Leonera emigratu zuen Laurent Durrutiren leinua kausitu dugu Aiherran

  • Buenaventura Durrutiren peskizan aritu gara. Bi lagunek argitu digute haren jatorriaren nondik norakoa. Xabier Martin da lehena, Durrutiren leinukoa. Xabier Elosegi bigarrena, ikerlaria. Lehenak berebiziko interesa ukan du haren arbasoen jatorria ezagutzeko, bigarrenak berriz, ikerketetan aritua izaki, ederto lagundu dio.

Xabi Martin Hervé Parachourekin, Sarrigainearen aitzinean.
Xabi Martin Hervé Parachourekin, Sarrigainearen aitzinean.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Xabier Martin (Deustu, 1984) Buenaventura Durrutiren leinukoa da. Grinaz bizi du euskaltasuna: www.iparra.eus-en egilea da. Bere arbasoen jatorria ezagutzeko nahia ere azaldu digu. Durrutitarren zuhaitz genealogikoaren bila emandako urratsak ez zaizkio alferrikakoak izan. Zoriak Xabier Elosegi ikerlariarengana (1937, Tolosa) bideratu du: “Nire amamak Durruty eta Etchegaray familiak haserretu zirela kontatu zidan behin”, diosku Xabi Martinek. Durrutitarren sortetxeak Aiherran zeudela bazekien Xabik, baina besterik ez. Iaz Aiherrara hurbildu zen neskalagunarekin: “Arbasoen etxerik topatu ez, eta kanposantura joan ginen. Durruty izen pila ikusi genituen bertan”.

Hilerrian, bilatzen ari zirena azaldu zioten herritar bati. Aiherrakoa den Eñaut Elosegirengana bideratu zituen. Honek berriz, aitarengana,  Xabierrengana: “Ispasterreko mutiko batekin topo egin dut. Durrutiren ahaide dela esan dit”. Elosegi aitak Durruti anarkista ezagutzen zuen, gaztetan irakurria. Haren pasadizo gogorrak ditu gogoan: “16 urteko mutiko bat erori omen zen anarkisten eskuetan eta Durrutik esan zion ‘edo gerlara zatoz gurekin edo hilko zaitugu’. Eta garbitu omen zuten”. Omen. Gizon gogorra zela zioten: “Gerratean Teruelgo Caspe herria hartu zuen, baita ia Zaragoza ere. Sekulako kontzientzia zeukan, bere ejertzitoan ez zegoen hierarkiarik. Apaiza anarkista bat ere berarekin ibili zen, anarkista baino gehiago durrutista...”. 

Durrutiren borroka “buruz burukoa izan zen, klase borroka” izan zela dio Elosegik. Durruti sindikalismoan hasi zen, sozialismoan, baina biguna zelako anarkismora bide egin zuen. Hierarkiak zirela-eta gorabeherak zeuden orduan, baina, batez ere, orduko jendeak gogorrak ziren. Elosegik azpimarratzen duenez, “garai hartako sozialistak oso gogorrak ziren, pentsa”.

Xabi ezagutu ondoren, Buenaventura Durrutiren zuhaitz genealogikoa areago inarrosi du Elosegik: “Laurent Durrutyren ezkontzaren agiria aurkitu nuen. Xabiren hirugarren aitatxi da. Laurent [Espainiako] Leonera joan zen durrutitarren azken gizaldikoa da. Aiherran sortu zen 1842an. Leonen ezkondu zen 1865ean, Josefina Malgorrekin, euskaldun jatorrikoa hau ere. Malgorren etxea, Labetze-Bizkain (Nafarroa Beherea) dago.

Aiherratik Leonera

Laurent Durruty gaztea, Leonen Lorenzo bihurtzen da eta zenbait urteren ondoren Aiherrara itzuli zen. Lau urte lehenago ezkondu zen Leongo Udaletxean. Aiherrako Herriko Etxean egon zen. Ezkontza agiriaren transkripzioa egitea eskatu bide zuen. Elosegik aurkitu du agiria frantsesera itzulia: “Bitxia da. Transkripzioa nahi zuen. Zergatik?”. Hipotesi bat bota du ikerlariak: “Etxea premuari ematen diote. Alabaina, dotea beste seme-alabari eman ohi diote hau ezkontzen denean...”. Laurent Durruti Buenaventura Durrutiren aitona zen. Zortzi haurrideen artean –guztiak Sarrigainean sortuak– zazpigarrena zen. Zergatik joan zen Leonera?: “Goseak edo ezin egonak bultzaturik. Misterioa”. Euskaldunak Ameriketara emigratu ohi ziren garai hartan.

