argia.eus
INPRIMATU
Biolina jotzen
Jakoba Errekondo 2014ko irailaren 03a
Brunothg-CC By SA

Biolina jotzen det. Biolin-jotzaile baino harpa-jotzaile hobea naiz, baina biolina dut bizibide. Uda beroa; beroak luze jotzen du. Guk jo eta berak jo. Uda partean dut nik pagotxa, kontzertu korda. Alferra, udan, lehenaz gain, harrotu egiten da, eta batzuek kontzertu batean edo bestean izana dela azaldu beharra daukate, ur gaineko bitsaren adierazle. Nire biolina entzutera inguratzen den askorentzat, bere doinua zuldar baten tankerakoa da. Sasoikoa, pasako da, eta kito. Bizibide ederra dena bizimodu petral bihurtzen dit, zenbaitek. Entzule lorontziez ahaztu beharra daukat, baldin eta goren jo nahi badut. Lorontziak balira datoz eta: “Parfum terralez” inguratuta, bitxien tintin eta dilin jariotan eta, egin ahalagatik, gilborra ezkutatu ezin dien soineko eta frak eta fraketan enbutituta.

Gaur Camille izango dut konpañero. Camille Saint-Saëns, bekatu eta jolas lagun. Nire ohaide piano-jotzaileak, haren Animalien inauteria jo nahiago luke, baina niretzat, nire biolinarentzat eta biolinaren niretzat, gaurko egitarauaren gailurra izango den Hil Dantza bezalako gutxi dago. Ehun eta berrogei urte dituen doinua... Klasikoetan klasikoena izan nahi zuena. Jotzen dudanero hildakoa jaiotzen dela irudikatzen duena.

Eta klasikorako klasikoa, biolina. Kutxaren gaina izeizkoa (Picea sp.) eta aldeak eta azpia astigarra (Acer sp.). Astigar berezko eskutokiaren gaineko diapasona ebanozkoa (Diospyros sp.). Hariei eusten dien zubitxoa ere astigarra. Hariak, jakina, ardi hestez eginak, doinu meheenen kantinoa izan ezik, hori urrezkoa. Horiei eusten dien zubipekoa palisandrozkoa (Dailbergia sp.). Zur berekoa da harien gainean dantzatuko dudan uztaia. Horren heldulekua ebanozkoa eta haria Mongoliako zaldien isatseko 187 zurda zuriz txirikordatua.

Eta frakaren ezker aldeko barruko patrikatxoan dudan kolofonioaren aldera karga sentitu gabe ezingo nintzateke orkestrara lotu. Hariak hariari heltzeko kolofonioa. Hestezko harientzat aproposena, bike gorrizkoa, itsas pinuaren (Pinus pinaster) negar zihotua.