argia.eus
INPRIMATU
Euskalduna eta zoriontsua
  • Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza bidaia: Karmelo Ayesta.

    Utriusque Vasconiae, 2013

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko uztailaren 29a

Karmelo Ayestak euskaraz bizi nahi du, eta zoriontsu. Ez dio erraza denik, adituei entzun, irakurri eta egunerokoan praktikatu du. Liburuan igar daitekeenez lortu du hizkuntza ohiturak aldatzea eta pozik dagoela nabari da. Badaki egoera soziolinguistikoak euskararen erabilera baldintzatzen duela, baina nahiago du sinestea gizaki libreak garela eta norberak erabakitzen duela hizkuntza ohiturak aldatu ala ez. Ayestaren ustez, euskaldun asko erantzukizuna, ardura eta ahalmena alboratzen ari dira, euskaraz aritzeko energia agortzen ari da.

Urte luzetan egindako bidaia linguistiko-psikologikoa kontatzen digu liburuan eta euskaldun izatea erabaki dutenei eta erabaki nahiko luketenei bide hori nola egin dezaketen proposatzen die. Bere ustez, euskaldun bilakatzeko bidea, eta esate baterako, kirolari bihurtzekoa eta erretzeari uztekoa ez dira hain desberdinak.

Ohitura aldaketarako erremintak aurkituko ditu irakurleak liburuan, baita eguneroko hizkuntza harremanetan bizi izan dituen egoera ugari ere. Bada oporretan irakurtzeko liburua; Ayesta ez da euskaraz aritzeko trabak baino aurkitzen ez dituen euskaldun amorratua eta etsitua, indartsu eta pozik bizi den euskaldun konbentzitua baizik.