argia.eus
INPRIMATU
Guda, haurraren prismatik
  • Zerua gainbehera dator: Lorenza Mazzetti.

    Igela, 2012

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2014ko uztailaren 29a

Fernando Rey eta Xabier Olarraren eskutik heldu zen Lorenza Mazzetti, 86 urteko zine-zuzendari eta idazle italiarra, Argiako orrialdeotara. Zerua gainbehera dator eleberri autobiografikoak adina, Igela argitaldariko kideei elkarrizketan esanak merezi dute arreta (http://www.argia.eus/argia-astekaria/2413/ lorenza-mazzetti). Bere larruan bizi izandako tragedien mapa osatzeaz batera, narrazioa testuinguruan kokatzeko balio duelako, liburua idaztearen zergatiak eta gakoak azaltzen dizkigulako.

Haurraren ikuspegitik osatua da narrazioa, eta horrek ematen dio indarra, grazia eta tentsioa nobelari. Txunditu egiten du sarri bi neska protagonisten imajinarioak eta dotrinan ikasitakoari ematen dioten balioak. Baita maitasuna tengabe aipatu beharrak eta jendea horren arabera mailakatzeak ere.

Egileak berak esana, bere buruaz beste egitetik libratu zuen Zerua gainbehera dator idazteak. Emaitzak, ordea, terapiatik harago eraman zuen idazlea. Literarioki laudatua, Federico Fellini zine-zuzendariak, esaterako, gerraz sekula irakurritako libururik dibertigarriena zela aipatu zuen. Ororen gainetik, faxismoaren eta integrismo erlijiosoaren kontrako salaketa dela esan liteke.