Erraiak: Danele Sarriugarte
Elkar, 2014
Liburu bati gerta dakiokeen okerrena oharkabean igarotzea bada, tarteka irribarrea piztu, tarteka deseroso sentiarazi, tarteka nork bere burua gorrotarazten duen Danele Sarriugarteren eleberriak ez du inor epel utziko.
Bakarrizketa bizian, bikote haustura batek asaldatutako emakume gazte obsesiboak gordintasun osoz disekzionatu eta deseraikitzen ditu bere giza harreman eta kontraesanak –erraiak, azken finean-, halako zorroztasunez non irakurlea ere bere buruari aitortu (nahi) ez dizkion egia horiekin parez pare jartzen duen. Protagonistak sexuaz, botere-harremanez eta jokabide bakoitzaren atzeko zergati ezkutuez egindako gogoetak ziztagarri dira, eta aldi berean iradokitzaile.
Esaldi korapilatsu sarkastikoek narratzailearen izaera eta kontakizunarekin bat egiten dute irakurketa batere trabatu gabe. Are, erritmo biziko bakarrizketak eta hitz errenkada bakoitzaren indarrak begiak paragrafo batetik bestera eramaten ditu ia nahigabe, kontakizunaren egitura ez-lineala konturatzeke jarraitzen den naturaltasun berarekin.
Irakurle bati gerta dakiokeen onena liburu berberak gozamena, pitzadurak eta galderak eragitea bada, Erraiak da uda honetan irakurri behar zenukeena.