argia.eus
INPRIMATU
Zuberoa

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2014ko uztailaren 28a

I have a dream. Iratzarrik egiten diren horietakoa izan da. Oka ibaiko ibilguan zehar, sei arraunlarik dihardute arraunean, indar betean, eta patroi eta gidari, Zuberoa, hamar urteko neskatila alai-beltzarana, begiak eztizkoak eta elurrezko irribarrea, ahots sendoz  eta irmoz aginduak ematen gazte segailei: “Bateraaa”. “Eroaaaan” “Arrauuuun”. “Atzeraaaa”. “Eskegiiii” “Hainkaaaak”. “Goazen goraaaa”. “Emon estriborreraaaa”. “Trinka baborreraaaa”. “Amaaaaituuuu”.

Hunkituta ikusi ditut arraunak uretan murgildu eta indarraren indarrez nerabeek aurrerantz egiteko erakutsi duten gaitasun eta kemena. Zazpiak batera, hamar urteko neskatila liderraren agindu adoretsuen zain, helmuga kokotaldean, itsu eta norakorik gabe joango bailiran. Baina aurrera begira tente, zutik, muga lerroa begien bistatik desbideratu barik, lemazaina: Zuberoa.

“Oi gure herria, zer hintzen eta non hago (…) zanpatua, itoa, zikiratua, ahuldua eta ohitua bortxara halabeharrez, ez ote duka jada kemenik, hire hatsa sendotzeko”. Benito Lertxundiren ahots igarlerekin batera, gogora etorri zaizkit, gero, gure politikarien diskurtso antzu eta negartiak; ekonomia zulo beltzera erori izanaren arrazoi obszenoak; Espainia eta Frantziarekiko gure menpekotasun jasanezina eta haien guganako jarrera larderiatsua: hezkuntza inposatua, osasungintza endekatua, kultura baztertua eta gure hizkuntzaren egoera tamalgarria.

Euskaldunok norbait garen plantak egiten dihardugu denbora gehiegiz. Eta izan ez gara inor. Eta izan bagara nor. Baina izate hori betiere inoren pentsura dago. Ez gaudelako bat eginda eta Europan erakutsi ezin dugulako gizarte masa trinkoa dagoela proiektu eskuragarri baten atzetik.
Eta nekatuta gaude negar egiteaz, eta gogaituta amorratuta egoteaz, eta nardatuta lortu ez izateaz eskuratu nahi dugun helburua.
Eta ametsetan jarraitu dut, Urdaibaiko paisaia bukoliko ederra aurrean, Zuberoaren agindu irmoak entzuten, eta irribarrea etorri zait ezpainetara, eta une labur batez otu zait, halaber, letoniarrak baino lehen, kataluniarren aurretik eta Gure Esku Dago proiektua gauzatu aitzin, izan direla gurean eskuak batu egiten dituzten saregileak, amaraun sare ehuleak, beharrezkoak direnak mapa historiko-politiko berria egituratzearren.

Amets kontsolagarria, hortaz, Zuberoarena: bide-erakusle, esku luze sendoen aitzindari, norabidea zein den agintzen. Bat eginda. Zazpiak bat.