baldin bada, 2016an eraikiko du independentzia. Argi daukadan gauza bakarra da hau. Eskoziak hartu duen bideak ez daukala atzera bueltarik eta lehenago edo beranduago estatu independente bat izango dela.

Gainera, legazpiar batzuen erruz (D-Pintxos) Euskal Herriak oihukatzen duen moduan, “Erabakitzen duen herria herriago bihurtzen da”.