argia.eus
INPRIMATU
Zakurraren biolina
Jakoba Errekondo 2014ko uztailaren 29a
Giovanne donna con un violino (Emakume gaztea biolinarekin), Orazio Gentileschiren (1563-1639) margolana.
Giovanne donna con un violino (Emakume gaztea biolinarekin), Orazio Gentileschiren (1563-1639) margolana.

Umeak ginela, txakurren bat azkura baretzeko edo arkakusoak haizea hartzera bidaltzeko hankarekin hazka egiten ikusten bagenuen, “gitarra jotzen” ari zela esaten genuen. Txakurrek, ez dakit, baina zakurren batek joko du biolina. Biolin-jotzaile zakurren bat izango dela, alegia.

Jotzeko, biolinaren harien gainean uztaia dantzatu behar. Dantzak dakar musika, edo soinua. Uztaiaren hagatxoa, garai batean, pernanbuko (Caesalpinia echinata) zurez egiten bazen ere, gaur egun beira edo karbono zuntzezkoak dira gehienak. Hagatxo horrek hari berezi bat tenkatzen du. Hari hori zaldien isatseko zurdaz osatzen da. Zaldiarena, garañoa edo zikiratua, baina beti zaldiarena. Behorraren isatsa txizaz bustitzen da eta zurda ahulagoa du. Luthierraren arabera, uztaiaren hariak 150 eta 200 zurda artean izango du. Biolina ez den beste tresnetarako zurda gehiagokoak ere hariltzen dira. Hari instrumentu-jotzaileen artean diotenez, zurda zuriek soinu “leunagoa” eta beltzek “gogorragoa” sortzen dute. Itxuraz, beltzak batik bat kontrabaxuetan erabiltzen dira. Merke-zurrean dabiltzanek hari sintetikoak erabiltzen dituzte, nylonezkoak...

Uztaiaren hariak eta biolinaren hariak, bien artekoa gozatzeko, dantza eztia moldatzeko, igurtzialdiaren dardara –dantza guziak duen dardara– emankorra izan dadin, kolofonioa behar dute. Horrek igurtzia, marruskadura areagotzen du, dantzan lotuagoan egiteko. Biolin-jotzailearen patrikan beti izango da kolofonioa.

Zer da kolofonioa? Batez ere koniferoetatik, batik bat pinuetatik (Pinus sp.) baina baita alertzeetatik (Larix sp.) eta izeietatik (Abies sp. eta Picea sp.) eta ganauskiatik edo ahuntzadarretik  ere (Pistacia terebinthus) eskuratutako erretxinetik sortzen da. Erretxina urtsua denean trementina deitzen zaio. Hura destilatuta sortzen da kolofonioa. Horrez gain makina bat gai sortzen da erretxinetatik: bikeak, uiak, break...