Durruti abizena ezaguna da Leonen. Durruti enpresa elektriko bat dago han. Haren ondorengoarenak, naski; aurri-zorian dago orain. Leon hiriburua txikia zen orduan, 20.000 biztanlekoa. Klase eta langile borroka handia zegoen: “Laurent joan zenean larru-ontzailea zen. Josefina Malgor neska horren aitona ere hemendik nonbaitetik joana zen lanera Asturias aldera. Neska horren aita Navian (Asturias) ezkondu zen. Genealogia hori nobela bat idazteko modukoa da”. Durruti eta Malkorren ezkontzako lekukoa Jacques Eguiagaray da.

Ignacio, Santiago, Mariano...

Laurentek lau seme izan zituen, gutxienez. Gehiago ere izan daitezke. Santiago Anastasia Dumontekin ezkondu zen (Dominguez izena ipini zioten gero). Santiago pobrea zen, garaiko langileak bezala, borrokalaria, sozialista. Leonen sortua, bertan zendu zen 1931n.

Lorenzo Durruti Rabadan, Xabi Martinen birraitonaren anaia Cecilio Durruti Rabadan izan zen. Cecilio, 1912an sortua, Antolina Prieto Gutierrezkin ezkondu zen. Bien semea industrialaria izan zen: Ignacio Durruti Prieto. “Zure amonaren lehengusu hori 2011n zendu zen –Xabierrek diotso Xabiri–. Bada ere Maria Pilar Durruti Prieto izeneko andere bat, Getxon bizi dena (Areetan). Ignacio Durrutiren berri zehatzik ez dut aurkitu. Ez dakit ere Maria Pilar horrek –familiakoa baldin bada– ondorengorik baduenetz”. Xabierren bilatze lana gaitza izan da. Xabik esker oneko berbak besterik ez ditu berarentzat. 

“Laurenten semea, Ignacio, zaharrena, Buenaventuraren osaba, Facunda Rabadanekin ezkondu zen. Hainbat seme-alaba izan zituzten. Bonifacio horietako bat. Maisua, falangistek hila. Nik Lorenzo eta Cecilio izenak aurkitu nituen, baita Raquel ere. Raquel Durruty Bertolekin ezkondu zen. Raquel Durruti nire amona zen. Nire aita berriz, Javier Martin Durruti” dio Xabik.

Bertol futbol jokalari izan zen. Zarrarekin jokatu zuen Athleticen. Xabiren amama horren aitonarekin ezkondu zen. Martin abizena zuen: Juan Martin. Xabiren aita Javier Martin da: “Ni neu Martin Martin naiz. Nire ama ere Martin baita. Aitari esan nion erregistrora joateko eta amamaren lehenengo abizena  lehena jartzeko: Durruti. Durruti nire hirugarren abizena da”.

Xabi Martinek Durruti izena berreskuratu nahi du. Madrilera joan beharko du izapideak bideratzeko. Alabaina, bere arrebak ere prozesu bera bete behar du, bestela ezinezkoa izango zaio izena aldatzea: “Kontua da nire aita Javier ere badela. Aitak abizena aldatu du jadanik. Javier Durruti Martin bihurtu da eta ni ere hala izango naiz”.

Sarrigainea, Ixuribeherea eta Espertategia

Durrutiren bizitza nobela baterako baino, nobela da. Frantzian, Kuban eta Hego Amerikan ibili zen Espainiako gerra zibila hasi aurretik. Haren arbasoen etxaldeetara hurbildu gara Xabi eta Xabierrekin. Aiherrako Sarrigainea, Ixuribeherea eta Espertategian egon gara. Elosegik haien arbaso Buenaventura nor izan zen azaldu die kartsuki: “Anarkista eta aszeta izan zen, baita liburuen artean bizi ere. Anarkistak jende ikasiak ziren. Parisko emakume batekin ezkondu zen. Collette alaba ukan zuten. Bizitza ikaragarria izan zen eurena. 1936an hil zuten. Bartzelonan ehortzia izan zen, hiria kolapsatu zuten...”, kontatu die Hervé Parachou, Mizel Etcheberry eta Ttomas Darraidouren gurasoei: Aiherrako Sarrigainea, Ixuribeherea eta Espertategia etxaldeen nagusiak hurrenez hurren. Hauek harriduraz entzun diote Elosegiri.

Laurent Durruti Leonera joan zenean, Aiherran elebakarrak izango ote ziren aipatu dugu: “Bai, noski. Frantses eskola Jules Ferry-rekin uniformatu zen, 1870ean. Hezkuntza apaizen eskoletan zen ordura arte. Herritar xumeek sinadura egiten ez zekiten orduan”. 

Guk, anartean, zoria dugu gurekin, Hervé Parachou (Sarrigainea), Mizel Etcheberry (Ixuribeherea) eta Ttomas Darraidou (Espertategia) gazteak euskaldunak baitira. Graxien eta Gaxuxa Hervéren aita-ama dira. Hervéren aitona-amonak Jean Pierre eta Marie, birraitona Jean-Baptiste Parachou Durruti. Honen birraitona Dominique Durruti Ixuribeheretik Sarrigainera ezkondu zen.

Ixuribeherekoa Mizel Etcheberry gaztea da, hautetsi abertzalea Aiherran: “Durrutietako bat, hemen sortua, Sarrigaineko alaba batekin ezkondu eta hango nagusia bilakatu zen. Bi belaunaldi bizi izan ziren Sarrigainean”, azaldu die Elosegik Mizelen aita-amari. “Haren seme Laurent Espainiara joan zen berantago eta han ezkondu. Buenaventura Durruti famatua haren biloba izan zen. Iraultzailea. Honen (Xabi) amatxiren aitatxi Durruti famatuaren aitaren anaia zen...”. Etcheberrytarrek ahobete hortz behatzen diete Xabiri eta Xabierri.

Ixuribeheretik Espertategira joan gara. Bi etxaldeak elkarren ondoan daude. Abertzaleak dira hauek ere. Elosegik eta Martinek Durruti familiaren ibilbidea azaldu die Ttomasi, honen guraso eta osabari: “Durrutitarrak Sarrigainera heldu ziren Ixuribeheretik, baina, Durruti hura, gaur egun Espertategia izena duen etxalde honetara Lekorneko Soroeta etxaldetik heldu zen. Marie Londaitz (1745eko maiatzaren 15ean sortua) eta Dominique Durruti (1741eko uztailaren 3an sortua) ezkondu ziren etxe honetara.

Espainiar iraultzaile ospetsua

Buenaventura Durruti Leonen sortu zen 1896ko uztailaren 14an. XX. mende hastapeneko langile-borroketan aritu zen eta parte-hartze handia izan zuen 1936ko Gerran. Lehenik sozialista izan zen, baina gaztetan sozialistak utzi eta mugimendu anarkistaren ikurra bilakatu zen. Gerra hasi aitzinetik aitzindaria zen, eta are aitzindariagoa bilakatu zen 1936ko Gerran. Aragoi eskualdean hainbat gudutan garaile jalgi zen, eta iraultza anarkista antolatu zuen bereganatu zituen eremuetan: aberatsen lurrak laborariei emanez, dirua deuseztatuz, eta abar... Francoren aldekoak Madril erasotzekotan zirelarik hara joan zen zenbait mila soldadurekin. Madrilen hil zuten 1936ko azaroaren 20an.

Xabier Elosegi ikerlariak erran digunez, data harrigarria da azaroaren 20koa. Egun berean hil ziren, besteak beste, Jose Antonio Primo de Rivera, Buenaventura Durruti, Francisco Franco, Santi Brouard eta Josu Muguruza. Guztiak erailak, Franco salbu.

Xabier Elosegi ikerlariaren laguntzaz

Xabier Elosegi tolosarra anarkista iraultzailearen jatorriaren arrastoan murgildu zen buru-belarri, Xabi Martin gaztea Buenaventura Durruti bere arbasoaren jatorria bilatzen ari zela jakin zuenean. Xabi Ispasterren bizi da eta Xabier Baionan. Elosegi ikerlariak Aiherrako Sarrigainea, Ixuribeherea, Espertategia eta Lekorneko Soroeta etxaldeko bizilagunen zuhaitz genealogikoa sakon aztertu eta bederatzi belaunaldiren kronika osatu du: senideen eta etxaldeen izenak, jaiotzak eta heriotzak, ezkontzak...

“Durruti eta Malgor Iparraldeko deiturak dira. Horra non atzeman dudan Aiherrako ezkontzetan 1869-11-13ko agiri bat. Bertan erraten denez, larrugile eta aihertarra den 26 urteko Laurent Durruty (azken urtetan Leonen bizi dena), bere jaiotetxera etorririk, haren ezkontzaren transkripzioa egina izan dadin galdegiten du...”, idatzi zigun e-postaz Xabier Elosegik orain hilabete batzuk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-10-11 | Usurbilgo Noaua
1936ko gerraren oroimenean barneratzen laguntzen duen ibilbidea prest dute Usurbilen

"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.


Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garcia
“Harrotasun antifaxista, esker ona, poztasuna, amorrua… sentsazio gazi gozoak bizi ditugu prozesu honen amaieran”

Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.


Iruñeko Erorien Monumentua
Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu

Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]


2024-09-24 | Mondraberri
Faxistek fusilatutako arrasatearrak omenduko ditu irailaren 26ko ekitaldiak

88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.


Donostiako Polloe hilerriko gurutze frankista eraisteko eskatu du EH Bilduk

CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Garaileak esaten duenean amaitzen al da gerra bat?

Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Bego Ariznabarreta Orbea. Gerrarik ez
“Gure aurrekoek bizitako gerraren traumak eta sintomak ditugu oraindik”

Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]


Manuel Azcona 1936an hildako diputatu errepublikanoaren gorpuzkiak eman dizkiote familiari

Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.


Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Eguneraketa berriak daude